Hilotzez beteta daude bideak
IOM Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak jakinarazi du zeharkaldietan 60.000 errefuxiatu hil direla hogei urte hauetan. Bakarrik datoz Mediterraneotik etortzen diren hamar haurretik bederatzi
Berria, , 15-06-2016Etxea eta jaioterria atzean utzi, gerragatik edo miseriagatik, eta babes bila edo etorkizun duinago eta oparoago baten bila, abiatzen diren iheslari askok eta askok heriotza aurkitzen dute zeharkaldian, itsasoan edo lehorrean. IOM Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak jakinarazi du hogei urte hauetan 60.000 lagun hil direla zeharkaldi horietan: batez beste, 3.000 urtean, 250 hilabetean, zortzi egunean. Egunero. Hilero. Urtero. Frank Laczko IOMeko Datuen Analisirako Zentroko zuzendariak zehaztu du «kalkulu kontserbadorea» dela aipatutako hori:«Errealitatea ankerragoa da; izan ere, biktima asko itsasoan edo bideetan desagertzen dira betirako, inoiz ez dira aurkitzen gorpuzkiak; hortaz, ez dira estatistiketan sartzen».
Nazioarteko erakundeak argitaratutako txostena azken hogei urteei buruzkoa da, 1996-2016ko epeari dagokiona, baina agerian utzi du gero eta gehiago hiltzen direla bidean. 2015ean, esaterako, 5.400 lagun hil ziren zeharkaldietan. Eta aurtengo joerari erreparatuta, marka guztiak hautsiko dira: 2016a hasi zenetik 3.400 errefuxiatu geratu dira bidean, %80 Mediterraneoan.
Toki arriskutsua da Mediterraneoa. Afrika eta Italia itsasoz lotzen dituen itsasbidea da arriskutsuena. Ontzi ugari hondoratzen dira han, eta gorpuak identifikatu gabe geratzen dira itsas hondoan. 2015ean, Mediterraneoan ito ziren gorpuzkien erdiak baino ez zituzten berreskuratu.
Mexikoko eta Ameriketako Estatu Batuen arteko mugan dago beste toki arriskutsu bat. 2015ean, 2.700 iheslari desagertu ziren han. Giza Eskubideen Colibri Zentroak jasotako datuak dira.
Desertuko zeharkaldia
Saharako basamortuko zeharkaldia ere latza da. Desertua hilotzez beteta dagoela diote handik pasatu diren iheslariek. Eta zeharkaldia egiteko zain dauden lagunak, hala ere, asko dira. Sahelen ia milioi bat lagun daude iparralderako bideari ekiteko zain; Senegalen, Mauritanian, Malin, Aljerian, Nigerren, Txaden, Sudanen eta Eritrean.
Libia dute lehen helmuga horietako askok, baina, panorama krudela aurkituko dute han. Amnesty Internationalek ohartarazi du zer-nolako tratua ematen zaien herrialde horretan dauden iheslariei: «Dar-dar egiteko modukoa da». Magdalena Mughrabi AIko Afrika Iparralderako zuzendari ondokoak zehaztu du babesa jaso beharrean, torturak eta tratu txarrak pairatzen dituztela: «Europak agerian utzi du prest dagoela giza eskubide larriak egiten dituztenekin ere akordioak egiteko errefuxiatu eta immigranteen etorrera saihesteko bada». Libiarekin duen ituna bertan behera uzteko eskatu dio AIk EBri. Libiako kostazainei egin die erreferentzia AIk. Baina baita atxilotze guneei ere, eta batasun gobernuaren eskuetan egon beharrean talde armatuen eskuetan daudela ohartarazi.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera errefuxiatuentzako 24 atxilotze gune daude egun Libian. Maiatzaren 22tik 28ra 3.500 lagun atzeman zituzten kostazainek, eta zentro horietara eraman. Libian, 235.000 errefuxiatu daude itsasoa gurutzatu zain.
Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak emandako datuak ere kezkagarriak dira: Mediterraneotik Europara sartu diren hamar umetik bederatzik bakarrik egin dute bidea. Maiatzera arte, 7.009 haurrek egin dute zeharkaldi hori bakar-bakarrik; gehienak, 15 eta 17 urte bitartekoak. Arriskua bidearen urrats bakoitzean txostena argitaratu du erakundeak.
(Puede haber caducado)