Garrasi bat Europari Mediterraneotik
Errefuxiatuz betetako ontziak hondoa jo, eta gutxienez 20 lagun hil dira Siziliako kanalean, Libiatik gertu. Hogeita bi operaziotan 4.000 lagun erreskatatu dituzte; 10.000 azken lau egunetan
Berria, , 27-05-2016Favour du izena Lampedusa uhartera (Italia) bakarrik iritsi den bederatzi hilabeteko haurrak. Herenegun hil zitzaion ama, beste 150 iheslarirekin batera pneumatikozko ontziak oreka galdu eta buelta eman ostean. Txalupan zihoazen iheslariek alde berera egin zuten, urrunean salbamendu talde bat ikusi zutenean, eta, kontrapisurik gabe, ontzia irauli egin zen. Italiako hedabideek errefuxiatuen tragediaren sinboloetako bat bihurtu dute Maliko haurra, hain justu, gerratik eta behar gorritik txalupetan ihesi doazen iheslarien kopurua Mediterraneoan goraka egiten ari denean.
Atzo bertan, Europako Batasuneko Eunavfor erakundeko salbamendu taldeek, Espainiako armadak eta Italiako kostazainek hogeita bi erreskate operaziotan parte hartu zuten, eta 4.000 iheslari inguru erreskatatu zituzten Siziliako kanalean. Halere, dozenaka lagun desagertu ziren itsasoan, eta, MSF Mugarik Gabeko Medikuen arabera, gutxienez hogei lagun hil ziren Libiatik ateratako ontzi batek hondoa jo ostean. Etengabeko déjà vu da. Herenegun, handik gertu, Italiako itsas armadak onik atera zituen beste 562 iheslari. Gutxienez, bost lagun ito ziren, baina hildako kopurua handiagoa izan daiteke. Oraindik ere ehun lagun desagertuta daudela azaldu zioten bizirik atera ziren errefuxiatuek IOM Nazioarteko Migrazioen Erakundeari. Azken lau egunetan bakarrik 10.000 iheslari erreskatatu dituzte Siziliako kanalean.
Hori da Europarako biderik arriskutsuena, Mediterraneoko ibilbide zentrala ere deitua. Han hil dira aurten 988 iheslari; 376 Egeo itsasoan; eta sei mendebaldeko ibilbidean, Gibraltarko itsasartean. Gurutzatzen saiatzen diren gehienak nigeriarrak, gambiarrak, somaliarrak, bolikostarrak eta eritrearrak dira. Iazko datuekin alderatuz gero, Mediterraneo itsasotik Europara iristen diren ontzien kopurua jaitsi egin da: 153.842tik 37.785era. Tragediek, ordea, ez dute etenik. Joan den apirilaren 18an, esaterako, 200 somaliar hil ziren Egiptotik itsasoratu ostean. Bi egun geroago, berriz, trafikatzaileek gainezka zegoen ontzi batera eraman zituzten beste ontzi bateko 100 errefuxiatu, eta, pisuari ezin eutsirik, Libia eta Italia arteko puntu batean hondoratu zen ontzia. 500 bat iheslari hil ziren.
Gainerako bideak, itxita
Gero eta errefuxiatu gehiago dira ibilbide arriskutsuenetik jotzen dutenak. Ez bakarrik eguraldi hobeak dakartzalako udak. Ez dute beste erremediorik. Lehendabizi Balkanetako ibilbidea itxi zuten; ondoren, Mazedoniak Greziarekin duen muga zarratu zuen; eta, azkenik, EB Europako Batasunak Turkiarekin sinatutako akordioaren ondotik, Egeo itsasoko bidea itxi dute. Oxfam Intermon Erakundeak uste du 600.000 iheslari leudekeela Libia mendebaldeko kostan Mediterraneoa gurutzatzeko prest. Itxaronaldia, gainera, ez da xamurra. Erakundeak Filsim 22 urteko somaliarraren testigantza jaso du txosten batean. Libiara iritsi zenean, trafikatzaileek beste hemeretzi lagunekin batera bahitu zuten. «Jipoitu egiten gintuzten, dibertitzeko. Berreskuratze saria ordaindu behar izan genuen: 715 euro. Familiari eskatu behar izan nion», kontatu du. Italiarako bidaia egiteko beste 900 euro ordaindu behar izan zizkien trafikatzaileei. Europara iritsi nahi duten errefuxiatu kopurua gero eta handiagoa da, eta trafikatzaileak bestelako ibilbideak antolatzen ari dira, salatu du CIR Errefuxiatuentzako Italiako Batzordeak.
«Denbora asko da ez genituena ikusten hainbeste siriar Italiara iristen itsasoz. Are gutxiago hainbeste eta hainbeste. Gauza berria da, eta asko haurrekin datoz», nabarmendu zuen duela bi aste UNHCR Iheslarientzako NBEren Agentziako ordezkari Carlotta Samik. Orduko hartan Italiako kostazainek 801 errefuxiatu erreskatatu zituzten urperatutako bi ontzitatik.
Egunak joan eta egunak etorri, gero eta hilobi handiagoa ari da bihurtzen Mediterraneoa. Errefuxiatuen krisiaz geroztik, Europako Batasunak itsasoko kontrolak zorrozteko operazioa jarri du martxan, Frontex, baina ez dauka inolako lantalde espezifikorik zuzenduta errefuxiatuen erreskaterako.
State Watch erakundeak plazaratutako ikerketaren arabera, Frontexek txosten batean baliabideen eskasiak dakarren arriskuaz ohartarazi zuen Brusela: «Itsas baliabideak eremutik ateratzen badira eta ez bada prozesua behar den moduan azaltzen eta aurretiaz abisatzen, hildakoak askoz gehiago izan daitezke».
MSFk Europako Batasuna jo du erantzuletzat, ez baitzuen babestu Mare Nostrumi jarraipena ematea. Lampedusako hondamendiaren ondotik —800 iheslari hil ziren 2014an—, Italiako Gobernuak abiarazitako operazioa izan zen Mare Nostrum, itsas armadako ontziekin Mediterraneoko urak zaintzeko. MSFk uste du egoera bestelakoa litzatekeela EBk martxan jarriko balitu arakatze lanetarako hegazkinak, sateliteak eta bestelako baliabideak. Atzo hondoratutako ontzia, esaterako, Luxenburgoko hegazkin militar batek ikusi zuen.
(Puede haber caducado)