Europako Batzordeak proposatu du isunak jartzea errefuxiatuak hartu nahi ez dituzten herrialdeei

Batzordeak nahi du EBko kide batek iheslariak hartzeari uko eginez gero 250.000 euro ordaintzea bakoitzarengatik. Turkiari bisa askea ezartzea gomendatu du batzordeak

Berria, Mikel Rodriguez, 05-05-2016

Errefuxiatuen harrera eskubidea bermatzeko EB Europako Batasuneko herrialdeen blokeoa gainditzeko proposamena egin du Europako Batzordeak: iaz ezarritako banaketa sistema mantendu, eta dagozkion errefuxiatuak hartu nahi ez dituen estatua 250.000 euro ordaintzera behartu, uko egindako iheslari bakoitzeko. Diru hori jasoko luke dagozkionak baino gehiago hartuko lituzkeen estatuak. «Ez dago bertze biderik: estatu bat gainezka badago, beharrezkoak dira elkartasuna eta bidezko banaketa», erran du Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak. Horrekin batera, indarrean sartuz gero EBren etorkizunean garrantzi handia izanen duen bertze neurri bat hartzea ere gomendatu du batzordeak: Turkiako herritarrei bisa askatasuna ezartzea. Bi auziek prozedura bera igaro beharko dute indarrean sartzeko: EBko Kontseiluan 28 estatuen gehiengo kalifikatuak onartzea, eta Europako Parlamentuan, berriz, gehiengo sinpleak.

Iazko irailean EBk berak egindako plana betearaztea da Europako Batzordearen asmoa. Ordura arte Greziara eta Italiara ailegatutako 160.000 iheslari EBko 28 estatuen artean banatzea zen asmoa, kuotetan banatuta —herrialde bakoitzaren biztanle kopurua eta BPG barne produktu gordina kontuan hartuta egindako kalkuluarekin—. EBko kideen desadostasunengatik, ordea, plana erabat blokeatuta dago, eta soilik 1.100 inguru hartu dituzte.

Proposamenak Greziaren eta Italiaren egoera orekatzea du helburu, harat ailegatzen baitira iheslari gehienak Turkiatik eta Libiatik. Batzordeak ez du proposatu Dublingo araua aldatzea, beraz, EBn babesa eskatu nahi duen errefuxiatuak jarraitu beharko du eskaera ofiziala egiten batasunean zanpatutako lehenbiziko herrialdean. Batzordeak uste du, baina, derrigorrezko ordainketa sistema ezarriz gero, Greziaren eta Italiaren kezkak baretuko direla, gainerako estatuak behartuta izanen liratekeelako errefuxiatuak hartzera edo horien harreraren finantzaketan laguntzera. Estatu batek dagokion kuotaren %150 gaindituko balu, plana martxan paratuko litzateke automatikoki. «Estatu batek ez badu parte hartzen, horretan ari direnei lagundu beharko die», laburbildu du Timmermansek.

Asiako eta Afrikako gerretatik eta pobreziatik ihesi EBra ailegatzeko saiakera egin dutenak, ordea, 160.000 horiek baino anitzez gehiago dira. EBk horietako gehienei bidea ixteko erabakia hartu du, eta, horretarako, Turkiarekin akordio bat egin zuen, martxoan. Europako Batzordeak emandako datuen arabera, apirilaren 4tik EBk Siriako 135 errefuxiatu jaso ditu Turkiatik, baina hainbat herrialdetako 386 kanporatu ditu harat.

Turkia, baldintzak betetzen

Akordio horregatik, Turkiak nahi duen ordainetako bat da bere herritarrei bisa askea ezartzea EBn. Horren alde egin du batzordeak. «Gure herritarrek anitzez lehenagotik eduki beharko zuketen eskubide hori. Orain, EBko kide bihurtu nahi dugu», adierazi du Mesut Çavusoglu Atzerri ministroak. Turkiak aste honetan kendu die bisa eskakizuna EBko herritarrei; EBk ezarritako 72 baldintzetako bat zen hori. Timmermansen arabera, gehienak bete ditu Ankarak. Udara arteko epea du. Gainera, Turkiari ez ezik, Kosovori ere bisa askeko erregimena ezartzea proposatu du batzordeak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)