Internazionalismoa eta errefuxiatuen krisia

Berria, Guillermo Paniagua - Askapena taldeko kidea, 28-04-2016

Europan, geure historian izan den errefuxiatu krisi handienari aurre egiten ari gara: 2015ean, Eustaten datuen arabera, Europan milioi bat pertsonak baino gehiagok eskatu zuten asiloa; haietatik gehienak, Siria, Afganistan eta Iraketik etorriak. Oxfamen datuen arabera, ia 10.000 pertsona hil dira Mediterraneo itsasoa gurutzatu nahian. Giza tragedia larri horren aurrean, euskal herritar askok interes handia agertu dute elkartasunez pertsona haiei laguntza helarazteko. Elkartasun internazionalaren sugarra bere kultura politiko eta herritarrean bizirik mantentzen duen herri batekoa izateak harrotasunez betetzen bagaitu ere, uste dugu borondate oneko elkartasuna bideratzeko egitasmoek (arropa, material, janari… bilketa eta bidalketek) albo batera uzten dituztela oinarrian dauden elementuak, hau da, egoera onartezin honi erantzun irmo bat emateko ezinbesteko gakoak.

Eraginkortasun gutxiko edo zuzenean kaltegarria izan daitekeen laguntza paternalista batean erortzeko arriskuaren aurrean, arazoaren muinera jo behar dugu, arazoaren sorreran zein errefuxiatuen krisiaren ondorioen kudeaketa negargarrian europar instituzio eta estatuen erantzukizun politikoak mahai gainean jarriz.

Zentzu horretan, alde batetik, batez ere europar potentziek kaosa, heriotza eta suntsiketa sorraraziz militarki esku hartu eta gaur egun ere esku hartzen duten herrialdeetatik ihesi datozen errefuxiatuak direla azpimarratu nahi dugu. Ez dago esan beharrik esku hartze horiek ez direla inondik ere arrazoi humanitarioengatik egiten, jasaten dituzten herrien burujabetza ahultzeaz gain, europar potentzien interes ekonomiko zein geopolitikoak egikaritzea bilatzen baitute edozeren gainetik. Hori gutxi balitz bezala, Europar Batasunak eta partaide diren estatuek lehentasunezko harreman politiko eta ekonomikoak mantentzen jarraitzen dute turkiarra edo saudia bezalako estatuekin, publikoki egiaztatu den arren eskualdearen ezegonkortasuna bultzatzen dutela (bereizi gabeko bonbardaketak eginez eta Daexekin harremana izanez).

Bestalde, zer esan premiazko asilo eskaeren aurrean Europako estatu gehienek eta Europar Batasunak berak ere burutu duen erantzun eta gestio lotsagarri bezain krudelari buruz? Hain zuzen ere, Libanok, lau milioi biztanleko herri horrek, milioi bat errefuxiatu baino gehiago hartu ditu bere lurretan, eta Europar Batasuna, berriz, bere 510 milioi biztanlerekin, ez da gai izan hitzarturiko 160.000 pertsonei harrera egiteko ere. Espainiar Estatuaren kasua ezin adierazgarriagoa da: adosturiko birkokatze programako 16.000 pertsonetatik 18 besterik ez dira hartuak izan gaurdaino.

Horrekin guztiarekin gustura ez, eta Europar Batasunak, kapitalen zirkulazio askearen defendatzaile sutsu horrek, bere mugak ixtea erabaki du, horretarako errepresioa erabili behar badu ere. Errefuxiatu gehiagoren sarrera ekiditeko asmoz, gainera, turkiar estatu zapaltzailearekin Europa gotorleku bilakatzeko itun lotsagarri bat adostu du. Horri gehitu behar zaizkio Europar Batasunak errefuxiatuen kontzentrazio zelai erraldoi bilakatu duen Greziaren kasua, Danimarkak eta Suitzak beraien lurretara iristea lortu duten pertsonei dirua edo objektu pertsonalak konfiskatzeko neurriak onartzea, edota europar parlamentuaren ustetan «jarraitu beharreko eredu» diren Alemaniak eta Danimarkak familien berrelkartzeak oztopatzeko egindako ahaleginak. Bien bitartean, fronte militarrean, Egeo itsasoa patruilatzen jarraitzen du NATOk, errefuxiatuak bilatu eta zuzenean jatorrira itzularazteko. Fronte ideologikoan, aldiz, europar instituzio politikoek lotsarik gabe erabiltzen dituzte argudio xenofobo eta islamofoboak.

Beraz, Europar Batasunaren balio, etika eta gizatalde zein norbanakoen giza eskubideen errespetuaren hondamendi honen aurrean, problematika hau termino politikoetan kokatzeko eginbeharra dugu, ustez ordezkatzen gaituztenei Ekialde Hurbileko esku hartze militarrak eta eskualde horretan kaosa sortu nahi duten estatuekin dituzten harremanak amaitzea eskatuz. Bestalde, europar instituzioek erantzukizun historiko eta gaur egungoak dituzten errealitate ankerretatik ihesi datozen pertsonei asilo eskubidea errespetatzea exijitu behar dugu.

Bestela, arazoaren sustrai politikora joan ezean, larrialdi honen aurrean herritarrek egindako ahalegin solidarioak arazoa kronifikatu eta trabatzeko besterik ez du balioko, europar instituzioak erantzukizun politikoetatik salbu uztearekin batera. Egun gogora ekartzeko modukoa da esaera zahar hau: «Xede oneko harriz betea dago infernurako bidea».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)