Tragedia azaleratu du itsasoak
Ehunka errefuxiatu ito dira Mediterraneoan, Lampedusako ezbeharraren urteurrenean. Europako Batzordeak begi onez ikusi du Italiak aurkeztutako migrazio akordioa
Berria, , 19-04-2016Duela urtebete gertatu bezala, Mediterraneoa ehunka errefuxiaturen hilobi bihurtu da, eta Lampedusa uharteko (Italia) tragediaren oroimena inoiz baino biziago dago. Errefuxiatuz beteriko lau gabarrak hondoa jo zuten atzo Libiatik Italiara bidean zihoazela, eta ehunka lagun daude desagertuta. Gehienak ito egin dira, salbamenduko patruilek bizirik aurkitutako 41 errefuxiatuek BBCri kontatutakoaren arabera. Egun seinalatua zen atzokoa, duela urtebete Italiara iritsi nahi zuten beste 800 lagun hil baitziren Mediterraneoa gurutzatzeko saioan.
Italiako presidente Sergio Mattarellak ezbeharraren larritasuna baieztatu zuen: «Badirudi ehunka hildako egon daitezkeela». Ontzietan zihoazen gehienak somaliarrak, etiopiarrak eta eritrearrak ziren. Erreskaterako patruilak Greziako Kalamata hirira eraman zituen salbatutakoak. Paolo Gentiloni Italiako Atzerri ministroak «tragediatzat» jo zuen ezbeharra, eta mezu bat igorri zion Bruselari: «Europak konpromiso sendoagoa hartu beharra dauka; batez ere, Afrikan, migrazioari aurre egiteko».
Gentilonik defendatu egin zuen Matteo Renzi Italiako lehen ministroak migrazioari buruz aurkeztutako akordioa. Hau da, Erromak inbertsioak ugaritu nahi ditu Afrikako herrialdeetan, Mediterraneoa zeharkatu nahi duten migratzaileak geldiarazteko eta haiekin trafikatzen duten mafiak kontrolatzeko. Europako Batzordeak begi onez ikusi du Renziren ekimena. «Italiak bezala, Europako Batzordeak ere beharrezkotzat jotzen du errefuxiatuen krisiari irtenbidea aurkitzeko erantzun globalago bat ematea», adierazi zuen atzo Margaritis Schinas batzordeko bozeramaileak .
Schinasek hitza eman zuen batzordea Renziren taldearekin elkarlanean arituko dela, immigrazio gaietan emaitza azkarragoak lortzeko eta «irtenbideen alde presio handiagoa» egiteko: «Europako Batasunak elkarlanean kudeatu behar ditu kanpoko mugak, eta babesa behar duten errefuxiatuei segurtasuna bermatu behar die. Bide legalak eskaini behar zaizkie errefuxiatuei Europara etortzeko. Gure barruko mugek zabalik egon behar dute».
Tentsioak goia jo du berriz
Greziako Polizia negoziatzen ari da duela hilabete Idomeniko kanpalekuko trenbidea okupatu zuten errefuxiatu taldearekin, handik mugiarazi eta Grezia eta Mazedonia arteko tren zirkulazioa martxan jartzeko. Duela hilabete hasitako protestek diru galera handiak eragin dizkiote Atenasi, salgai asko garraiatzen baitira trenez.
Dena den, tentsioa handia da Idomenin. Atzo errefuxiatu bat zaurituta eraman zuten Kilkis herriko ospitalera, Poliziak furgoneta batekin harrapatu ostean. Bertan ziren errefuxiatuek harrika egin zieten furgonetari, eta hainbat polizia joan ziren errefuxiatuak handik urruntzeko. Bertan lanean dabiltzan GKEetako ekintzaileek ere errefuxiatuek emandako informazioa berretsi zuten sare sozialen bidez. Poliziak, aldiz, ukatu egin du errefuxiatua zapaldu izana. Gizona aldamio batetik jausi zela esan du Poliziak.
Baldintza «gupidagarriak»
Hilabete eta erdi igaro da agintariek Mazedonia eta Grezia arteko muga itxi zutenetik. Erabaki horrekin errotik itxi zieten Balkanetako ibilbidea Europa gurutzatu nahi zuten errefuxiatuei. Amnesty Internationalek salatu du 46.000 migratzaile «harrapatuta» gelditu direla Grezian, «baldintza gupidagarrietan; ziurtasunik gabe eta ikaratuta». John Dalhuisen AIko Europako zuzendaria da, eta uste du EB Europako Batasuneko estatuek krisia «larriagotu» egin dutela, ez baitute lagundu «modu erabakigarrian» lekualdatzen asiloa eskatu duten mila errefuxiatuak.
Dalhuisenek gogoratu du 2015eko irailean Grezian asiloa eskatu zuten 66.400 errefuxiatuei hitza eman zietela agintariek, EBko beste herrialde batean birkokatzeko. Halere, horien guztien artetik 615 errefuxiatu eraman dituzte EBko beste herrialde batera, Europako Batzordearen datuen arabera. Grezian geratu diren errefuxiatu asko herrialdean eraiki dituzten 31 harrera zentroetan daude bizitzen gaur egun. AI kexatu da instalazio gehienak egoera kaskarrean daudela. «Europako agintariek ez badute berehalako neurririk hartzen zentroetako baldintzak hobetzeko, beraiek sortutako hondamendiari egin beharko diote aurre», mintzatu da Dalhuisen.
Baldintza eskas horien berri ematen dute AIk Greziako zentroetan bildutako testigantzek. «Lurrean egiten dugu lo. Gure izarak mela-mela eginda daude, eta ez daukagu bainugelarik. Horregatik, jendea gaixotzen ari da», kontatu dio Elliniko errefuxiatu batek AIri —Elliniko Atenasko aireportu zahar baten ondoan dago—.
(Puede haber caducado)