Hurrengo geltokia: zalantza

Itunak sortutako duda nagusietako bat da zer egin Grezian geratu diren 48.000 errefuxiatuekin

Berria, , 22-03-2016

Inprobisazioak kaosa eta nahasmena eragin du Greziako uharteetan. Errefuxiatuak Europatik Turkiara kanporatzeko akordioa igandean jarri zen indarrean, baina Atenasko agintariek espero baino zailtasun handiagoekin egin dute topo. Orain arte uharteetan zeuden migratzaileak Grezia kontinentalera eraman nahi ditu gobernuak; migratzaile gehiago ari dira etengabe iristen, ordea. Igandeaz geroztik, 1.600 lagunek lortu dute Egeoko itsasoa zeharkatu eta Kios eta Lesbos uharteetan lehorreratzea —biak ala biak Turkiatik oso gertu daude—. Denbora tarte horretan, bi neskatila eta bi gizon ito dira, eta Turkiako kostazainek berrehun lagun baino gehiago atxilotu dituzte. «Errefuxiatuen etorrera ez bada moteltzen, ezin izango ditugu uharteak hustu, eta ezin izango da akordioa martxan jarri», ohartarazi du Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak.

Dan Tyler Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluko kide da, eta Kiosko uhartean dago babes aholkulari gisa. Ez daki zer etorkizun izango duten azken hiru egunetan uhartera iritsitako 1.600 errefuxiatuek. «Kaotikoa da oso. Inork ez daki zer ari den gertatzen. Larrituta gaude, akordioa oso azkar jarri baita martxan».

Atzo ere autobusen joan-etorriak etengabeak izan ziren uharteetako portu inguruetan. Ferryetan sartuta, Greziako penintsulara eraman zituzten akordioa sinatu aurretik iritsitako migratzaile eta errefuxiatuak. Dagoeneko, eraman dituzte haietako gehienak, 8.000 inguru; batik bat, hiru portutara: Kavalara —iparraldean—, Volosera eta Elefsinara —Atenastik gertu—. Atenasen asmoa da kanpalekuetako babeslekuetan tokia egitea. Ituna sinatuta, igandeaz geroztik iritsitako migratzaileak atxikitzeko zentro bihurtuko dira babeslekuak. Errefuxiatuen kudeaketarako bozeramailea da Iorgos Kyritsis: «Azken egunetan iritsitako errefuxiatuak gune itxietan egongo dira, zainduta eta babestuta. Aurrekoak aske dira».

Migratzaileak ez ezik, babeslekuetan zeuden ekintzaileak ere kanporatu egin dituzte. Aurrerantzean UNHCR NBEko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak ere ez die babesik emango iritsi berriei. Hala azaldu zuen kaleratutako ohar baten bitartez: «Atxikita daude. Guk ez dugu halako zentro batean zerbitzurik emango. Ez ginateke ariko gure agindua betetzen». UNHCRek ez du gehiagorik lagunduko garbiketa lanekin eta ez du elikagairik eta ez urik eramango.

Migratzaile berriak Egeoko uharteetan Greziako Gobernuak eraikitako bost erregistro zentroetako batera eramango dituzte: Lesbosera, Kiosera, Kosera, Samosera edo Lerosera. Han bukatuko da haien ibilbidea, eta bi aukera izango dituzte: asiloa eskatu edo Turkiara deportatuak izan. Asiloa eskatzen dutenak bertan geratu daitezke, Greziako eta EB Europako Batasuneko funtzionarioek kasuak aztertzen dituzten bitartean.

Turkian geratzeko deia

Europako Batasunak eten egin nahi ditu errefuxiatu siriarrek trafikatzaileen ontzietan Turkiatik Greziako uharteetara egiten dituzten bidaiak, eta dei egin die Turkiako kanpalekuetan geratzeko, modu horretan Europara iristeko aukera bat izango dutelakoan.

Itunak sortu duen zalantza nagusia da ea zer gertatuko den Balkanetako mugak itxi ostean Grezian geratu diren 48.000 errefuxiatu eta migratzaileekin. Idomenin 12.000 inguru daude; Pireoko portuan, beste 5.000. Oraingoz, Atenasko gobernuak denak banatu nahi ditu penintsulan, armadak azken orduetan eraikitako kanpalekuetan. Itunean adostutakoaren arabera, EBk Turkiako kanpalekuetako siriar bat hartuko du bere lurretan, Turkiak Greziako uharteetara iritsitako siriar bat hartzen duen bakoitzeko.

Migratzaileen etorrera ez da eten, eta, horregatik, Atenasko agintariek aitortu dute ez dutela espero apirilaren laugarren eguna baino lehenago hastea migratzaileak Turkiara kanporatzen. Ordurako, Greziak martxan izan beharko du asilo eskaerak modu arinean aztertzeko prozesua.

Oraingoz, inprobisazioa da nagusi uharteetan. Han dauden asilo erakundeek eta ekintzaileek salatu dute ituna indarrean sartu zen egunean ez zegoela agintariek agindutako ehunka gainerako polizien, migrazio funtzionarioen eta itzultzaileen arrastorik. Atenastik ez dute jaso inolako informaziorik, eta arduratuta daude, ez baitaude ziur gerratik ihesi joandako errefuxiatuek akordioak exijitzen duen babesa jasoko duten.

«Argibideen zain gaude. Babeslekuetan 7.000 bat lagunentzako lekua egitea eskatu ziguten, eta oraingoz bete dugu lana. Baina ez dakigu oraindik akordioa nola bete behar dugun», adierazi zuen atzo Lesboseko alkate Maios Andriotisek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)