Errefuxiatuen asiloez erabakitzeko botere handiagoa eskatu du EBk
Agentzia federal bat sortzea du xede, estatuez beste, eta, estatu kideek onartzen ez badute, Dublin II egungo araudiari «mekanismo zuzentzaileak» jartzea. Maiatzean aurkeztuko du lege proposamena
Berria, , 07-04-2016Bruselak hilabeteak daramatza goi bilerak eta goi bilerak egiten, errefuxiatuen auzian asmatu nahian; alferrik: estatuen artean irtenbide txukun bat emateko adostasunik ez lortzeaz gain, hitzartutako erdipurdiko neurriak ere ez dira betetzen. Gerretatik ihesi datozen errefuxiatuen oldea, ordea, ez da berehalakoan baretuko: Europako Batzordearen txostenak ohartarazi duenez, «errefuxiatuen krisia erabakigarria izango da Europarentzat datozen hamarkadetan, eta dagoeneko egoera ezin da eraman». Beraz, neurri eraginkorrak hartzeko botere handiago bat eskatzen du EBk, estatuen interesez gaindiko dinamika bat.
Eskaera zehatza da agentzia federal bat sortzea, errefuxiatuen asilo eskaerak aztertu, koordinatu, eta herrialdeen arteko banaketa dinamiko eta orekatua ezarriko duena. Erronka litzateke EASO Asiloa Babesteko Europako Bulegoa —aholkulari da egun—, agentzia federal bilakatzea, asiloari buruz Dublin II Europako Batasunean indarrean den legedia aldatuta. Agentzia horrek gaur egun dagoen prozesua arinduko luke, aterabide hobea emango lieke etorrera masiboei, eta kudeaketa txar batek eragin lezakeen legez kanpoko migrazioa saihestuko luke. Besteak beste, alemaniarrek defendatzen duten sistema da.
Zirriborroa lege proposamena izango da, eta maiatzaren 4an eztabaidatuko dute Europako Legebiltzarrean. Europako Batzordeak egitasmoa lege proposamen bilakatu aurretik, ordea, badaki 28 estatu kideetako askoren muturrekoa jasoko duela, estatuen interesekin talka egiten duelako, eta horregatik, neurri xeheagoak ere aurreikusi ditu.
Agentziarenak ez balu harrera onik, bigarren aukera litzateke egungo araudiari «zuzenketa mekanismoak» ezartzea. Dublin II araudiak etorkinen erantzule egiten du errefuxiatuak iristen diren Europako lehen lurraldea, eta horrela izaten jarraituko luke, baina mugako herrialde horiek —egun Greziaren kasua da— iritsiera masiboari ezin eutsi daudenerako «berehalako neurriak» jarriko lituzke, etorkin kopurua arintzeko. Horrekin batera, estatuen mugak zaintzeko, polizien egitura sendoagoa eta koordinatuagoa aurreikusten dute txostenean, baina estatu kideek ez dute onartu egitura hori EBk kudeatzea: sarrera oztopatzeko segurtasun neurri gehiago onartu bai, baina estatuek gidatuta.
Neurriak, ez betetzeko
Orain arte, errefuxiatuak batasuneko herrien artean banatzeko egindako plana soilik %0,5ean bete dute estatuek. Iazko udan eta udazkenean Europako Batasuneko estatu kideek akordio bat lortu zuten —kostata—, asilo politikoa eskuratzeko asmoz iritsitakoetatik 160.000 errefuxiatu herrialdeetan kuota bidez hartzeko. Estatu kideek asilo eskaera egin duten 937 hartu dituzte orain arte, eta horietatik 582ri eman diete eskubide hori. Iaz, berriz, 1,25 milioi asilo eskaera izan ziren.
Europako Batasunak Turkiarekin hitzarmen polemikoa egin zuen hurrena —martxoaren 20an jarri zuten indarrean—, Europatik Turkiara masiboki kanporatu eta handik banan-banan siriar errefuxiatuen asiloak bideratzeko. Hainbat erakundek giza eskubideak urratzen dituela salatzeaz gainera, Turkiaren bidezko jarrera ere auzitan dago. Siriako gerra hasi aurretik Turkiak milaka siriar kanporatu dituela salatu zuen Amnesty Internationalek joan den ostiralean, baina Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak salatu du AIk «informazio okerra» darabilela: «Siriako krisiaren lehen egunetik ez da errefuxiatu bakar bat itzularazi bere borondatez kontra». EBrekin egindako hitzarmenaren ondoren, berriz, 202 lagun kanporatu dituzte Turkiara, gehienak pakistandarrak. Bihar dira berriz bidaltzekoak errefuxiatu gehiago Dikili portura.
Gurutze Gorriaren kritikak
Gurutze Gorriak ere zalantzan jarri du Turkiarekiko akordioa —lehen aldiz eman du iritzia errefuxiatuen gaian—. Nazioarteko Federazioko presidenteorde Francesco Roccari «ulergaitza» zaio hitzarmena, uste baitu Turkia ez dela herri segurua.
Ez da eztabaidatik kanpo geratu ere mugetan ezarri duten Europako guardia, Schengen eremuaren harresiaren zaintzaile. Ekainaren 1ean egingo du EBk beste bilera bat legezko bideak sendotzeko, baina Europa gotortuta, Balkanetako ibilbidea itxita eta Greziako uharteetatik Turkiara bidalita, legez kanpoko mafiei ordainduta sartzeko beste biderik ez zaie geratzen ari.
(Puede haber caducado)