Arrazoibideen zamak ezinegona eragin du

Hautsak harrotu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak DSBE laguntza erretiratzeak. Erabakia defendatzeko argudioen harira ere, kezka

Berria, A. Iraola, 22-04-2016

«Erakartze efektua». Hainbatetan aipatzen da etorkinei buruz mintzatzeko usu modu arbuiagarrian erabili ohi den kontzeptu hori DSBE diru sarrerak bermatzeko errentari buruz Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko hilean aurkeztu zuen txostenean. Lehengo astean, laguntza hori kenduko zutela jakinarazteko agerraldian, etorkinen fluxuei buruz konnotazio agerikoa duten hitzekin mintzatu zen Gipuzkako Gizarte Politikako diputatu Maite Peña ere. «Migrazio isuri artifiziala ekarri du Gipuzkoara», esan zuen. Laguntza kendu arren, Elkar-Ekin plangintzaren bidez hainbat gizarteratze neurri hartuko direla esan zuen, eta ziurtatu zuen ez dela inor «bazterrean» lagako. Baina kritikak sortu dira. Laguntza kentzeko asmoak eragin ditu; diputazioaren hitz egiteko moduak ere bai. «Orain arte horrelakorik ez genuen aditu aldundiaren partetik», adierazi du Mugak arrazakeriaren kontrako ikerketa eta dokumentazio zentroko arduradun Peio Aierbek. «Erakartze efektuak bide luzea du; gobernu askok erabili dute pertsonen eskubideak ez onartzeko aitzakia gisara», deitoratu du. «Beti erabiltzen da eskubideak murrizteko, eta dauka zama kriminalizatzailea; etorkinak lotzen dira mehatxu batekin».

Halako argudioen arriskugarritasuna ezin dela gutxietsi esan du. «Kriminalizazio hori problematikoa da». Eta atzean usu uste ustelak daudela oroitarazi du. «Euskal Autonomia Erkidegoan diru sarrerak bermatzeko errenta ezarri zenean ere, zenbaitzuk esaten zuten etorriko zirela etorkin gehiago, eta estatutik ere jendea etorriko zela laguntza horren bila; baina ezarri zen, eta kanpoko jendearen ehunekoa ez zen handitu», nabarmendu du. «Jendea ez da mugitzen laguntzengatik, lanagatik baizik». Eta, hain zuzen ere, aldundiak laguntzaren inguruan egindako txostenean «erakartze efektua» hainbatetan aipatzen bada ere, laguntza horrek ez duela Gipuzkoako etorkin kopurua handitu ipintzen du. Argi: «Populazio migranteak herrialdean duen tamainan eragin adierazgarririk ez du izan».

Adierazgarria da laguntza zenbat lagunek jasotzen duten erakustea ere, proportzioan, zenbat etorkin dauden aintzat hartuta, arrunt gutxi baitira. Aldundiak berak txostenean emandako datuen arabera, 46.408 etorkin bizi dira herrialdean, eta 2015 . urte amaieran 1.422 bizikidetza unitate ari ziren laguntza jasotzen; etorkinen %3 inguru. Ikerketan argi geratu da, gainera, beste diru iturririk gabeko pertsonak direla. Gipuzkoak gainerako herrialdeek ematen ez duten laguntza bat ematen duen neurrian «uharte» bat dela argudiatuta, ordea, eta horrek etorkinen artean «nazionalitate jakin zenbait» nabarmentzea ekarri duela ohartarazita —«asiarrak» aipatzen dira, adibidez, txostenean—, laguntza kentzea erabaki dute. «Konpontzen dituenak baino eragozpen gehiago sortzen ditu», esan zuen lehengo astean Peñak. Horregatik, haren arabera, erabakia. Onuradunek laguntza azkenekoz 2018ko abenduaren 31n jasoko dute, eta azken eskakizunak uztailaren 1aren aurretik egin beharko dira. Adingabeak dituzten sendiek, berriz, abenduaren 31ra arteko epea izango dute.

EH Bilduren sasoian

2012. urteko uztailean hartu zuen orduko foru aldundiak —EH Bildurena zen gobernua— diru sarrerak bermatzeko errenta ezartzeko erabakia. Ondo gogoan du garai hartako Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek zerk bultzatu zituen; PSE-EEren gidaritzapean Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errenta lortzeko baldintzak zorroztu egin zituen —urtebetez erroldatuta egon beharrean eskea egiteko hiru urteko muga jarri zuen—, eta horri erantzun nahi izan zioten. «Diru sarrerak bermatzeko errentak hasiera batean zituen baldintzak betetzea izan zen helburua, ez besterik; murrizketen aurreko egoerara itzultzea», azaldu du. «Kalkulu jakin bat egin genuen, eta, gure iritziz, bete da».

