ERREFUXIATUAK

Ziurgabetasun iraunkorra

Greziara eta Turkiara iritsitako errefuxiatuen egoera bertatik bertara aztertu du CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak, eta hainbat ondorio plazaratu ditu 'Lesbos, asilo eskubidearen zero eremua' txostenean.

Berria, Arantxa Iraola, 26-04-2016

Babesgabetasuna. Asilo eskubide urratuak. Halako egoeran daude errefuxiatuak, CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen arabera: Lesbosera, Atenasera eta Turkiara egindako misio baten emaitzak argitaratu berri ditu CEARek, Lesbos, asilo eskubidearen zero eremua txostenean.

Ziurgabetasunean jaioterria utzi bezain pronto daude. CEARen arabera, «bide legal eta segururik ezean», errefuxiatuek 2.000 euro inguru ordaintzen dizkiete mafiei, Turkia eta Lesbos arteko bidea egin ahal izateko; salbamendu txalekoengatik gehiago ordaintzen dute. Boluntario taldeek egiten diete harrera Lesbosen. Iristean, ohikoak dira hipotermia kasuak eta krisi epileptikoak, besteak beste.

EASO Asilorako Europako Laguntza Bulegoa da errefuxiatuei kokatze programaren inguruko informazioa emateko arduraduna. CEARen arabera, ordea, errefuxiatu «gehienek» ez dute horren berri, eta ez dute ezagutzen zer egin behar duten horretaz baliatzeko.

Aukera hori ez da errefuxiatu guztientzat, ordea: Siriatik, Eritreatik, Iraketik eta Somaliatik iritsitakoek soilik eska dezakete. Beste herrialdeetatik joandakoak, baztertu egiten dituzte Genevako Konbentzioaren 3. artikuluak bazterketa hori egitea espresuki debekatu arren. Bazterrean utzitakoek asiloa Grezian eskatzea beste aukerarik ez dute. Egun, 51.600 errefuxiatu inguru daude han, prestatutako eremuetan edo herrialdea igarotzen.

CEARek egiaztatu duenez, desberdina da errefuxiatuei ematen dieten tratua Lesbosera iritsi diren garaiaren arabera: lubakia martxoaren 20an zehaztu dute, hain zuzen, EB Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa indarrean sartu zen eguna.

Arduradunik gabeko adingabeen egoera bereziki kezkagarria dela salatu du CEARek: EBren eta Turkiaren arteko akordioa indarrean sartu zenetik, Moriako zentroan 170 adingabe daude, eta ez dakite zer pasatuko den haiekin.

Kokatutakoak, 1.145

EBk 160.000 errefuxiaturi era antolatuan abaroa emateko konpromisoa hartu zuen arren, berriki plazaratutako datuen arabera, oso atzetik doa: 1.145 hartu ditu. Frantziak hartu ditu gehien; apirilaren erdialderako 367 ziren. Zenbaki apal horiek ikusirik, beren kasara iristen ari dira iheslari gehienak EBra; ahal duten eran. Beste asko berriki hasi dira sartzen EBk Turkiarekin hitzartutako itunari atxikita: Turkiara bidaltzen den iheslari bakoitzeko, Turkiak beste bat bidaltzen du, koka dezaten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)