Etorkinak erakartzen dituela iritzita, gizarteratze laguntza kendu egingo du Gipuzkoak
Diru sarrerak bermatzeko errenta emateari lagako dio 2018an. «Migrazio isuri artifiziala» sortu duela eta gizarteratzen lagundu ez duela argudiatu du aldundiak
Berria, , 13-04-2016Etorkinak erakarri eta premiak betetzen ez dituelakoan, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatu eta hiru urteren buruan kendu egingo du Gipuzkoak. Neurria berrikusteko txosten tekniko bat taxutu eta ondorioak aztertu ondoren, DSBEaren bidea etetea erabaki du foru aldundiak, «erakartze efektua» eragozteko. Bilduren esku zegoen aurreko diputazioak sortu zuen, 2012. urtean, Eusko Legebiltzarrak diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortu ondoren. Lurraldearen arabera ez, laguntzak «era homogeneoan» eman behar direla argudiatu du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak: «Soilik Gipuzkoako diru laguntza bat izanik, lurraldeen arteko oreka apurtzen du, Gipuzkoan migrazio isuri artifiziala eragin du, konpontzen dituenak baino eragozpen gehiago sortu ditu, eta, batez ere, onuradunei ez die batere laguntzen gizarteratzen». Peñak gobernu kontseiluaren ostean eman zituen azalpenak, atzo.
Peñaren irudiko, DSBEak ez ditu bete hasieran zehaztutako helburuak: «Onuradunei ez diela gizarteratzen lagundu». Eta kezkagarriena: errenta horrek «erakartze efektua» eragin duela lurraldean. Peñak ezinbestekotzat jo du errotik moztea: «Migrazio isuri artifiziala ekarri du Gipuzkoara. Errespetuz diot». Hau da, etorkinak espresuki joaten direla Gipuzkoara diru laguntza hori jasotzeko. DSBEa egungo parametroetan mantentzea «erantzukizunik gabe» jokatzea litzatekeela adierazi du: «Gobernu gisa arduragabekeria izango litzateke errenta horri bere hartan eustea. Gizarteratze prozesuetan inbertsio bat egitea da helburua, ez dirua aurreztea». Premian daudenak bazterrean uzteko asmorik ez dutela argitu du diputatuak: «Edonori lagunduko diogu; hori bai, norberaren beharrak kontuan hartuta. Baliabide publikoak eraginkor erabiltzea da asmoa».
Uste baino eskari gehiago
Orain diru laguntzak jasotzen dutenek aurrerantzean ere eskuratuko dituztela ziurtatu du Peñak, betiere epemuga jakin batekin. Errenta hori hiru urte barru desagertuko dela iragarri du Gizarte Politiketako diputatuak: onuradunek 2018ko abenduaren 31n jasoko dute azkenekoz, Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentara batu arte. Horretarako, baina, uztailaren 1aren aurretik egin beharko dute errenta eskuratzeko eskaria. Adingabeak dituzten sendiek, berriz, hurrengo abenduaren 31ra arteko epea dute, baldin eta iazko abenduaren 31 baino lehen Gipuzkoan erroldatuta bazeuden.
Interesdunek, hortaz, aurten dute gizarteratze laguntza eskatzeko azken aukera. Egun jasotzen dutenei ez diete laguntza jasotzeko atea itxiko, baina 2016tik aurrera jasotzeko asmoa dutenei, bai: galdegiteko aukera ere ukatuko diete. Neurriak, oro har, aurreikusitakoa baino «askoz eskari gehiago» eragin dituela azaldu du Peñak: «Eta horrek behar berriak sortu ditu hezkuntzan eta osasun arloan. Beharrak bete ordez, premia gehiago sortzen ditu, eta sarri askotan nekeza da horri modu egokian erantzutea». Etorkinek eskatzen dituzten laguntzak herri batzuetan pilatzen ari direla abisatu du: Soraluze, Arrasate, Ordizia, Eibar, Elgoibar eta Azkoitian atzeman dute gorakada. «Gipuzkoan soilik dago laguntza, eta ez dugu uharte bat izan nahi».
Gaur-gaurkoz, 1.422 lagunek jasotzen dute laguntza hori. Gizonezko gazteak dira gehienak, 25 eta 35 urte arteko immigranteak, eta familia zamarik gabeak: 706 euro kobratzen dituzte batez beste. Afrikarrak (%44,2) eta asiarrak dira onuradun nagusiak (%37,6); etorkinen %33,3 izan arren, europarrak %9,5 dira, eta amerikarrak %8,6, etorkinen %37,6 badira ere. Aldundiak 11 milioi euro inguru gastatzen ditu laguntza horretan.
«Diskurtso xenofoboak»
Eta hemendik aurrera zer? «Gizarteratzea dugu helburu, eta beharrezkoak diren neurri berriak ipiniko ditugu abian», azpimarratu du Peñak. Bide horretan, Elkar-Ekin plana sortzen ari da diputazioa udalekin, eragileekin eta hirugarren sektoreko elkarteekin lankidetzan. Hiru lan ildo xehatu ditu: muturreko bazterketari aurrea hartzeko prozesua abiatzea; egoitza eta eguneko zentroetan plaza gehiago jartzea; eta trebakuntza eta enplegua bultzatzea.
Erreakzio soka luzea ekarri du diputazioaren erabakiak. LABek, adibidez, eskandalutzat jo du pobrezia Euskal Herri osotik «hedatzen» ari den eta milaka pertsona lanik gabe dauden bitartean gehiengoak (%67,8) inolako laguntzarik ez jasotzea. Aldundiaren argudioak txarretsi ditu: «Diskurtso xenofoboak ezkutatzen dituzten aitzakiak baino ez dira; guztiz onartezinak, baina geroz eta ohikoagoak». Sindikatuaren aburuz, urte erdialdetik hasiko dira familiak ondorioak nozitzen. Horrela, behar dutenei DSBEa mantentzea eta gizarte laguntzetako «murrizketak» indargabetzea exijitu du. EH Bilduk ere ez du ondo hartuko laguntza kentzea.
(Puede haber caducado)