Turkian AKPri egotzi diote iheslariak nazionalizatu nahi izatea botoak lortzeko
«Tentsio etnikoak» sustatzea leporatu dio HDP koalizioak. 2019an hiru hauteskunde egingo dira Turkian, eta ia bi milioi siriarrek bozka lezakete
Berria, , 31-03-2016Apirilaren bukaeran bost urte beteko dira aurreneko errefuxiatu siriarrak Turkiara iritsi zirenetik. Turkiako legediaren arabera, herritartasun baimena eskatzeko eskubidea izango dute, eta onartuz gero, baita bozetan bozkatzeko ere. Turkiako oposizioko alderdiak zein kurduak arduratuta daude; uste dute Recep Tayyip Erdogan presidentearen AKP Justizia eta Garapena Alderdiak bere mesedetan abiarazi nahi duela herritartasun baimenak esleitzeko prozesua, botoak lortzeko.
Egun 2,7 milioi errefuxiatu siriar daude Turkian. Horietatik gehienak, Istanbulen salbu, Siriako mugako eremuetan daude, asko kurduen lurretan. Kurdistango HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa beldur da hiri kurduetara irits daitezkeen errefuxiatu kopuru handiek zonaldeko populazioaren «konposizioa» alda dezaketelako eta «tentsio etnikoak» piztu ditzaketelako. Izan ere, errefuxiatu siriar gehienak arabiar sunitak dira. Probintzia horietan, gainera, eragin politiko handia izan dezakete errefuxiatuek, Turkiako herritartasuna eskuratuz gero hauteskundeetan hautagai izateko aukera izango dutelako.
«Errefuxiatuei laguntza emateko ahaleginak egingo ditugu, baina gobernuaren plana ez da laguntzea. Errefuxiatuen erroak berton sustraitu nahi dituzte», dio Mahmoud Togrul HDPk Entab hirian duen ordezkariak. Gobernuaren asmoa 2019ko hauteskundeetan siriarren bozak «bermatzea» dela dio CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko kide Erdogan Toprakek —oposizioko alderdi nagusia da CHP—. 2019a Turkiako agenda politikoan gorriz azpimarratutako urtea da, hirutan deituko baitituzte herritarrak bozak ematera: martxoan, udal hauteskundeetan; abuztuan, presidentziarako bozetan; eta azaroan, hauteskunde orokorretan.
Guztiek egin dute kalkulu bera: 2019an hauteskunde maratoia iristen denerako, 2014a baino lehenago ailegatutako errefuxiatuek eskura izan dezakete Turkiako herritartasuna. Siriako giza eskubideen erakundeen arabera, ordurako 1,9 milioi errefuxiatu siriar zeuden Turkian. Hau da, garaia helduta, ia bi milioi siriarrek izango lukete bozkatzeko aukera, beti ere bost urteak eman badituzte Turkian.
Hori gauzatzeko, Ministroen Kontseiluak baiezkoa eman beharko die eskaerei. Hain zuzen ere, gobernuko AKP alderdiak interes handia luke oniritzia emateko. Alde batetik, AKPk errefuxiatuak babestearen aldeko diskurtsoa eraiki du, eta errefuxiatuen kontrako alderditzat jo ditu oposiziokoak. Bestetik, CHP alderdia maiz lotu izan dute aleviekin —islamaren beste joera bateko jarraitzaileak—, eta errefuxiatu siriar gehienak, aldiz, sunitak dira. Kemal Klilicdaroglu CHPko presidentea bera ere alevia da. CHPk, gainera, beti babestu izan du Siriako presidente Baxar al-Assadekin negoziatzea.
Ankararen asmoak oihartzuna izan du nazioartean. Duela hamar egun, gaiaz galdetuta, Alemaniako Gobernuak Europarako duen bozeramaile Michael Rothek Turkiako egoera Alemaniako gastarbeiter-ekin konparatu zuen; 1960ko hamarkadan gonbidatutako langileak ziren. «Denbora behar izan dugu konturatzeko etorkinen herrialdea garela. Migratzaileak, bereziki turkiarrak, gonbidatutako langileak bezala ikusten genituen, pentsatzen denbora bat pasata herrialdetik joango zirela. Hori egin zuten batzuek; gehien gehienek, ordea, Alemanian jarraitzea erabaki zuten».
Elkartasunaren aldarria
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak nazioarteko elkartasuna aldarrikatu zuen atzo Genevan (Suitza), errefuxiatuen auziaren gainean egindako kongresuan. Banek Turkian, Libanon eta Jordanian dauden 480.000 siriar errefuxiatu birkokatzea eskatu zuen, zifra osoaren (4,8 milioi) hamarren bat.
NBEko Errefuxiatuentzako goi mandatari Filippo Grandik hausnarketarako datu bat eman zuen: EBk Libanoren jarrera izango balu, 100 milioi errefuxiatu hartuko lituzke.
(Puede haber caducado)