Ihesean, bertan

Berria, Ainhoa Oiartzabal Azketa, 26-04-2016

Bizi ez, bizirik irauten genuen leku batetik partitu gara, eta ongi biziko garen leku batera gatoz orain». Errefuxiatu baten hitzak dira, atzo Miarritzeko aireportuan lurreratu berritan esandakoak. Hiru urtez Libanoko kanpalekuan «bizirik iraun» ostean, Hendaiako apartamentuan egingo zuen lo bart Al Chehada sendiak. Ziurrenik, han baino erosoago eta, batik bat, atzean utzi duen bere sorleku Sirian baino lasaiago. Alaba gazteenak, bizi erdia ihesean daraman zazpi urteko neskatoak, jada aurkitu du hazteko pausaleku seguru(ago) bat.

Errefuxiatuen eskubide guztiekin euskal herriratu dira. Ez dute, aste batzuetan aterpe izan zuten Baigorritik otsailean irten ziren 38 iheslari gisa, asiloaren eskubidea aitortzeko gehiago borrokatu beharko.

Udalerri gehiagok errefuxiatuak hartzeko borondate erakutsi ahala, asilodun gehiago heldu bide dira Ipar Euskal Herrira —ehun inguru—. Richard Irazusta Hendaiako alkateordeak biziki defendatu du herriko etxearen ekimena. Eta gogoratu du Hendaiak historia garaikidean nola jokatu duen abegikor gerragatik ihesi bertaratu direnekin. Batik bat, 36ko gerran Hego Euskal Herritik joandakoak hartuz.

Asko utzi du orduko elkartasun harrera hark herrian. Besteak beste, orduko seme-alabek gidatzea egungo Hendaia eta haren politikak. Historia zirkularra izaten baita. Galdetu bestela gaurko egunez duela 79 urte Gernikatik ihes egin zutenei eta haien ondorengoei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)