Poliziak 1.600 errefuxiatu inguru kanporatu ditu Parisko kanpaleku batetik
Stalingrad metro geltokiaren azpian zeuden kanpatuta, eta harrera zentroetara eraman dituzte. Hirugarren aldiz hutsarazi dute lekua
Berria, , 03-05-2016Aurretiaz inolako abisurik eman gabe agertu zen atzo Polizia Parisko Stalingrad metro geltokiaren azpian, eta han kanpatuta zeuden 1.600 errefuxiatu inguru kanporatu zituen. Autobusetan sartuta, Ile-de-France eta inguruko eskualdeetako harrera zentroetara eraman zituzten; horietatik ehun errefuxiatu inguru Parisko Udalaren zerbitzu sozialen esku gelditu ziren, Poliziaren esanetan, «beharrizan handiak» baitzituzten. Gehienak Sudandik eta Afganistandik ihesi joandako errefuxiatuak dira, asiloa eskatu nahi dutenak.
«Frantziak esku bat eskaini die migratzaileei, senidetasun errepublikanoaren izenean», adierazi zuen Ile-de-Franceko prefet Jean-François Carencok. Halere, operazioa goizeko seietan jarri zuen martxan Poliziak; isilean, oraindik ere gauaren iluntasunean. Ekintzaileek salatu dute beren presentzia saihestu nahi izan duela Poliziak halako jokabidearekin, beren asmoa asiloa eskatzen duten migratzaileei laguntza eta aholkuak ematea delako. Carenco prefetak azaldu zuen migratzaileak «baldintza arriskutsuetan» bizi zirela, eta operazioa «normal-normal» gauzatu zela. Joan den igandean Frantzian asiloa eskatu nahi zuten errefuxiatu ugari iritsi ziren kanpalekura, 400 edo 500 pertsona inguru, Frantziako hedabideek emandako datuen arabera.
Kanpalekuan behin baino gehiagotan izan dira errefuxiatuen arteko liskarrak. Apirilaren hasieran larri zaurituta eraman zituzten lau lagun, azaldu dute bizilagunek. Le Parisien kazetak ere testigantza jaso du, Mustafarena, 24 urteko errefuxiatu afganiarrarena: «Pozik gaude kanpalekua uzteagatik. Hemen, gauero izaten ziren borrokak».
Parisko metroaren bigarren lerroa errepidearen gainetik igarotzen da Stalingrad geltokiaren parean. Errailen azpian egon dira kanpatuta atzora arte ehunka errefuxiatuak, metroaren zaratarekin batera bizitzera behartuta. Ez da kanpalekua hutsarazten duten aurreneko aldia. Azkeneko aldiz, martxoaren 30ean hutsarazi zuen Poliziak, Parisko Udalarekin eta estatuko gizarte zerbitzuekin koordinaturik. Koltxoi, kartoi eta kanpin dendetan bizi ziren 400 errefuxiatu eraman zituzten autobusetan, Parisko harrera zentroetarantz. Orduko hartan ere, Poliziak goizeko seietan abiarazi zuen operazioa, inolako abisurik eman gabe.
Calaistik joandakoak
Errefuxiatuentzako kanpaleku inprobisatuak Parisko hirian zehar hedatu ziren joan den urteko ekainean, eta, geroztik, gisa horretako hogei operazio egin ditu Poliziak. Halere, kanpalekuak hutsarazi arren, migratzaileen etorria ez da gelditu. Otsailean, esaterako, Frantzia iparraldeko Calaisko kanpalekua eraitsi zuten agintariek, eta babesik gabe gelditu ziren askok eta askok Parisera jo zuten. Zenbait familiak Stalingrad estazioaren azpian hartu zuten aterpe. Atzo, hirugarrenez hutsarazi zuten eremua, eta hantxe gelditu ziren lurrean hainbat eta hainbat koltxoi, maizter berrien zain.
(Puede haber caducado)