32 errefuxiatu iritsiko dira Euskal Herrira datozen egunetan

Bihar bertan heltzekoak dira lehenak Gipuzkoara. 32 errefuxiatuetatik zortzi adingabeak dira.

Berria, Garikoitz Goikoetxea, 25-05-2016

Datozen egunetan 32 errefuxiatu iritsiko dira Euskal Herrira, Europako Batasunak ezarritako kuoten haritik. BERRIAk goizean aurreratu du albistea, eta Espainiako Gobernuak bazkalondoan eman ditu datu zehatzak. Hona, egunez egun, nola iritsiko diren:
1. Maiatzak 25. Eritreako bederatzi errefuxiatu Gipuzkoara heltzekoak dira. Italiatik datoz. Denak gizon helduak dira.

2. Maiatzak 30. Astelehenean iristekoak dira zortzi errefuxiatu, denak Siriakoak. Gipuzkoara sei bidaliko dituzte, eta Arabara, hiru. Hiru adingabe, hiru emakume eta hiru gizon dira.

3. Ekainak 1. Hamalau iheslari iritsiko dira asteartean; Siriakoak bederatzi dira, eta bost, Irakekoak. Bost adingabe, sei gizon eta hiru emakume.

Espainiako Barne Ministerioak eman die informazio hori bi gobernuei. Datozen asteetan ere gehiago iristen joango direla aurreratu du, gainera.

Europako Batasunaren programaren barruan iritsiko dira errefuxiatu horiek. Nolanahi ere, ez dira Euskal Herrira heldu diren bakarrak. Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburuak azaldu du gaur-gaurkoz 200 errefuxiatu daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gehienak Ceutatik eta Melillatik iritsi dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)