Batean sinatu, bestean ahaztu

Berria, Jakes Goikoetxea , 04-05-2016

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Zurrumurruen Aurkako Sarea aurkeztu zuten atzo, Donostiako udaletxean. ZAS du laburdura. Migratzaileei buruzko zurrumurruei aurre egin nahi diete. Funtsik gabeko zurrumurruak, baina etengabe errepikatuak eta gizenduak, eguneroko elkarrizketa xaloenetan, komunikabideetan eta baita erakundeetan ere. Hemeretzi administraziok eta hamaika gizarte eragilek bat egin zuten atzo sarearekin, ekitaldi publiko batean. Ekinaldi interesgarria da, argazkirako aurpegi irribarretsuez gain, lanerako gogoa, edukiak eta baliabideak jartzen baldin badituzte. Gaur egungo itxurakeriaren gizartean, ez bailitzateke harritzekoa izango Javier Marotok —Gasteizko alkate zela— edota Josu Bergara Sestaoko alkateak horrelako sare batekin bat egitea.

Izan ere, erakundeen hipokrisia agerian geratu zen atzo, Donostiako udaletxean bertan: ZAS sinatzen eta aurkezten ari ziren areto batean; beste batean, berriz, ZASekin bat egin duen Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bat —Carlos Alfonso Artola Prestazio Ekonomikoetako zuzendaria— zuritzen ari zen diru sarrerak bermatzeko laguntza kentzea, etorkinei gehiegizko erabilera eta iruzurra leporatuz, erakartze efektuaren ideia berretsiz… Areto batean sinatutakoa une berean beste batean ahaztuz. ZASek bere webgunean gezurtzat eta zurrumurrutzat jotzen dituen argudio horiexek laguntzak kentzeko eta migratzaileak estigmatizatzeko arrazoi bihurtuz. Leku batean ZAS esaten eta bestean zapla ematen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)