Plana abiatzear Grezian
Etzidamu deportatuko dituzte itunpean aurreneko 500 errefuxiatuak. Siriako GKE batek salatu du Turkiak hamasei errefuxiatu hil dituela tiroz
Berria, , 01-04-2016Datorren astelehenean aurreneko errefuxiatu multzoa eramango dute Greziatik Turkiara. Orotara, 500 lagun. «Betiere, azken orduko arazorik ez balego», zehaztu zion atzo Europako Batzordeko iturri batek AFP agentziari. «Konpromiso handia dago bai Greziaren, bai Turkiaren partetik», azaldu zuen. Hilabete hasieran Bruselak eta Ankarak adostutako baldintzak aintzat hartuta egingo den aurreneko deportazioa izango da. Dagoeneko badira Turkiara bueltatzen dituzten «migratzaile irregularrak».
Hala, sinatua duten «bat baten truke» sistema bidez, Turkiak Greziako uharteetara iritsitako errefuxiatu siriar bat hartzen duen aldiro, batasuneko estatuek Turkiako kanpalekuetako siriar bat birkokatuko dute beren lurretan. Aurreneko deportatuak asilo baimenik lortu ez duten siriarrak, afganiarrak eta pakistandarrak lirateke, iturriaren arabera. Agintariek ez dute argitu Egeo itsasoko zein uhartetatik eramango dituzten errefuxiatuak, ez eta airez edo itsasontziz egingo duten operazioa.
Dena den, xehetasunak geratzen dira konpontzeko. Izan ere, bi herrialdeek beren legeak moldatu beharko dituzte. Ankarak hitz eman du apirilaren 4rako beharrezko aldaketak eginak izango dituela. Gauzak nahasiagoak dira Grezian. Deportazioak «herrialde seguruetara» egin behar direla diote nazioarteko arauek, eta, hala, Greziako Parlamentua behartuta dago Turkia «hirugarren lurralde seguru» izendatzera. Oraindik ez dute lege proiektua onartu —gaur edo bihar egingo dutela iragarri du Europako Batzordeak—, Syriza alderdiko zenbait kide Turkiari eman beharreko estatusaren aurka agertu baitira. Arazoa saihesteko asmoz, lege proiektuak ez luke Turkiaren izenik aipatuko, azaldu zuen atzo Reuters agentziak. Eztabaida gori gori dago; Erresuma Batuko The Times egunkariak Siriako Giza Eskubideen Behatokiak egindako salaketaren berri eman zuen atzo. Behatokiaren arabera, Turkiako soldaduek tiro egiten diete Siriako muga gurutzatzen saiatzen direnei. Soldaduek, orotara, hamasei errefuxiatu hil dituzte azken lau hilabeteetan. Hildakoak Siriako gerratik ihesi joandako errefuxiatuak dira; horietatik, hiru, umeak. Erresuma Batuko ofizial batek egunkariari azaldutakoaren arabera, hildako kopurua handiagoa izan daiteke. Zifra zehatza ezagutzea zaila dela dio, gorpuak Siriako lurretan lurperatzen direlako, gerraren erdian. Aferaz galdetuta, Europako Batzordeko bozeramaile Natasha Bertaudek esan du ezin izan duela egiaztatu informazioa. «Agintari turkiarrekin eztabaidatuko dugu gaia. Turkiaren asilo politikak nazioarteko giza eskubideen baldintzak bete behar ditu».
Liskarrak, Pireoko portuan
Bien bitartean, Greziako agintariak Pireoko portua hustutzen ari dira. Atzo Siriako 38 familia eraman zituzten Zileneko kanpalekura —300 pertsona orotara—, herenegun istiluak izan ondoren. Zortzi pertsona zauritu ziren siriarren eta afganiarren arteko liskarretan. Grezian dauden 51.000 errefuxiatuetatik, 5.750 inguruk Pireon kanpatu dute. Greziak beharrezkotzat jo du Atenasko portua uda iritsi aurretik hustea.
Turkiatik Europarako ibilbidea moztuta, migratzaile gehiago iritsiko diren beldur dira Erroman. Paolo Gentiloni Atzerri Ministroak herenegun Genevan (Suitza) egin zuten konferentzian azaldu zuenez, aurreko bost egunetan 3.700 migratzaile iritsi ziren Italiako kostara.Urtea hasi zenez geroztik, 18.000 inguru. 2016an iritsitako migratzaile afrikarren kopurua iazkoa baino %80 handiago dela nabarmendu zuen.
Italia arduratuta dago, Mediterraneoko ibilbide zentralari bigarren ibilbide bat ere batu dakiokeelako: Egeo itsasoa zeharkatuz Turkia eta Grezia batzen duena. Hala ere, aurreneko hilabeteetan Italiako kostara iritsitako migratzaile gehienak Nigeriatik (2.426 lagun), Gambiatik (1.948) eta Senegaldik (1.373) joandakoak dira. Oraingoz, ez da migratzailerik iritsi Siriatik, Iraketik edo Afganistandik. Barbara Molinario UNHCR NBEko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziako bozeramailea da, eta, haren iritziz, «oraingoz» Italiak ez du EBk eta Turkiak sinatutako akordioaren ondoriorik pairatu. Halere, ez du baztertzen etorkizunean eragin dezakeenik. «Aukera hori badago. Pertsona horiek [errefuxiatuak] hainbat herrialdetan daude harrapatuta, eta ezin daitezke etxera bueltatu. Beste bide batzuk bilatuko dituzte».
(Puede haber caducado)