Gerra etxeko atarian
Berria, , 23-03-2016Erraza da Europa osoan kaosa eta beldurra eragitea. Nahikoa dira lehergailu batzuk, haiek jartzeko edo haiekin lehertzeko lagun gutxi batzuk edota tiro egiteko prest dauden beste batzuk. Ondorioa: hainbat hildako, zauritu gehiago eta milioika herritar izututa. Zibilizazioa eta ordena kolokan. Agintarien aurpegi serioak. Kaleetan polizia eta kontrol gehiago jartzeko agindua, segurtasun plantak egiteko eta herritarrei lasaitasun faltsua eskaintzeko. Europako Batasuneko izarrak dardarka: Madril, Londres, Paris, Brusela… hurrengoa noiz eta Europako zein hiriburutan izango den zain.
Gerra hotsak Europako Batasunetik urrun antzean entzuten dira. Gerrek hildakorik eta odolik gabeko bideo joko itxura ere hartu dute sarritan. Baina gerraren ondorioak etxeko ateraino ere iristen dira. Gerrarena ere bai baita globalizazioa. Hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiek ondorioak izan ditzakete.
Eta atzoko leherketak, egun batez bada ere, ezkutatu egin zuen errealitate mediatikotik errefuxiatuak bizitzen ari diren drama eta Europako Batasuneko agintarien sentiberatasun falta eta krudelkeria. Atzokoak balio beharko luke, ordea, Europako Batasunak ikusteko eta ulertzeko errefuxiatuak zerengandik ihes egiten ari diren. Batean salbuespena dena bestean bizimodua dela, eta ez dela zilegi halakoak jasaten ez dituenari babesik ez ematea.
(Puede haber caducado)