Hitza betetzetik urrun

Potentzia ekonomikoek errefuxiatu siriarren %1,39 hartu dituzte beren lurretan. Birkokatze eskema berriak bultzatu nahi ditu NBEk

Berria, , 30-03-2016

Siriako hondamenditik ihesi joandako 4,8 milioi errefuxiatuen etorkizunak argi gutxi du oraindik. Errefuxiatuak hartzeko hitza eman zuten herrialdeak ere ez dira agindutakoa betetzen ari. Salaketa hori egin du Intermon Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak atzo kaleratutako txostenean. Baliabide ekonomiko handienak dituzten herrialdeek errefuxiatu siriarren %1,39ri baino ez dizkio ateak zabaldu beren lurretan babesa emateko. Korapiloa askatzeko asmoz, Oxfamek dei egin die konpromisoak hartu dituzten herrialdeei «ahaleginak biderkatzera» eta adostutako errefuxiatu kuotak betetzera. Hala, helburua finkatu du erakundeak: errefuxiatu kopuru osoaren hamarren bat herrialde horietan birkokatzea urtea amaitu baino lehen. Hau da, 480.000 lagun siriar inguru.

Denborak ez datoz bat beharrizanen eta betebeharren artean. Oxfamek «etsigarritzat» jo du orain arte errefuxiatuak birkokatzeko deiei estatuek emandako erantzuna. Bide hori zuzentzeko asmoz, UNHCR NBEko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak nazioarteko kongresua antolatuko du gaur, Genevan. Oxfamek uste du kongresua aukera ona dela estatuek orain arteko politikak «zuzen» ditzaten.

Kuoten datuei erreparatuz gero, herrialdeek hartutako errefuxiatu kopurua ez da iristen 180.000ra. «Hau da, gutxienez birkokatu beharko lituzketen errefuxiatuen %27», nabarmendu du Oxfamek. Horietatik, 67.108k lortu dute amaierako puntura iristea, %1,39k. UNHCRek Kanadaren adibidea goraipatu du. Ottawako gobernuak hitza bete eta 25.000 siriar kokatu ditu bere lurretan, asko Jordaniatik joandakoak. Jordaniarekin batera, Libano eta Turkia izan dute helburu Siriatik ihesi joandako 4,8 milioi errefuxiatu gehienek. UNHCRek beharrezkotzat jotzen du hiru herrialde horien «presioa arintzea», eta proposatu du datozen hiru urteetan gutxienez 450.000 errefuxiatu birkokatzea «hirugarren herrialdeetan».

Errefuxiatuak herrialdeetan kokatzeaz gain, NBEko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak beste bide batzuk sustatu nahi ditu korapiloa askatuz joateko. Tartean, ikasleentzako bisak banatzea —Portugal dagoeneko hasi da—; familiak berriz batzea, Suitzak egin bezala; eta Alemaniak, Brasilek eta Frantziak martxan jarritako programa humanitarioak abiaraztea. Eginbide horiek ez lukete loturarik izango EBk ezarritako kuotekin.

Grezian, legerik ez

Europako Batasunak eta Turkiak sinatutako ituna martxan jarri ahal izateko ez du legerik adostu oraindik Greziako Parlamentuak. Atenasko gobernuak gaur zuen lege zirriborroa aurkezteko asmoa, baina, Olga Ierovasili gobernuko bozeramaileak atzo jakitera eman zuenez, «datozen egunetan» egingo dute. Syriza alderdiko zenbait kidek aurkeztutako kritikek eragin dute atzerapena. Errefuxiatuak Turkiara deportatzea errefusatu dute, «errefuxiatuek babeserako duten nazioarteko eskubidea urratzen duelako». Era berean, kritikoek ez dute onartzen Turkia «hirugarren lurralde seguru» gisa izendatzea, eta ez daude ados erregistro zentroak errefuxiatuak atxilo edukitzeko zentro bihurtzearekin. Atenasko Parlamentuak beharrezkoa du legea onartzea deportazioen prozesuari ekiteko.

Egeo itsasoko uharteetara iristen diren errefuxiatuen kopurua asko jaitsi dela azaldu zuen Ierovasilik. Sizilian, berriz, Italiako kostazainek 3.000 migratzaile salbatu dituzte azken hiru egunetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)