Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza: ikusia zegoen. Etsipena
Berria, , 18-05-2016Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartua du DSBL (Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza) delako laguntzaren birmoldaketa egitea. Erabaki horrek, «birmoldaketa» baino gehiago, laguntza kentzea esan nahi du, nahiz eta uztailaren 1era arte oraindik ere onartu dituzten, indarrean dauden baldintzen arabera, aurkeztutako eskabideak eta bere ardurapean seme-alabak dituztenen kasuan abenduaren 31 arte onartuko dituzten halako eskabideak. Maite Peñak, Gizarte Politikako ahaldun andreak, esana duenez, Aldundiko Gobernuak ezarritako helburuak betetzen ez direla ikusi dute eta arduragabekeria izango litzateke orain arte bezala luzatzea laguntza hori… lurralde arteko oreka hausten du… etorkinak artifizialki erakarri ditu gure lurraldera… ez ditu arazoak konpontzen eta bai beste batzuk sortzen… ez dio laguntzen pertsona onuradunak txertatzeari…
Bai, ikusia zegoen. Guri, gehienbat etorkin diren eta bizitzeko baliabiderik oinarrizkoenak ere falta dituzten pertsona horien drama egunero parrokietako Caritas-etan bizi dugunoi, etsipena eta kezka handia ekarri digu.
Etsipena ez digu ekarri laguntza emateko eta solidaritatea emateko tresna bat berrikusteak, nola dabilen ikertzeko eta beharrezko liratekeen aldaketak eta hobekuntzak egiteko. Gerta liteke, ikerketaren ondorioz, halako laguntza kendu beharra ikustea. Berrikustea eta ebaluatzea beharrezkoa da; halako laguntza kentzea erabaki oso larria da, pertsona asko utziko baitu babesik gabe. Horrek dakarkigu etsipena eta kezka. Sinestun garenez eta Jainkoaren errukiaren testigu, min ematen digu eta etsiarazten gaitu Gipuzkoa errukigabea izateak.
Azterketa egitean eta horren ondorioz hartutako erabakietan, ohi bezala, nolabaiteko egia azaltzen da. Egia da ez direla behar bezala betetzen horrelako laguntza batek dituen helburuak, onuradunen gizarteratzea baita helburua. Beste zerbitzu batzuk ere beharrezkoak izango lirateke, helburu horietara hurbiltzeko. Hori egia da, bai. Baina ez da erabateko egia azterketa honen ondorioz laguntza hori kentzea erabaki behar litzatekeenik. Hori aukera bat izan daiteke, oso eztabaidagarria eta, gure ustez, kaltegarria.
Laguntza hori kentzeko erabili diren argudioek administrazioaren gabezia larriak jartzen dituzte agerian; eraginkor eta prestu azaldu nahi du horrela administrazioak, baina oso bestelakoa gertatzen da, ez-eraginkor eta itxurazale. Ez-eraginkor, laguntzarako den tresna bat kendu duelako. Itxurazale, horrela gehiago laguntzen duela iruditzen zaiolako. Halako erabakiak gabezia larriak erakusten ditu.
Izan ere, ez dirudi behar bezala entzun dietenik galdekatu dituztenei. Hala diote, behintzat, Donostiako Elizbarrutiko Caritasek eta Lan Sozialerako Gipuzkoako Elkargo Ofizialeko Gobernu Juntak. Bestalde, gure ikuspegi kristau eta ebanjelikotik begiraturik, bihozgabea da halako erabakia. Hori egiteko aipatu dituzten arrazoiak ikusirik, esan daiteke ez dituztela pertsona zehatzak kontuan izan, egiazko drama izugarriak nozitzen dituzten eta egoera larriak bizi dituzten pertsonak. «Dei-efektua» esateak edota horren ordez dioten «etorkinak artifizialki erakartzea» esateak konpromiso etikorik eza eta munduko behartsuekiko justiziarik eza jartzen du agerian, eta ez du kontuan nolako drama humanitarioak nozitzen ari garen nazioartean. Honako galdera hau sortzen zaigu: Gipuzkoak ezin al die erantzun, neurri arduratsu batean, krisi humanitario horiei? Ezin al du konpromiso etiko eta politiko handiagoa hartu? «Etorkinak artifizialki erakartzea» ote da ehunka eta milaka pertsona itorik hiltzea Mediterraneo itsasoan? Askotan, gure solidaritatea itxura hutsa da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabaki horrek hau adierazten du: «Ez dadila jende gehiago etorri, nahikoa badugu eta».
Guretzat gizon eta emakume oro da gure anaia eta arreba. Eta hau esan nahi genuke: ematen ez direnak direla «laguntzen» ez duten laguntzak. Gainerakoa arinkeria baizik ez da, eta kapitalismo globalaren interesetara makurtzea. Penagarria iruditzen zaigu horrelako Gipuzkoa.
Europa, giza eskubideen sorterria, gotortzen ari da. Akats eta inkoherentzia izugarria, ez baitu hori lortuko. Munduan bakea nagusitzea nahi badugu, izan dezagun kontuan harrera egiteak eta laguntza solidarioa emateak gizarte-kohesioa sortzen duela. Bazterketak indarkeria besterik ez du ekartzen. Horregatik, salatu egiten dugu jarrera hori eta orobat ematen dituzten lerraturiko justifikazioak. Hor ikusten da «bazterketaren kulturan» bizi garela, Frantzisko Aita Santuak hainbeste aldiz salatu duen bezala.
Donostiako Elizbarrutiko Caritasek eta Lan Sozialerako Gipuzkoako Elkargo Ofizialak argitaratu dituzten adierazpenekin bat egiten dugu. Erabaki hori berriz pentsa dezatela eskatzen dugu eta, nolanahi ere, kontuan izan ditzatela erabaki horrekiko kritiko azaldu diren taldeen iritziak.
(Puede haber caducado)