Migratzaileak? Urrun, mesedez

Berria, Ainhoa Oiartzabal Azketa, 13-04-2016

Erakartze efektua», «migrazio isuri artifiziala», «ez du gizarteratzen lagundu»… baieztapen borobilak eta konnotazioz beteak egin zituen atzo Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak laster diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) kenduko dutela arrazoitzeko. Aurreikusitakoa baino «askoz ere eskaera gehiago» jaso dituztela zehaztu du Peñak. Eta baliabide publikoen erabilera eraginkorragoaren izenean, 1.422 lagunek jasotzen duten diru laguntza etetea defendatu du. Horrenbestez, diru laguntzarik gabe geldituko lirateke jada Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten gipuzkoar horiek.

Inor gutxi hartu du ezustean albisteak. Duela aste batzuk jada argitaratu zuen Gipuzkoako hedabide handi batek nola diputazioak txosten bat egin zuen diru laguntza honi buruz. Txosten haren ondorioak atzo errepikatu ziren berak ziren. Bi hitzetan esanda: diru laguntza horrek etorkinak Gipuzkoara erakartzen ditu. «Migratzaile artifizialak». Definizioak zalantza sortzen du: urteetan Gipuzkoak hartu dituen migratzaileak naturalak edo artifizialak izan dira? Nork erabakitzen du hori? Noiz hasten da gurean bizi den norbait guretar izaten?

Negar gasarekin eta gomazko pilotekin oldartu zitzaien errefuxiatuei igandean Mazedoniako Polizia. Irudi horiekin aztoratzen den gizarteak bere herrira datozen etorkinekin abegikorragoa izan beharko luke. Katiusken bilketak soilik ez ditu aseko gaurko Europaren oinarrizko premiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)