Guztiz arbuiatzen ditu, beraz, erakartze efektuari buruz esandakoak. «Erakartze efektuarena debate interesatu bat da; arazoa Gizarte Politikako Sailaren defizita da. Erabat arduragabea da tankera horretako sail batean ari den pertsona batek horrelako mezuak ematea», salatu du. «Beldurraren diskurtsoak emaitza ematen die politikari askori, eta hautu hori egin dute; pobreen arteko borroka besterik ez da lortu nahi. ‘Begira ezazu behera’, esaten zaio jendeari. ‘Ez begiratu gora; beheko horiek dira zuen arazoen motiboa’. Logika deabruzko bat dago horren atzean». Aldundiak berak emandako datuetan oinarritzen du bere hitzen funtsa Rodriguezek. Hain justu, diputazioaren txostenak berak onartzen du «egonkortuta» dagoela laguntza jasotzen dutenen kopurua; hasieran izan zuen gorakadaren ostean, ez da hazi.

Laguntzak ustez eragindako «eragozpenen» inguruko kritikei ere erantzun nahi die diputatu ohiak. «Izan ere, laguntza horren helburua oso oinarrizkoa da, diru pobreziari aurre egitea: jendeak jatea, kito. Bibliak esaten duen horixe; gose denari jaten ematea, besterik ez», oroitarazi du. Eta laguntza hori Gipuzkoan bakarrik ematen delako herrialdea «uharte» bat dela esatea ere ez da bidezkoa Rodriguezentzat. «Mendekotasunerako laguntzei begira ere, horien interpretazio eta prozeduretan uharte bat da Gipuzkoa. Horregatik zer egingo dituzte, kendu? Kontra egin? Ez, jakina. Astakeria bat litzateke…».

Era horretako gizarte laguntzen inguruan egon daitezkeen ikuskeraak ez direla inoiz etorkinen inguruko zurrumurruak hauspotzeko erabili behar oroitarazi du Aierbek. «Aztertu behar da zer gertatzen den, eta erabili behar dira tresnak konpontzeko». Eta «etorkinentzako laguntzak» saihestu, eta gizarte osoaren onuran jartzen du xedea: premian dauden guztien abaroan. «Egoera horien aurrean, ezin da begiratu beste alde batera».

Gipuzkoako Caritasek ere ez du begi onez hartu du diputazioaren erabakia. Atzo ohar bat atera zuen horren berri emateko. Laguntzaren «planteamenduan eta metodologian» aldaketak egitea egokia izan daitekeen arren, laguntza kentzeak jende asko egoera arras zailean lagako duela ohartarazi du: «Pobreziatik babestu egiten ditu hainbat pertsona eta familia; egunerokoan bizi ahal izateko laguntza behar duten pertsonak dira». Laguntza ematearekin batera, gizarteratzen laguntzeko hainbat neurri eman behar direla esan du.

706
BATEZ BESTEKO LAGUNTZA, EUROTAN

Diputazioaren arabera, batez beste 706,6 euroko diru laguntza jasotzen dute hartzaileek. Etxean lau ume baino gehiago dituztenentzat da kopuru handiena: 908 euro. Azken urteotan, urtean 11 milioi euro bideratu dira laguntzara: ez da igoerarik egon.

%60
13 HILABETETIK GORAKO ERROLDA EPEDUNAK

Iazko urte amaierako datuen arabera, DSBE eskatu zutenen %60,8k demostratu zuten 13-18 hilabete zeramatela erroldatuta; %12,26k, 19-24 hilabete; %15,2k, 25-35. Denak ez ziren, beraz, iritsi berri-berriak.

1.883
UKATUTAKO LAGUNTZA ESKAERAK

Galbahe bat egon da laguntza emateko. Urtebeteko erroldatzea eta beste diru iturririk gabeak direla erakutsi behar izan dute eskatzaileek. Aldundiak berak onartu du 1.883 eskakizun atzera bota direla.

%97
ETORKINAK HARTZAILEEN ARTEAN

Laguntzaren hartzaile gehienak etorkinak dira: %97. Izan ere, aldundiaren arabera, %3 bakarrik izan dira Espainiako naziotasunaren jabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)