Astebetean, 12.000 iheslari erreskatatu ditu Italiak Mediterraneo itsasoan

Hiru egunean, Libiatik ateratako hiru ontzi hondoratu, eta 70 lagun hil dira. Kostazainek 668 lagun erreskatatu dituzte egun bakarrean

Berria, , 29-05-2016

Italiak atzo arratsaldean eman zuen bukatutzat herenegun arratsean Mediterraneoan iheslarien itsasontzi bat hondoratu ondoren hasitako bilaketa operazioa. Kostazainek 45 gorpu atera dituzte itsasotik, eta beste 135 errefuxiatu bizirik ateratzea lortu zuten. Hiru egunean izandako hirugarren hondoratzea izan da, eta gutxienez 70 lagun hil dira. Denera, Italiako kostazainek 12.000 lagun erreskatatu dituzte Mediterraneoan, soilik astebetean. Guztiak Libiatik ateratako ontzietan zihoazen.

Herenegun arratsean, Italiako itsas armadak hondoratzen ari zen ontzi bat atzeman zuen Libiako kostatik milia gutxi batzuetara. Iturri horren arabera, berehala hurbildu, eta jada uretan zeuden lagunak salbatu zituzten; denera, 135. Beste 45 hil egin ziren. Italiako kostazainek beste hamasei operazio egin zituzten egun berean, eta guztira 1.900 lagun erreskatatu zituzten. Ostiraleko hondoratzearen inguruko bilaketa operazioak atzo bukatu zituzten, baina atzo gutxienez beste lau erreskateren berri eman zuen Italiak; guztira, 668 iheslari erreskatatu zituzten ontzietatik. Operazio denak Siziliako kanalean egin zituzten, Tunisiaren eta Italiako Sizilia uhartearen artean.

Zeharkaldiak, ugaritzen

Soilik astebetean 12.000 lagun erreskatatu dituzte inguru berean, eta egun gutxian hiru hondoratzeren berri eman dute. Libiatik gero eta ontzi gehiago atera dira azken egunotan, eta joera hori mantenduko dela dirudi, hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, azken urteotan iheslariek Europara iristeko erabilitako ohiko bideetako bat izan da Libiatik Italiaranzko zeharkaldia, ontzien segurtasunik ezagatik eta itsasoan egin beharreko distantziagatik oso arriskutsua den arren. Uda hurbiltzean eguraldiaren eta itsasoaren egoera hobetu ohi denez, zeharkaldiak egiteko saiakerak ugaritu ohi dira.

Bestalde, Europako Batasunak hartutako azken neurriek Libiakoa bilakatu dute orain erreferentziazko bide. Balkanetako bidea itxi zuten lehenik, errefuxiatuak Europa iparraldera irits ez zitezen, eta, Turkiarekin akordioa egin ondoren, Egeo itsasoko zeharkaldiak ere zeharo murriztu dira. Horrekin batera, beraz, tragediak ugaritu dira. Joan den hilean, adibidez, gutxienez 700 iheslari hil ziren hiru egunen buruan bi ontzi hondoratuta. IOM Nazioarteko Migrazioen Erakundearen eta nazioarteko beste erakunde batzuen arabera, mila baino gehiago dira zeharkaldietan hildakoak; Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2014tik 8.600 baino gehiago. Itsasoan galdutakoen kopuru zehatza jakitea, ordea, ezinezkoa da.

Hain zuzen, Italiako herri batek bere burua eskaini du Mediterraneoan hildako errefuxiatuentzat hilerri bat eraikitzeko. «Gure lurraldearen zati bat eskaintzea biktima horiek lurperatzeko gizatasun ekintza handi bat dela iruditzen zaigu», adierazi dio Roberto Amerusa Tarsiako alkateak Al-Jazeera kateari. Hegoaldeko Calabria eskualdean dago Tarsia, eta 2.000 biztanle dauzka. Naziek eraikitako kontzentrazio esparru bat zegoen herri horretan, eta, Amerusaren arabera, tarsiarrek «elkartasun kontzientzia bat» garatu dute horregatik. «Errefuxiatuen bizipenek historia hura orainaldira ekarri dute».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)