‘Etorkizuna 11 kolore’ lelopean ospatuko da Donostian Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko Eguna

Gara, NAIZ, 21-05-2016

‘Etorkizuna 11 kolore’ lelopean ospatuko da ekainaren 11n, Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko Eguna Donostian. Euskal Eskola Publikoa eta horren ordezkari gisa EHIGE eta Sortzen elkarteek botako dute txupinazoa eta omenduak izango dira «kultura aniztasunean oinarritutako elkarbizitza baten alde egiten dituzten ahaleginengatik».

Ekainaren 11n, Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko Eguna ospatuko da Donostian. ‘Etorkizuna 11 kolore’ lelopean ospatuko da eta kultur aniztasunean oinarritutako etorkizuna lortzeko hezkuntzan jarriko du ikusmira. Besteak beste, Gipuzkoako SOS Arrazakeria, Donostiako Piratak, Kolore Guztiak, Donostiako Piratak, Kolore Guztiak, batukadak eta danborradak ere parte hartuko dute ospakizunetan.

11 Danbor Martxa hasi aurretik Euskal Eskola Publikoa eta horren ordezkari gisa EHIGE eta Sortzen elkarteek botako dute txupinazoa 18;30ean. Modu honetan, EH11kolorek omenaldia egin nahi dio Euskal Eskola Publikoaren hezkuntza komunitate guztiari, «etorkizunean kultura aniztasunean oinarritutako elkarbizitza baten alde egiten dituzten ahaleginengatik, hezkuntza unibertsalaren bidez, denoi barnebiltzen gaituena, parekidea, kalitatezkoa eta euskalduna, ikasle orori bermatzen diona aukera berdintasuna, euren kultura, jatorria edota maila sozio – ekonomikoa edozein izanda ere».

Aurtengo ekitaldiko gonbidatu bereziak, Ekuatorean jatorria duten euskaldunak izanen dira. Antolatzaileek «hainbeste pairatzen ari diren pertsonei eta euren herrialdeei maitasuna eta elkartasuna ematera» gonbidatu dute jendartea.

‘11pintxo 11zapore’ ekimena ere Alde Zaharrean ospatuko da, non hamaika tabernek jaki bereziak prestatuko dituzten. Pintxo bakoitza kultura ezberdinetako gastronomiaren erreferentziarekin prestatuko dute ostatuetako sukaldeetan.

Eta berriz ere eginen da Haurrentzako perkusio tailerra, 11:30etatik 14:30etara.Txistorrada kulturanitza izango da aurtengo jaialdiko berrikuntza. Euskal ohitura gastronomikoa aniztasunari egokituko dugu; hiru txistorra mota eskainiko dira: txerrikia, oilaskoarekin egindakoa eta beganoa. Bulebarrean eguerdian eginen da topalekua.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)