Turkiara deportatutako ehunka iheslariri asiloa eskatzea ukatu diete
Turkiako atxiloketa zentroak ikuskatu dituzte hiru europarlamentarik. Iheslarien testigantzak oinarri hartuta, salatu dute EB-Turkia ituna «legez kanpokoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa» dela
Berria, , 11-05-2016Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak eta Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak Turkiara bisita egin zuten apirilean, errefuxiatuen kanpalekuen egoera ikusteko. Zalantza izpirik gabe goraipatu zuten hirurek EB-Turkia ituna. «Errefuxiatuak tratatzen eredugarria da Turkia», esan zuen orduan Tuskek. Egoera guztiz bestelakoa da, ordea, Europako Parlamentuko ordezkaritza batek bertatik bertara egiaztatu duenez. Maiatz hasieran Edirne eta Kirklareli zentroetan eta Istanbul, Gaziantep eta Kilis hirietan izan ziren, Turkian, eta atxikitako errefuxiatuen testigantzen berri eman zuten atzo, Europako Parlamentuan. Lehendik giza eskubideen aldeko erakundeek salatua dutena berretsi dute: Greziatik deportatu dituzten ehunka iheslariri ez diete aukerarik eman asiloa eskatzeko. «Kartzela baldintzetan» dituzte zentroetan, jaioterrira deportatzeko zain.
Merkelek, Tuskek eta Timmermansek ikusi behar zuketena Turkiara egindako bisitan izenburupeko txostena argitaratu dute Josu Juaristik (EH Bildu), Marina Albiolek (Espainiako IU-UP) eta Cornelia Ernstek (Alemaniako Die Linke). Turkiaren eta Siriaren arteko mugaldean dauden iheslarien bizi baldintzak ere behatu dituzte europarlamentariek, EBk Turkiarekin sinatutako akordioaren eragina aztertzeko. «Legez kanpokoa eta oinarrizko eskubideen kontrakoa» da ituna, parlamentarien hitzetan.
Siriarrak ez diren errefuxiatuen atxikitze zentroak bisitatu dituzte politikariek; siriarrei beste estatus bat ematen diete. Turkiako soldaduek haien lurretan atxilotutakoak eta Brusela-Ankara ituna dela medio deportatutakoak daude zentro horietan. «Ezin dute asiloa eskatu, ez dutelako nahikoa informaziorik. Abokatua izateko eskubidea berez badute, baina praktikan ez die ezertarako balio», azaldu dio BERRIAri Juaristik. Atxikitze zentroetako agintariek argi utzi zieten: «Haien helburua da denak etxera bidaltzea; asiloa eskatu nahi balute EBn egingo zuketela diote». Argia da parlamentarien salaketa: «Nazioarteko babesaren gutxiengo baldintzak ez dira betetzen».
Haurrak, «kartzela batean»
Parlamentariek jasotako testigantzen arabera, Grezian ere asilo eskubidea ukatu zieten. «Erdi engainatuta deportatu zituzten». Pakistango herritar talde batek parlamentariei kontatutakoa da: «Ez dakigu zein den gure estatusa. Ezin gara jarri gure senideekin harremanetan. Lesbosen ez zegoen urdu itzultzailerik, eta ezin izan diegu gure auzia azaldu».
Bulgariako eta Greziako segurtasun indarrek Turkiara indarrez kanporatu dituzten errefuxiatuen kasuak ere dokumentatu dituzte. Hainbatek Polizia horien tratu txarrak eta lapurretak salatu dituzte.
Atxikitze zentroak aipatzeko kartzela hitza erabiltzen du Juaristik. Testigantzetan oinarrituta salatu dituzte iheslarien baldintzak. «Espetxe batenak dira. Hamabi lagunentzako tokiko geletan hogei bat dituzte. Ez dute itzultzaileen laguntzarik, sakelakoak kentzen dizkiete, ez dute telefono deirik egiteko aukerarik, mediku arreta eta janari eskasa dute…». Adingabeak ere atxikitzen dituzte «kartzela» horietan. «Onenean» egunean hiru orduz uzten diete ziegetatik kanpora irteten. «Txarrenean», hamabost minutuz.
Parlamentariek ikusitakoa berretsi du HRW Human Rights Watch erakundeak, Turkiak errefuxiatuekiko duen jarrera «ankerra» salatu baitu txosten batean. Akusazio gogorrak egin ditu gobernuz kanpoko erakundeak: Turkiako mugazainek «tirokatu eta jo» egiten dituzte errefuxiatuak, eta «hil eta larri zauritzen» dituzte. Testigantzen bidez bildu dituzten datuen arabera, martxoan eta apirilean bost lagun hil zituzten segurtasun indarrek, haur bat tartean. Beste hamalau lagun zauritu zituzten larri. «Turkiako funtzionarioek errefuxiatuei ongietorria egiten dietela esaten dute, baina mugazainek iheslariak hiltzen eta jotzen dituzte».Turkiak ukatu egin ditu akusaziok.
Goi bilkura, atzeratua
Turkiako Atzerri ministroak salaketa horiek ukatu ditu. «Munduan errefuxiatu gehien jasotzen duen herrialdea da Turkia, eta nazioarteko legeak errespetatzen ditu. Gerratik ihes egiten duten siriarrak jasotzen jarraituko dugu», adierazi du Mevlut Çavusoglu diplomaziaburuak.
EB-Turkia ituna martxan dago apiriletik, baina oraindik hainbat auzi dituzte negoziatzeko. Turkiarren bisak liberatzeko «terrorismoaren aurkako legean» aldaketak egitea eskatu dio Bruselak, baina Ankara ez dago horretarako prest. «Ez ditugu inoren aginduak jasoko», esan du Recep Tayyip Erdogan presidenteak. Etzi bi aldeak egitekoak ziren goi bilkura atzeratu egin dute. Ahmet Davutoglu lehen ministroa arduratu da negoziazioez orain arte, baina iragarria du dimisioa emango duela maiatzaren 22ko alderdiaren biltzarrean.
(Puede haber caducado)