ERREFUXIATUEN KRISIA

Idomeniko kanpalekua desegiten hasi da Greziako Polizia

8.500 lagun inguru daude errefuxiatu gune horretan. Neurria babestu du Europako Batzordeak.

Berria, , 24-05-2016

Idomenitik bertatik berri ematen ari diren hedabideen arabera, iheslariak zeramatzaten bi autobus irten dira jada harrera zentroetara bidean. Ehunka poliziak kanpalekurako sarbideak itxi dituzte, eta kazetari nahiz boluntarioei eskatu diete handik joateko.
Greziako Poliziaren iturriek zabaldu dutenez, haren zeregina izango da “liskarrak saihestea eta errefuxiatuak harrera zentroetara eraman ditzaten laguntzea”. Giorgos Kyritsis Greziako Gobernuko Errefuxiatuen gaietarako bozeramaileak azaldu duenez, espero dute iheslariak hamar bat eguneko epean eramatea harrera zentroetara.

Azken hamabost egunetan 2.000 lagun lekualdatu dituzte Idomenitik Grezia iparraldean kokatutako harrera zentroetara, Kyritsisek azaldu duenez: “Uneotan 6.000 leku inguru dauzkagu harrera zentroetan, eta 8.000 izango ditugu egun batzuk barru”. Azpimarratu du zentro horiek kalitate onekoak direla.

Datu ofizialen arabera, 8.424 iheslari daude Idomenin eta 54.000 inguru Grezia osoan. Europara joateko asmoz, bertan elkartu ziren milaka iheslari, baina duela bi hilabete mugak itxi zituen Mazedoniak.

Greziako Gobernuaren neurriarekin konforme azaldu da Europako Batzordea. Margaritis Schinas EBko bozeramaileak gogorarazi du iheslariak harrera zentroetara eramatearen aldekoa izan dela batzordea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)