GIZA KRISIA. ISTANBULGO NBEREN GOI BILERA
Etorkizun beltza zuritzeko errezetak
Erdoganek, hau da, errepresioa erabiltzeagatik ezagun egiten ari den Turkiako presidenteak jarri du etxea, Istanbulen, munduak duen giza krisiari buruzko NBEren goi bilera hartzeko; ez dute hitzez besteko konpromisorik hartu.
Berria, , 25-05-2016Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak egin ditu ohoreak, Istanbulen: 180 ordezkariri jatekoa eta edatekoa eman die, eskua eman diote elkarri, eta argazkia atera dute. Nazio Batuen Erakundeak antolatu duen munduko giza krisiari buruzko bilera da agertokia, eta eguna, atzokoa, Polizia Europako Batasunaren onespenarekin Idomeniko kanpalekua husten hasi den egun hori. Kazetariak eta boluntarioak ez dute sartzerik izan Idomenin, gertatutakoak arrastorik utz ez dezan, baina Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren eta Erdoganen argazkiak iritsi dira berri agentzietara. Zinismo hitzarekin laburbil daiteke, besteak beste, Mugarik Gabeko Medikuek salatu duten jarrera.
Protesta gisara ez dira joan bilerara, eta agiri batean azaldu dute zergatia: «Mundua 60 milioi errefuxiaturen aurrean dago, eta ostikoka tratatzen dituzte haien eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenak sinatu dituzten herrialdeek». NBEk maila goreneko lau larrialdi eremu ditu ezarriak: Siria, Yemen, Irak eta Hego Sudan, baina «ez dira gai erabateko ankerkeria duten gerra horiei irtenbidea jartzeko».
Gerrek eta natura hondamendiek eragiten duten giza tragediari aurre egiteko moduak eztabaidatzeko beharra dagoela uste du, berriz, NBEk. Horretarako aritu dira bi urtean Ban ki-Moon NBEko idazkari nagusiak deritzon «historiako giza krisiari buruzko lehen goi bilera» prestatzen. NBEko ordezkariez gain, estatuetakoak eta gobernuz kanpoko hainbat erakundetakoak ere elkartu dira Turkian. Asmo onak azaldu dituzte, baina edukiz hutsak, hartutako konpromisoak ez dira-eta bete beharrekoak.
Merkelek goi bilera baliatu du Erdoganekin hitz egiteko, Europako Batasunak Turkiarekin errefuxiatuei buruz duen hitzarmenaz. Turkiaren legeen hainbat aldaketa eskatzen ditu akordioak, besteak beste, terrorismoaren kontrako legeak. «Kezka» handia du Merkelek Erdoganek bere etxean darabilen politikari buruz, baina errefuxiatuak Europako mugetatik kanpo mantentzearen truke harrapatuta dauka turkiarrak. Merkelek etxeko politika dioenean, Turkiako Legebiltzarrean kurduen ordezkariei immunitatea kendu izanaz ari da, kartzelara ez joateko zeukaten bermea, eta kazetarien jazarpena eta espetxeratzea ere ez zaizkio ongi iruditzen, baina Istanbulen ez du biktimekin bilerarik egin. Erdogan kurduak hiltzen ari da Ipar Kurdistanen tankeak erabiliz, eta etxeratze aginduak setiatuta hiltzen ari dira gosez eta egarriz, baina hori ez da goi bilera horrek hartzen duen krisian sartzen. Ez da krisi bat.
Errefuxiatuena bai da krisia, Europako estatuei zipriztintzen dien aldetik, baina «giza» hitza galdu egiten da haiei buruz hitz egiten dutenean. NBEk ohartarazi du gerren ihesaldian bide seguruak behar dituztela migra dezaten, eta nazioarteak konpromisoa hartu behar duela herriek beren mugetan har ditzaten; asilo eskubidearen konpromisoa ere berretsi behar dute, eta asilo eskatzaileak ez itzularaztekoa, baina errefuxiatuak Greziatik Turkiara kanporatzea NBEk egiten dituen ohartarazpen guztiekin egiten du talka, baita Europa harresiz josteak ere, sar ez daitezen.
Paula San Pedrok NBEren izenean dioenez, «EB-Turkia hitzarmenak aurrekari arriskutsu bat sortu du gainera. Europak egin duenak eragin zuzena dauka mundu osoko milaka errefuxiaturengan». Kenyan gertatu dena da adierazpen horren isla: 600.000 pertsona baino gehiago bizi diren bi eremu ixteko erabakia hartu du, eta itxiera zuritzeko erabili duen argudioa Europako Batasunaren jarrera izan da.
Legearen berrikusketa
Nazioarteko Eskubide Humanitarioa berrikustea izan da goi bileraren puntu garrantzitsuetako bat, izan ere, beste garai bateko forma zuten gatazkei erantzuteko sortu baitzen. Horrez gainera, ospitaleen kontrako erasoen gisakoak babestea barneratzen du legediak, baina gerra eremuetako ospitaleen kontrako bonbardaketak albiste izaten ari dira. Mugarik Gabeko Medikuek salatu dutenez, «hainbat gobernu daude horien atzean»; tartean, giza tragediak amaitzeko konpromisoa hartzen dutenak.
(Puede haber caducado)