Ijito herriaren ahotsari aitortza

Tony Gatlif zinemagileak gaur jasoko du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren saria

Berria, Ainhoa Sarasola, 15-04-2016

Ijito herriaren errealitatea hainbat ikuspegitatik eraman izan du pantailara Tony Gatlif zinemagileak (Aljer, 1948). Bizi duten zapalkuntzaren salaketa eginez batzuetan, haien bizimodua eta kultura erakutsiz besteetan. Horregatik, ijito herriaren kronista nagusi izendatu izan dute. Ez duela horregatik zamarik sentitzen dio. Ama ijitoa zuen, eta bere herriaren eskubideen alde nahiz jasaten duten bazterketaren eta errepresioaren aurka ere sarri egin du lan pantailetatik kanpora. Horregatik guztiagatik, bere ibilbidea aitortu dio Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak, urtero banatzen duen sariarekin. «Benetan eskertzen dut sari hau», esan du Gatlifek, «zineman beti gizatasuna agertu nahi izan dudalako eta sari hau hainbat urtez egin dudan borrokaren irudi delako».

Zinema zuzendaria ez ezik, aktorea, gidoilaria eta musikaria ere bada Gatlif. 1960an, gerra zela-eta Aljeriatik alde egin behar izan zuenetik, Frantzian bizi izan da, eta han garatu du bere ibilbidea. Dozena erdi lan pantailaratu ditu ijitoen errealitatea ikusgarri egiteko. Granadan eta Sevillan (Espainia) 1981ean filmatu zuen Corre gitano, auziaz ondu zuen lehen pelikula. Parisko banlieue-etako ijito komunitateak erakutsi zituen gero, Les Princes (1983) lanean. Ijitoen musikari gorazarre egin zion ondoren, Latcho Drom (1992) dokumentalarekin. Errumaniara jo zuen Gadjo dilo (1997) arrakastatsuan, berriro ere musikari protagonismo handia emanez, hango ijito komunitate batean kokatutako istorioa kontatzeko. Eta denboran atzera egin zuen Liberté (2010) lanean, Bigarren Mundu Gerran ijito-herriak jasan zuen genozidioa azaltzeko.

Gaur arratsaldean, Viktoria Eugenia antzokian egingo duten zinema jaialdiaren inaugurazioan jasoko du saria Gatlifek, baina garaikurra eskuetan hartzeko aukera izan zuen atzo, Eneko Goia alkatearekin eta Donostia Kulturako zinema arduradun Josemi Beltranekin batera eginiko agerraldian. Saria jasotzearekin batera, Gadjo dilo (Atzerritar eroa) filma eskainiko dute, eta zinemagilearekin haren lanaz hitz egiteko aukera izango da ostean. Donostian eskaintzeko, Gatlifek berak aukeratu du film hori, bere zinemagintzaren lekuko egokia dela iritzita. Ijito komunitate bat irudikatu du, zinema horretarako bitarteko onena dela iritzita. «Zinema errealitatea agertzeko arte zoragarria dela uste dut. Prentsan manipulazioa egon daiteke, baina zinema gizatiarragoa da. Alde horretatik, ez dut ezer asmatu, beste batzuek lehenago ere egin dute».

Maitasunez mintzatzen da ijito herriaz. «Zaila egiten zait ijitoentzat askatasuna zer den azaltzea. Munduko erregeak bagina bezala hezi gaituzte, pobreak izan arren. Niretzat, bizitza askatasuna, familia eta musika da, ez dago besterik, eta, edonora noala, etxean bezala sentitzen naiz», azaldu du.

Herri baketsu gisa definitu du ijitoena, eta jasaten duen tratu txarrak min ematen diola gehitu du. Nicolas Sarkozyren partetik, adibidez. Zinemagilearen ustez, gobernuburu ohiak aurrera egiteko «etsai perfektua» behar zuelako agindu zuen 2010ean Europa ekialdeko ijitoak Frantziatik kanporatzea. Orduan, «frantses izateaz lotsa» sentitu zuela azaldu du, eta politikan aktiboki parte hartzea erabaki zuela. Hala ere, etsigarria egin zaio, François Hollande babestu ondotik, Manuel Valls ministroarena «Sarkozyren diskurtso bera» dela ikustea.

Suminduak eta iheslariak

Ijitoei ez ezik, beste kolektibo batzuei ere eman die ahotsa bere lanetan. Indignados (2012) filmean, adibidez, Madrilen hasi eta Europako beste hainbat hiriburutara zabaldu ziren protestak jaso nahi izan zituen, lagun zuen Stephane Hesselekin «mundua hitzak gidatu behar duela» esatean bat zetorrelako. Era berean, azaldu du frantziar asko harrituta daudela Podemos alderdiak lortutako emaitzekin, eta han halako alderdi bat sortzea begi onez ikusiko lukeela esan du, «egungo egoeran, han ez daukagulako ezer».

Errefuxiatuen auzia ere izan du hizpide, eta gaiaz gidoi bat idazten ari dela azaldu du. Gogor salatu du Europaren jarrera, eta «jendea, Auschwitzen bezala, kontzentrazio esparruetan» sartzen ari direla arbuiatu du. «Europaren eta gu guztion ardura da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)