Errefuxiatuei uharteetarako bidea ez galaraztea egotzi dio Greziak Turkiari

Berria, , 23-03-2016

Europako Batasunak eta Turkiak joan den ostiralean sinatutako ituneko helburuetako bat ezin beteta dabiltza agintariak: ezin dituzte gelditu Turkiatik Greziako uharteetara ontzietan iristen ari diren errefuxiatu taldeak. Batik bat, Kiosera eta Lesbosera. Antzuak izan dira bai Frontex agentziak —Europako mugen kontrolaz arduratzen da— bai Greziako kostako zaindariek ezarritako kontrolak. Herenegundik atzora, beste 600 errefuxiatuk zeharkatu zuten Egeo itsasoa.

Atenasek errua Ankarari egotzi dio, uste baitu Turkia ez dela egiten ari dagozkion zereginak. «Gaur arte [atzo], etorrerak ez dira gutxitu. Uste dugu Turkia ez dela ari betetzen dagokion akordioaren partea», kexatu zen atzo Greziako Gobernuko bozeramaile Olga Ierovasili. Jakinarazi zuen, Alexis Tsipras presidentea Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin bildu dela auzia aztertzeko. Halere, Ierovasilik onartu zuen trantsizio denbora batean «bi aldeetako inork» ezingo dituela bere eginbeharrak bete.

Itunaren «kontraesanak»

EBk eta Turkiak sinatutako itunaren «kontraesanak» salatu zituzten UNHCR NBEko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak, Giza Eskubideen Goi Mandatariak eta Unicefek. Rupert Colville Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren bozeramaileak hitz egin zuen atzo. «Harrituta gaude. Argitasun falta gorria dago. Inork ez du azaldu nola babestu behar diren jendearen eskubideak; batez ere, umeena, haiek babestu behar baitira bereziki.

Ituna sinatu aurretik uharteetan zeuden errefuxiatuak Grezia kontinentalera eraman dituzte. Uharteetan lehen babesleku zirenak, orain errefuxiatu berriak atxikitzeko zentroak izango dira. UNHCRk erabaki du zentroetara ez eramatea elikagai eta ur gehiagorik. Mugarik Gabeko Medikuek ere Lesbosko zentroetatik alde egingo dute: «Zentro horietan lanean jarraitzen badugu, injustua den sistema baten konplize izango gara».

Idomenin, dagoeneko, 13.000 errefuxiatu baino gehiago daude, eta protestak gogortu egin dira hango kanpalekuan. Atzo errefuxiatu batek su eman zion bere buruari. Anbulantzian eraman zuten ospitalera, haren lagunek sua amatatzea lortu ostean. Bere buruari su eman zion unean 50 bat errefuxiatu ari ziren protestan. Herenegundik, hainbat lagun treneko bideak okupatzen ari dira, Grezia eta Mazedonia arteko muga zabal dezatela exijitzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)