Errefuxiatuei buruzko jardunaldiak
Elan Euskadik antolatu ditu astelehenetik ostegunera Ulpiano EtxeanElan Euskadiren XXIII. jardunaldiak bihar hasiko dira eta gaurkotasun handia duen gaia ardatz hartuta, errefuxiatuak
Diario Vasco, , 15-05-2016Maiatzaren 16tik 19ra Ulpiano Etxean Elan Euskadiren XXIII. jardunaldiak ospatuko dira, errefuxiatuei buruzko gaia ardatz hartuta lau egunetan gonbidatu ezberdinak egongo dira Getarian azken aldian hain eztabaidatua izan den gai honetaz solasean aritzeko.
Saio guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira eta antolatzaileek honela azaltzen dute jardunaldi hauen helburua, «Elan – Euskadik antolatzen dituen Jardunaldien helburua da leihotxoa irekitzea munduari begira, beste ikuspuntu bat proposatzea inguruko jendeari; ez ditugu erantzunak ematen, zer pentsatua baizik».
Aurten aukeratu duten gaia arrazoitzeko zera adierazi dute, «beharrak bultzatuta aukeratu dugu errefuxiatuen/etorkinen gaia. Historian zehar, migrazioak aniztasun aukerak izan dira beti, aberastasun sozio – kultural eta ekonomiko aukerak, baina arazo bihurtzen dituzte zenbaitzuk. Zein da berritasuna? Hedabideetan ikusi ditugula gure Europara iristen; gutxi batzuk izan arren, badirudi tsunamia dela. Egia bestea da ordea, etorkin gehienak Afrikan eta Asian daude, herri pobreagoetan hartuak».
Eta jarraitzen dute esanaz, «migrazioaz informazio murriztua eta desitxuratua ematen da, errefuxiatuak atzo sortutakoak balira bezala eta siriarrak bakarrik baleude bezala. Euskaldunok migratu izan dugu garai ezberdinetan, azkena duela hamarkada gutxi. Milioika etorkin/errefuxiatu daude, gehienak jatorriko estatuen barruan ihesean, besteak kanpoan; gehienak, bizi – iraupenak bultzata alde egin dute, edo genero indarkeriak, erlijio – fanatismoak… ;hegosahararrak, hegoamerikarrak, siriarrak, afganiarrak… gu bezalakoak denak».
Lau saio iragartzen dituzte
Biharko hitzaldiak irekiko ditu aurtengo jardunaldiak. Juanjo San Miguel kazetariak ‘Errefuxiatuak eta hedabideak’ gaia jorratuko du. Asteartean, Gorka Landaburu kazetariaren txanda helduko da eta bere hitzaldiaren izenburua ‘La vergüenza de Europa’ izango da. Asteazkenean, Jose Angel Cuerda abokatu eta politikaria etorriko da Ulpiano Etxera eta ‘Del 0,7% a los sin techo’ eramango du izenburu bere solasaldiak. Azkenik ostegunean, Grezian (Lesbos) lanean ibilitako ‘Basque Lifeguards’ taldeko kideak han izandako bizipenak eta argazkiak ekarriko dituzte gurera.
Aurtengoak XXIII. jardunaldiak dira, beraz aski ezagunak getariarren artean eta izaten duten erantzunaren inguruan hau azaldu digute Elan Euskadiko kideak, «gure jardunaldietara nahiko jende etortzen da, jende kritikoa gainera. Ez da alde bakarreko informazioaz konformatzen, kontrastatu egiten du… Jende bizia da, besteen bizitzaz arduratua».
Azkenik hizlariak aukeratzerakoan nondik abiatzen diren agertzerakoan hau da jasotako erantzuna, «gure hizlariek bi ezaugarri betetzea nahi dugu: adituak izatea eta komunikatzen jakitea eta orden horretan gainera. Aurtengoek bi ezaugarriak betetzen dituzte eta aski ezagunak dira. Aldez aurretik eskertzen diegu gonbidapena onartu izana». Hor duzue beraz aukera ederra errefuxiatuen inguruan zerbait gehiago ezagutzeko hastear dagoen aste honetan.
(Puede haber caducado)