Erasoa EBren erdigunean
Gutxienez 34 lagun hil eta 200 inguru zauritu dituzte Bruselan, aireportuan eta metroan egindako atentatuetan. Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu erasoak
Berria, , 23-03-2016Europako Batasunaren erdigune politikoraino ailegatu dira EI Estatu Islamikoaren erasoak. Gutxienez 34 lagun hil zituen atzo Bruselan egindako bi atentatutan: hamalau Zaventem aireportuan, eta hogei Maelbeek metro geltokian, Europako Batzordetik eta Europako Batasunaren Kontseilutik metro eskasetara. Europako agintariek aspaldian adierazia zuten Brusela EIren jomugan zegoela, eta azken urtebetean Belgikak ezohiko neurriak ezarri ditu muturreko islamisten atentatuak eragozteko argudiopean. Militarrak ezarriak zituen eraikin eta gune garrantzitsuak zaintzen, eta Polizia operazio eta atxiloketa anitz izan dira azken urtebetean. Hala ere, ez dute eragotzi Belgikak II. Mundu Gerraz geroztik jasan duen eraso handiena. «Beldur genion hori gertatu da», adierazi zuen atzo Charles Michel lehen ministroak, atentatuen ondoren egindako agerraldian.
08:00etan izan zen lehenbiziko erasoa, Zaventem aireportuko terminal nagusian. Bi bonba zartarazi zituzten hegaldiak hartzeko gunean, bata bertzearekin gibeletik. Leherketa gertatu eta gutxira aireportuko erabiltzaileek sarean zabaldutako irudietan, txikizio handia eta kea lainoaren antzera ikus zitekeen eraikinaren barrenean. Hamalau lagun hil zituzten leherketa horietan, eta 80 baino gehiago zauritu. «Leherketa bat aditu nuen, eta gero bertze bat. Norbait arabieraz oihuka ere aditu nuen», adierazi dio Alphonse Youla aireportuko langileak Le Soir egunkariari. «Azaldu ezinezko kaos bat sortu da. Sabaia gainera erori da, eta biktimak zeuden alde guztietan. Bortz hildako eramaten lagundu dut, eta zauritu anitz zeuden. Hankarik gabe gelditutakoak batzuk. Polizia batzuk zaurituta ere ikusi ditut».
Frederic Van Leeuw fiskal federalaren arabera, «litekeena» da gutxienez bi erasotzaile suizidak zartarazi izana lehergailuak. Bertze erasotzaile batek aireportutik ihes egin zuela uste dute agintariek. Lehertu ez zen bertze bonba bat ere aurkitu zuen Poliziak, eta modu kontrolatuan zartarazi zuen. Belgikako hedabideek ustezko hiru erasotzaileren irudiak argitaratu zituzten, eta Poliziak geroago jakinarazi zuen horietako baten bila ari zela. Aireportuko kamerek grabatutako irudiak dira; horietan, hiru gizonezko ageri dira maleta gurpildun bana bultzatzen terminalean. Bi berdintsu jantzita daude, eta ezkerreko eskuak tapatuak dituzte eskularruekin, ustez bonbak zartatzeko detonagailuak ezkutatzeko. Bi horiek lirateke erasotzaile suizidak, iturri horien arabera. Van Leeuw fiskalak hedabideei eskatu zien xehetasunen inguruko informaziorik ez argitaratzeko, Poliziak martxan zituen operazioak oztopa zitzaketelakoan.
Belgikako zenbait telebista katek lekukoak iturritzat aipatuta adierazi zuten tiroketa bat ere izan zela aireportuan, eta leherketen ondoren kalaxnikov fusil bat aurkitu zutela hondakinen artean. EIk sortutako Amaq News berri agentziak ere argitaratu zuen leherketaren aitzinetik «Estatu Islamikoaren borrokalariek» tiro egin zutela, baina Belgikako agintariek ez dute tiroketarik aipatu. Atentatuetan hildakoak guztira 230 izan direla ere badio Amaq Newsek.
Ordubetera, metroan
Aireportuko erasotik ordubetera egin zuten Maelbeek metro geltokikoa. Hiru bagoiko trena geltokitik ateratzen ari zenean, erdikoan zartarazi zuten bonba bat. Treneko gidariak, ibilgailua gelditu, eta ateak ireki zituen, bidaiariak berehala atera zitezen. Yvan Mayeur Bruselako alkateak jakinarazi du hogei bidaiari hil zituztela, eta 100 baino gehiago zauritu. «Hau gerra da. Ezin da azaldu», adierazi zion Bruselako suhiltzaileen bozeramaileak Le Soir-i. «Dena suntsituta dago, puskatan. 70 zauritu daude bederen. Gerrako zauriak dituzte. 40 urte baino gehiagoko esperientzia dut, eta ez dut inoiz ikusi halakorik».
