Gerra arrastoari segika
Europako agintariek gerra ekintzatzat jo dituzte Bruselako erasoak, eta «batuta» aurre egitera deitu dute. Segurtasun neurriak zorroztu dituzte, mugen gaineko kontrolak gogortu eta Polizia kalera aterata
Berria, , 23-03-2016Bruselaraino, Europaren bihotzeraino heldu dira gerraren uhinak. Parisko erasoetatik itxi gabe zeuden zauriak sakondu eta gaiztotu dituzte leherketek, ia-ia ahaztuak ziruditen ezinegonak pizteraino. Europako agintarien erretorikan antzematen da. «Gerran gaude», «Geldiezinak izango gara» edota «Erruki gabe ariko gara» gisako esanak dira horren isla. Atentatu jihadistek eragindako izua baliatuta, eskubideak murrizteari ekin zion azaroan Frantziak, eta estrategia moldatzeko zantzurik ez da sumatzen Europan. Gerra haziak ereiten ari dira. Ez bakarrik kanpoan. Baita Europan ere. Erasoek, oro har, erreakzio soka luzea ekarri dute: Europako agintariek aho batez gaitzetsi dituzte, eta «elkar hartuta» aurre egitera deitu dute.
Atentatuei erantzun bateratu bezain irmoa eman diete erakunde eta indar politikoek: dolua, salaketa eta minutu bateko isiluneak. Herrialde ororen mezuak gisa berekoak izan dira. Batetik, erasoak gaitzetsi dituzte, presazko bileren ostean. «Bortizkeriaren eta gorrotoaren zerbitzura egindako erasoak dira», salatu du Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak, eta iragarri EBk mehatxu terroristari galga jartzen lagunduko diola Belgikari. Bestetik, elkartasuna helarazi diete herritarrei. «Egun beltza da denontzat», zehaztu du, negar malkoei eutsi ezinik, Federica Mogherini EBren diplomazia arduradunak. Halere, batek ere ez ditu jo Europako Batasunaren aurkako eraso.
Aparteko berritasunik ez dago atentatuei erantzuteko eran; ez, behintzat, atzo adierazitakoei jaramon eginez gero. Soka luze baten azken muturra dira Bruselako erasoak, eta agintariek orain arteko bideari eutsiko diotela dirudi, nahiz eta gero eta ozenagoak izan norabidea aldatzeko hotsak. Bruselatik hasita, segurtasun neurriak zorroztea erabaki dute gobernuek, eta mugetako kontrolak areagotzea, poliziak kalera ateraz.
Eta Bruselan nola, Parisen hala. Frantziako hiriburua ere gerraren izuak hartuta itzartu zen atzo, iragan azaroko gertakariak burutik kendu ezinda. Manuel Valls lehen ministroaren berbak dira horren lekuko. Azaroko erasoen biharamunean esanikoen kalko bat dirudite: «Gerran gaude. Hilabete franko daramatzagu gerra ekintzak nozitzen, eta ezinbestekoa da erakunde guztion mobilizazioa, konpromisoa eta esku hartzea».
Frantziak 1.600 polizia mobilizatuko ditu, eta gorenean jarri du alerta. Garraiobide eta azpiegituretan zaintza berezia hitzeman du Bernard Cazeneuve Barne ministroak. Hori bai, frogak eduki arte, Parisko erasoaldiekin loturarik ez egiteko eskatu du. Ez da bakarra. Belgika inguruko estatu gehienek oldean hartu dituzte horrelakoak.
Neurri horiez gain, baina, erantzun politikoa ere exijitu dute: indarkeriaren aurka, ez makurtzea. Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua izan dira boza gehien altxatu dutenak. Ez da harritzekoa. Parisko erasoen ostean ere Frantziarekin batera lerratu ziren «gerra diagnostikoa» egitean. Tematuta segitzen du Hollandek: «Mehatxu global batek erantzun globala merezi du. Informazio trukaketarik eta segurtasunik gabe, ez dugu ez hazkunderik, ez inbertsiorik». Angela Merkel ados da: «Gai gara: indar metaketak terrorismoa baino indartsuago bihurtuko gaitu».
Europatik at ere erruz zorroztu dituzte segurtasun neurriak, era ezohikoan. AEBetaraino heldu da leherketen oihartzuna. New Yorken, karrikak hartu dituzte poliziek, eta gune zaurgarrietan tentuz ibiltzeko eskatu. Bada askitzat ez duenik. Errepublikanoen presidentegai Donald Trumpek torturaren aldeko eta immigrazioaren aurkako diskurtsoa haizatzeko baliatu du aukera: «Asimilazio politikek hondoa jo dute. Paris eta Brusela nola dauden ikusi besterik ez dago. Oroitzen duzue zein polita eta segurua zen Brusela? Bestelakoa da orain: arriskutsua, Poliziaren kontrolik gabea. Erne egotea eta gogor erantzutea dagokie AEBei». Ikuspuntu kontrajarrien gainetik, batasuna aldarrikatu du Barack Obamak Kubatik.
(Puede haber caducado)