24 errefuxiatu hartzeko lekuak atontzen ari da Gipuzkoako Gurutze Gorria

Datozen bi asteotan ekarriko dituzte. Iheslari horien jatorria zein den ez dakite; Espainiako Atzerri Ministerioak propio ekarrita helduko diren, edo lehendik estatura ailegatutako asilo eskatzaileak diren.

Berria, Arantxa Iraola, 21-04-2016

Gurutze Gorriak arta ematen die asilo eskatzaileei, eta Gipuzkoan abisua dute bi aste barrurako 24 lagunentzako tokiak atontzeko. “Gehiago ez dakigu; ez dakigu noiz iritsiko diren, nola, nondik”, esan dute erakundeko ordezkariek. Espainiako Atzerri Ministerioak adierazia du berriki hamarnaka errefuxiaturen kargu egiteko asmoa, baina ez dakite propio talde horretako iheslariak bideratuko dituzten Gipuzkoara.
Iazko udazkenean, errefuxiatuen inguruko albisteen larritasunak iritzi publikoan haien aldeko mezuak plazaratzea ekarri zuenean, 120.000 iheslari era antolatu batean hartzeko konpromisioa hartu zuen Europako Batasunak, eta usu gaitzetsi da erabaki horren eraginkortasun falta. Badira motiboak: kopurua urria da, eta era antolatu horretan oso iheslari gutxiri eman zaie abaroa oraindik.

Asilo eskatzaileak heltzen ari dira, hala ere; beren kabuz heltzea lortzen dute hainbatek. 24 daude Bizkaian Gurutze Gorriak atondutako lekuetan, 11 Araban. “Eta aurki beste 18 iritsiko dira”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)