GIZA KRISIA. GREZIAKO IDOMENI KANPALEKUAREN HUSTEA
Europaren porrotaren ikurra
Greziako Polizia hasia da Idomeniko kanpalekua husten. Beste atxikitze zentro batzuetara eraman dituzte 2.000 pertsona. Gainerako 6.500 iheslariak egun hauetan lekualdatzea aurreikusten dute
Berria, , 25-05-2016Amaitu da Idomeni. Europa aberatserako atea izan da Greziaren eta Mazedoniaren mugaldeko igarobidea errefuxiatuentzat, orain bi hilabete arte, behintzat. Kontinenterako zeharkalditik onik atera eta Greziara ailegatu ahal izan diren ehunka mila errefuxiatuk iparralderantz oinez egiteko erabilitako bidea izan da. Europaren asilo eta migrazio politiken hutsegitearen ikur bilakatu zen, ordea, Mazedoniako Gobernuak muga itxi eta kanpaleku erraldoi bihurtu zenean. Ordutik, gutxienez, 8.500 iheslarik iraun dute kanpin dendetan, baldintza kaskarretan. 14.000 ere izan dira han, Europak errefuxiatuen krisia kudeatzeko ezintasunaren adierazgarri. Atzo hasi zen Greziako Polizia kanpalekua husten; eraiki berri dituzten atxikitze zentroetara eraman dituzte 2.031 pertsona, 42 autobusetan.
Goizean goizetik, poliziaz gainezka esnatu da Idomeni. «Gaua lasai pasatu dugu, baina goizean hasi da iristen liskarren aurkako Polizia», adierazi dio BERRIAri Marianna Karakulaki Greziako kazetariak. Berriemaileei eta boluntarioei bidea itxi diete; Greziako hedabide publikoak izan dira kanpalekuan baimendutako bakarrak. Halere, zenbait kazetarik errefuxiatuekin pasatu dute gaua, eta bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte kaleratzeak. «Oso lasaia izan da; autobusei itxaron diete errefuxiatuek, eta ez da liskarrik egon». Kanpalekuaren sarreran izan dira tentsio une bakarrak, hainbat ekintzailek protesta egin eta Poliziak haiek inguratzean.
Laurehun poliziak lagunduta, errefuxiatuek beren jabetza urriak hartu dituzte bizkarrean, eta ilaran jarri dira autobusei itxaroteko. Autobusen sartu-irtena etengabea izan da; bete ahala, kanpalekutik irten dira, hutsak sartzeko.
Dendaz denda egiaztatu dute segurtasun indarrek hutsak zeudela, eta, gero, hondeamakinek suntsitu dute alde egitea onartu duten errefuxiatuen bizitokia izandakoa. Greziako Gobernuak gunea hamar egunean hustea aurreikusi du. «Ez dut uste iheslariek arazorik jarriko dutenik. Badakite Idomeni bukatu dela. Hitz egin dudan errefuxiatu guztiak alde egiteko prest daude. Ez dute beste aukerarik», adierazi du Karakulakik.
Igor Goikoelea BERRIAko kolaboratzailea orain aste batzuk izan zen Idomenin, eta hango hainbat errefuxiaturekin hitz egin zuen atzo. «Aspaldi ari ziren errefuxiatuei alde egiteko gonbita egiten; haizeteak edo eguraldi kaskarrak aprobetxatzen zituzten». Egunotan, eguraldi petrala izan dute Idomenin. «Familia batzuk sakabanatu egin dituzte. Nik hitz egin dudan errefuxiatu siriarrak ere beldur ziren, ez zekitelako elkarrekin lekualdatuko ote zituzten». Izan ere, nahasmena da nagusi Idomenin. «Ez dakite nora eramango dituzten, zenbat denborarako… Ez dakite ezer».
Kanpaleku militarizatuak
Kanpaleku militarizatuetara eraman dituzte atzo kanporatutako errefuxiatuak, Tesalonika ingurura, Derveni eta Sinos herrietara. Guztira, gobernuak zazpi kanpaleku ireki ditu Idomeniko iheslariak jasotzeko. «Kanpaleku horietan, askoz ere errazagoa dute iheslariak kontrolatzea, ondoren deportatzeko edo», esan du Goikoeleak. Giza eskubideen erakundeek salatu dutenez, kanpaleku berri horiek ez dituzte betetzen oinarrizko baldintzak.
Izan ere, gutxienez, 4.000 dira kanpalekuan dauden haurrak, eta Save The Childrenek kezka agertu du horien beharrak kontuan hartuko ote dituzten. «Prozesu hori kudeatzen dutenek kontuan hartu behar dituzte familia bakoitzaren ezaugarriak, eta ez da erraza horrelako lekualdatze masibo batean», ohartarazi du erakundeak.
Azken hilabeteetan ere saiatu da gobernua errefuxiatuak konbentzitzen beste zentroetara joan daitezen; igandean, 400 bat lagunek utzi zuten kanpalekua. Azken asteetan, 2.500 atera dira handik. Ez dugu helburu finkorik. Gure nahia da egunean ahalik eta jende gehien lekualdatzea», adierazi du Giorgos Kyritsis gobernuko Errefuxiatu Gaietarako bozeramaileak.
Siriakoak, Irakekoak eta Afganistangoak dira Idomeniko iheslari gehienak, martxoan EB-Turkia ituna ezarri aurretik iritsitakoak. Hilabeteak eman dituzte zelai horretan, euri jasak eragindako lokatz artean. Gobernuak garbitzaileak bidali eta komunak ezarri arren, oso prekarioak dira kanpalekuko bizi baldintzak.
(Puede haber caducado)