Zazpi errefuxiatu Hendaiara iritsiko dira hilaren 25ean
Gara, , 15-04-2016Asilo politikoa lortu duten zazpi errefuxiatu Libanoko hiriburutik Hendaiara iritsiko dira apirilaren 25ean. Bi familiei laguntza emateko xedez sortu den Eusku Zabal elkartea, beste eragile batzuen laguntzaz, harrera prestatzen ari da.
Kazetak berri eman duenez, duela hilabete batzuk eman zion baiezkoa Hendaiako Herriko Etxeak errefuxiatuak aterpetzeko Estatu frantsesak egindako eskaerari.
Aste batzuk dira Herriko Etxeak Beirutetik (Libano) zazpi errefuxiatu iritsiko zirela jakin zuela: 70 eta 57 urteko bikote bat, 18 eta 17 urteko haurrekin, eta beste bikote bat, 33 eta 27 urtekoa, zazpi urteko haurrarekin. Apirilaren 25ean iritsiko dira, goizeko 10.00etan, Biarrizko aireportura.
Richard Irazusta hautetsi hendaiarrak azaldu duenez, bi familiek asilo politikoa dute. «Administratiboki paperak eginak dituzte. Zuzenean etortzen direnez ez dakigu frantsesa dakiten edo ez», esan du.
Herriko Etxeak zazpi pertsonei bi etxebizitza eskainiko dizkie, CCAS egiturak (Gizarte Zerbitzuak) eta herritar batek utziak. Orain, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko sortu den Esku Zabal elkartea harrera prestatzen ari da.
«Bi urtez Estatu frantsesak 30.000 errefuxiatu aterpetzeko engaiamendua hartu du. Pirinio Atlantikoetako departamendua aterpetzeko lekuen %1a ordezkatzen du. Horrek erran nahi du 300 bat ailegatuko liratekeela», azaldu du.
(Puede haber caducado)