Errefuxiatuen etorrera eteteko, 8.000 milioi euro jarriko ditu Europak

Europako Batasunak Afrikako herrialdeetarako erabiliko du funtsa, eta «immigrazio ilegala» saihestea izango du xede. Elkarlanerako prest ez dauden estatuak zigortzeko mehatxua egin du Bruselak

Berria, Ander Gartzia Badiola, 08-06-2016

Errefuxiatuen krisia piztu zenetik, Europako Batasuna irtenbidea aurkitu ezinik dabil. Ankararekin joan den martxoan eginiko akordioak ere bete gabe jarraitzen du: Europako Batasuneko kideek beren herrialdeetan hartu beharko lituzketen errefuxiatuen %1i baino ez dizkiete ateak zabaldu. Atzo elkartasunerako esparru berria aurkeztu zion Europako Batzordeak europarlamentuari, Estrasburgon, migrazioa ardatz izango duena. Bruselak kooperazioa sustatu nahi du Afrika iparraldeko estatuekin, «immigrazio ilegala» eten eta iheslarien etorrera gelditzeko, eta, horretarako, 8.000 milioi euro jarriko ditu datozen bost urteetan. Esparru berrian, gainera, akordioak landuko ditu iheslarien jatorrizko estatuekin eta Mediterraneora bidean iheslariek igarotzen dituzten herrialdeekin. Hala, planak «neurrira eginda» egongo direla iragarri du Frans Timmermans batzordeko lehen lehendakariordeak: «Luze gabe, akordioak sinatuko ditugu Jordania eta Libanorekin, eta urratsak egingo ditugu etorkizunean Niger, Nigeria, Mali eta Etiopiarekin». Bruselak baditu planak Libiarako eta Tunisiarako, eta horiek sendotu egin nahi ditu. «Itsasotik biziak salbatzea da lehentasuna», dio Europako Batzordeak plazaratutako testuan.

Lankidetza horrek, halere, bi aurpegi izango ditu, «pizgarri positiboak eta negatiboak» uztartuko baititu. Alde batetik, laguntza eskainiko die Bruselak garabidean diren herrialdeei, beren egoera hobetzeko eta beren mugak eta itsas salbamenduko patruilak kudeatzeko. Baina, bestetik, mehatxu egin die laguntzeko prest ez dauden estatuei: Bruselak bermatu egin nahi du lankidetzari uko egiten dieten herrialdeek «ondorioak izango dituztela», zigorren bidez.

«Milioika pertsona ari dira munduan barrena mugitzen, eta herritarren mugimendu horiek kudeatzeko modu bakarra da modu globalean eta elkarlanean aritzea. Gure eginbidea eta gure interesa da pertsonei aukerak eta baliabideak ematea, bizitza duina eta segurua izan dezaten», adierazi zuen Federica Mogherini Europa Batzordeko lehendakariorde eta goi mandatariak.

Bien bitartean, gero eta gehiago dira beren herrietatik ihesi doazen errefuxiatuak: errefuxiatuei laguntzeko NBEren agentziak jakinarazi du azken egunetan 50.000 nigertarrek egin behar izan dutela alde etxetik Boko Haram talde jihadistaren indarkeriaren eraginez.

«Legezko bideak» sortu

Europako Batzordeak aurkeztutako neurri berrien artean, «legezko bideak» sortzeko konpromisoa erakutsi du batzordeak. Uste du bide horiek beharrezkoak direla iheslariei ibilbide arriskutsuetatik joateko asmoa kentzeko. Iheslariei harrera humanitarioa egiteko baliabideak ere indartuko dituela nabarmendu du, iheslariak «jatorrizko herrialdeetatik gertu egon daitezen». Hori lortzeko asmoz, Europako Batasunak birkokatze sistema berri bat bultzatuko du, mundu mailakoa, eta NBEren babesa izango du. «Xedea bidezko banaketa egitea eta bidaia irregularrak saihestea da. Sistema berri baten hurrengo proposamenak EBren konpromiso zuzena sendotuko du», zioen idatziak.

Proposamenak bat egin du Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri Ministroak botatako mehatxuekin. Ankarak Bruselarekin sinatutako akordioa bertan behera utziko duela azaldu du, baldin eta turkiarrek batasunean barrena bisarik gabe bidaiatzeko akordioa ixten ez bada.

Bestalde, epe laburrean, Afrikarako Funts Fiduziarioa indartuko du batzordeak, mila milioi euro gehiagorekin. Erdia, Europako Garapenerako Funtsetik jasoko du; gainontzekoa, estatu kideen bitartez. Epe luzera, batzordeak proposatu du sakonean berrikustea garapenerako kooperazio tradizionalen irizpidea. Hala, aurtengo udazkenean, proposamena aurkeztuko du funts berria sortu eta «garapen bideko herrialdeetan inbertsioak mobilizatzeko».

Era berean, Europako Batasunean modu ilegalean sartu den atzerritarra ezin izango da kartzelara atxilo eraman itzulerako prozedura abiarazi aurretik. Hala, azaldu du EBko Auzitegi Judizialak atzo emandako epai batean, uste baitu itzulera prozesua atzeratu egin daitekeela.

Kopenhagek, bestalde, gogortu egin nahi dizkie baldintzak Danimarkan edo beste herrialde batean delituak egiteagatik babesa ukatu dieten atzerritarrei. Ez dituzte deportatuko haien jatorrizko herrialdeetan torturatuak izateko arriskua badute. Horregatik, gobernuak proposatu du ehunka preso Jutlandia penintsulako zentro batera eramatea. Honezkero, Danimarkako Alderdi Popular ultranazionalistak eta oposizioko alderdi sozialdemokratak baieztatu dute parlamentuan babestu egingo dutela plana.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)