Bruselan segurtasun neurri zorrotzenetakoak dituen eremu batetik hagitz gertu dago Maelbeek geltokia; izan ere, haren irteerako etorbidea jarraituta, kilometro erdi eskasera daude Europako Batzordearen eta Europako Batasuneko Kontseiluaren egoitzak. EBko funtzionario anitzek erabili ohi duten geltokia da, horregatik. Amaq News agentziak argitaratu du EIk «zehaztasun handiarekin» hautatu dituela erasotzeko helburuak, baina ez du adierazi EB jomugan zuenik. Bai Belgika, herrialde gisa, «Estatu Islamikoaren aurkako koalizioan parte hartzen duen herrialde bat». Batasuneko agintariek jendaurrean egin dituzten adierazpenetan ere Belgika bera aurkeztu dute EIren jomugatzat, EB bainoago. «EBren hiriburuan elkarrekin gaude terrorearen aurkako borrokan, eta elkartasun osoa agertzen diegu Bruselako herritarrei», adierazi du Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileak.
Europako bertze hirietan antzeko atentatuak gertatu direnetan bezala, izuak eta neurri bereziek nahasmena eragin zuten atzo Bruselan. Arratsaldera arte garraio publiko guztia bertan behera uztea erabaki zuten agintariek, eta Michel lehen ministroak deia egin zien herritarrei karrikara ez ateratzeko. Charleroi hirian ere metroa eta Bruselarako autobusak gelditzea erabaki zuten —hiriburutik 60 kilometro hegoaldera dago—. Zaventem aireportua gaur arte ixtea erabaki zuten, eta atzo ehunka hegaldi desbideratu edo bertan behera utzi zituzten. Eurostarrak, berriz, Londreserako tren guztiak utzi zituen bertan behera. RTBF katearen arabera, 300 militar gehiago ezarri zituzten mugak kontrolatzen.
Van Leeuw fiskal federalak azaldu zuenez, Belgikako Poliziak lehentasuntzat du aireportuko irudietan agertutako gizonezkoetako bat identifikatu eta atxilotzea, Zaventemgo erasoarekin zerikusia duela uste baitu. Ikerketak «herrialdeko hainbat gunetan» egin zituztela adierazi zuen, eta, erran zuenez, miaketa batean lehergailu bat eta EIren bandera bat aurkitu zuten, Bruselako Schaerbeek barrutiko etxebizitza batean. Gobernuak alerta laugarren mailan ezarri du, bortzeko eskala batean.
Belgika, EIren jomugan
Atentatuek zirrara handia sortu badute ere, Belgikako herritarrak ez ditu ezustean hartu, herrialdeak urtebete baino gehiago baitarama EIren mehatxuen, gobernuaren neurri berezien eta Polizia operazioen zurrunbiloan murgilduta. Iragan ortziralean bertan, Salah Abdeslam atxilotu zuen Poliziak tiroketa baten ondoren, Bruselako Molenbeek barrutian; EIk Parisen azaroan egindako atentatutik bizirik ihes egin zuen erasotzaile bakarra da, Frantziako Poliziaren arabera —130 lagun hil zituzten—.
Belgikak arazo sakona du muturreko islamismo sunitarekin. Kalkulatzen duenez, 600 herritar inguru dauzka Sirian eta Iraken EIren alde borrokan; EBko herrialdeen artean, biztanleriarekiko proportzioan kopuru handiena. EIrekin borrokan aritutako Belgikako eta Frantziako herritarrek sare bateratuak sortu dituzte Europan erasoak egiteko; frantses hizkuntza partekatzen dute, eta anitzek Magrebeko herrialdeetan dute jatorria. Lehenbiziko atentatua 2014ko maiatzean egin zuten Belgikan; eraso selektibo bat izan zen, Museo Juduaren aurka —lau lagun hil zituzten—, eta Frantziako herritar bat atxilotu zuten. Iaz, urtarrileko Parisko atentatuetatik astebetera —hamazazpi lagun hil zituzten—, Belgikako Poliziak bi lagun hil zituen Verviers hiriko sarekada batean, Bruselan atentatu bat «berehala» egitekotan zirelakoan. Orduan ezarri zituen gobernuak «terrorismoaren aurkako neurriak». Frantziako Poliziaren arabera, Parisko azaroko atentatuak egin zituen taldea Frantziako eta Belgikako herritarrek osatzen zuten, eta Molenbeeketik prestatu zituzten erasoak. EIk Europan egindako eraso handiena da.
(Puede haber caducado)