Ultrak, gobernu atarian
Berria, , 24-05-2016Arnasa hartu dute analista eta agintari gehienek, lehia estuaren ostean, azkenean, Alexander Van der Bellen hautagai ekologista, ozta-ozta, gailendu zaiolako Norbert Hofer eskuin muturreko hautagai xenofoboari Austriako presidentetzarako bozetan.
Gertatutakoak, baina, ez luke inor lasaitu behar. Izan ere, gertatutakoak zerbait adierazten badu, hauxe da: eskuin muturrekoak aginterako prest daudela Austrian. Eta, horri gehitu behar zaio beste gauza garrantzitsu bat: euren proposamen politiko xenofoboak —Austria eta austriarrak lehenengo— normal-normal sartzen ari direla beste alderdien eguneroko praxi politikoetan, Austrian eta beste herrialde askotan.
Izan ere, ez da ahaztu behar, adibidez, Tiroletan, Italia eta Austria arteko mugan, immigrazioari aurre egiteko 250 metroko hesi bat ez duela FPO alderdi ultrak agindu, Heinz Fischer presidente sozialdemokratak baizik. «Europara sartzen direnen gaineko kontrol zorrotzagoak behar ditugu», esan zuen proiektua aurkeztean. Hungarian, Bulgarian, Melillan (Espainia) edo Callaisen (Frantzia) antzera egin dute eskuin muturrekotzat jotzen ez diren gobernuek.
Eta Europaren arazoa horixe da: ideologia eta politika xenofoboak erroetaraino sartu zaizkiola. Beraz, denbora kontua besterik ez da eskuin muturreko presidente bat izatea Europako Batasunean.
(Puede haber caducado)