Pobreziara kondenatuta
Berria, , 22-04-2016Hiru urte. Denbora gutxi. Edo asko. Epe laburra da egunero zirimola batean sartuta ibiltzen denarentzat, gelditu gabe, denetara iritsi ezinik, asteko zer egun den jakin gabe. Luzea, ordea, ezer ez daukanarentzat, egunak basamortu bihurtzen zaizkionarentzat. Hiru urte denbora luzea dela diote Outmani Mohamedek, Arbia Balazzanik eta Feyruz Azarrek. Hiru urtean erroldatuta egon arte itxaron beharko baitute gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta jaso ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiak jada itxi die DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko atea. Bitartean, zer egingo dute? Beste norabait joan, edo bertan iraun, ahal badute, ezagunen, herritarren edota gobernuz kanpoko erakundeen laguntzari esker. Diru sarrerak bermatzeko errentak irauteko helduleku bat eskaintzen du: batez beste 700 euroko laguntza. Errenta horrek onuradunei ez diela gizarteratzen laguntzen esan zuen Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako diputatuak, laguntzak kenduko dituztela iragartzeko prentsaurrekoan. Logika horri jarraituta, nekezago gizarteratuko dira laguntza apurrak kenduta eta pobreziara kondenatuta. Erakundeek —eta gizarteak— gizarteratzea zer den definitu beharko lukete, eta gizarteratzeko zer gutxieneko baldintza eta baliabide behar diren.
Diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko mezu eta erabaki ofizialak argigarriak izan dira, baten batek gaur egun eskuinik eta ezkerrik ez dagoela esaten badu ere. Bere alderdiaren erabakien ispiluan begiratu beharko du.
(Puede haber caducado)