Deportazioei ekin die Europak
Kanporaketa masiboak hasi ditu EBk, 202 lagun Greziatik Turkiara deportatuta. EB-Turkia itunak, ordea, ez du baretu iheslarien babes premia: 50 lagun erreskatatu dituzte Lesbos uhartetik gertu
Berria, , 05-04-2016Errefuxiatuen krisiari erantzuteko Europak iragarritako planak airean geratu dira orain arte, eta apenas izan duen eraginkortasunik EB Europako Batasuneko herrialdeen artean iheslariak banatzeko kuota sistemak. Haatik, EB-Turkia itunaren egutegia zorrotz bete du Bruselak, Europaren hego-ekialdeko atea guztiz ixteko. Deportazioen makineria martxan jarri du Europak: atzo goizean, hiru itsasontzitan, 202 lagun kanporatu zituzten Greziako uharteetatik Turkiara.
Goizean goiz itsasoratu zituzten Lesbos uhartetik 136 lagun, eta beste 66 Kiostik Turkiako Dikili hiriko portura. Segurtasun indarren presentzia handia izan da; errefuxiatu bakoitzeko polizia batek egin du itzulerako zeharkaldia. Maskarak aurpegian eta eskularruak jantzita gidatu dituzte itsasontzietara errefuxiatuak. Hedabide ugari ere bildu dira han, baina irudiak hartzea galarazteko hesiak altxatu dituzte.
Kanporatutako gehienak Pakistandik, Afganistandik, Bangladeshtik eta Marokotik iritsitakoak dira. Bi siriar ere badaude deportatuen artean. Giorgios Kiritsis Greziako Gobernuaren bozeramaileren hitzetan, «euren borondatez» erabaki dute itzultzea. Frontex EBko kanpo mugak zaintzeko agentziak jakinarazi duenez, deportatuek ez zuten asiloa eskatu Grezian, eta ez zegoen haurrik haien artean. Ewa Moncure agentziako bozeramailearen arabera, «lasai» eta liskarrik gabe bidali dituzte. «Ez dut gogoko hau esatea, baina kasu errazak izan dira hauek». Lesbos uharteko Moria zentroan 2.800 lagun daude, eta gehienek asilo eskubidea eskatu dute.
Izan ere, atzoko deportazioak ez dira EB-Turkia itunaren eraginkortasunaren neurgailu egokia, akordioa egin aurretik erabakia baitzuten errefuxiatu horiek itzularaztea, The Guardian egunkariak argitaratu duenez. Azkenean, aurreikusitako iheslarien herenak kanporatu dituzte; hasieran, 600 bat deportatuko zituztela iragarria zuten EBko iturriek. Ez dute ziurtatu gaur deportazio gehiago izango ote diren.
Egutegia bete
Europarako igarobideak erabat itxita daudela irudikatu nahi du Bruselak, eta, inprobisazioari aurre eginez, zehatz-mehatz errespetatu nahi izan du deportazioak hasteko epea. Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute Grezian ez dagoela nahikoa azpiegiturarik iheslarien asilo eskaera tramitatzeko, eta Turkiako aldean ere prestaketa falta nabaria dela.
Ankararen asmoa da errefuxiatuak izena eman zuten lehen tokira bidaltzea, eta izena eman ez dutenak atxilotze zentro batean atxikitzea. Eztabaida piztu du itunak Dikili hirian, errefuxiatuen aurka plataforma bat eratu baitute, eta sinadurak bildu.
Siriarrak ez beste errefuxiatu guztiak jatorriko herrialdera bidaliko ditu Turkiak. «Siriarrak Osmaniyera —Turkia hegoaldeko kanpalekura— eramango ditugu. Gainerakoak, dagozkien prozedurak bete, eta haien herrialdeetara bidaliko ditugu», adierazi du Volkan Bozkir Turkiako Europako Gaietarako ministroak. Hamalau herrialderekin deportazio tratua egin du Turkiak. Afganiarrak eta irakiarrak ere kanporatuko ditu Ankarak, Efkan Ala Barne ministroak ohartarazi duenez, nahiz eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak errefuxiatu estatusa aitortu.
Europak, deportazioak martxan jarri bai, baina oraindik ezartzeko du «prozedura azkar baten» bidez asilo eskaerak tramitatzeko mekanismoa. Ostiralean Greziako Parlamentuak onartutako lege erreformaren arabera, hamabost egunean ebatziko dituzte eskaerak. Gaur da hastekoa «probazko programa bat», 30 funtzionario eta haien laguntzaile eta itzultzaileekin. EASO Asiloan Laguntzeko Europako Bulegoko 30 funtzionario besterik ez da iritsi dira Greziara, EBk 400 hitzeman arren.
Nolanahi ere, deportatzeko mehatxua betetzeak ez du baretu errefuxiatuek babes bila jotzeko duten beharra. Deportatuak garraiatzen zituzten hiru itsasontziak atera eta gutxira, 50 lagun erreskatatu dituzte larrialdi zerbitzuek Lesbos uhartean. Turkiako kostazainek Greziarako zeharkaldia hasi behar zuten hainbat lagun atxilo dituztela zabaldu dute sare sozialetan. Martxoan ituna izenpetu zutenetik, egunean 400 lagunek jo dute asilo eske Greziara Turkiatik.
«Tratu zikina»
Hilabeteetan errefuxiatuei laguntza eskaini dieten ekintzaileek Bruselaren eta Ankararen arteko ituna salatu dute, eta protestak egin dituzte. «Europa, zer lotsa», «Tratu zikina» eta gisako afixak erakutsi dituzte. Greziara iritsitako errefuxiatuek salatu dute asilo prozedurari buruzko informazio urria eman dietela, eta deportatuak izateko aukera aipatu ere ez dietela egin. Hainbat ekintzailek Morias zentrora jo dute bozgorailuekin, errefuxiatuei haien eskubideei buruz jakinarazteko.
Turkia «herrialde seguru» izendatzea ere azpijokotzat jo dute giza eskubideen erakundeek, Ipar Kurdistango herritarrak zapaltzeaz gain asilo eskubidea errespetatzen ez duela argudiatuta. Deportazio masiboak nazioarteko legeek debekatzen dituztela ohartarazia du UNHCRk.
Greziara iritsitako errefuxiatuak jasotzearen truke, Bruselak Ankara sarituko du: bisak liberalizatuko dizkio, EBn sartzeko negoziazioak azkartuko ditu, eta 6.000 milioi euro emango dizkio. Kanporatutako siriar bakoitzeko, beste bat jasoko du Europak Turkiako kanpalekuetatik.
Europako agintariek itunaren legezkotasuna defendatu dute, eta adierazi dute iheslarien eskaerak banan-banan aztertuko dituztela. Akordioa arrakastatsutzat jo ez eze, Alemaniako Barne ministro Thomas de Maizierek Afrika iparraldeko herrialdeetara zabaltzeko aukera iradoki du.
(Puede haber caducado)