Migratzaileen alde boza goratuta

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako egunaren harira, jendea erruz batu da herri eta hirietan eginiko ekitaldietan. Errefuxiatuen egoeraz ohartarazteko baliatu dute parada

Berria, , 22-03-2016

«Erreakzio emozionala da». Bizkaiko SOS Arrazakeriako kide Liliana Martinez Iturberen hitzetan, asaldatuta hurbiltzen zaie azkenaldian jendea errefuxiatuen alde egiten dituzten ekintzetara. EB Europako Batasunera sartu ezinik egoera aski gaitzetan dauden milioika errefuxiaturen harira, hunkitu egin da jendea, eta egunotan Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin lotuta —martxoaren 21ean izaten da— egin diren mobilizazioetara bereziki horien aldeko mezuak ozentzeko gogoz atzeman dute jendea: suminduta. Eta aldarri horietan presente egon da Europako Batasunak lehengo astean Turkiarekin itundu zuen akordioa. Izan ere, Greziara heltzen diren errefuxiatuak Turkiara egozteko bidea emango du: kanporatzekoa. «Lehendik ere egon dira antzeko jokaerak, baina akordio hau atzerapauso handi bat da», deitoratu zuen Martinez Iturbek atzo ilunabarrean Bilboko Arriaga plazan beste 80 elkartearekin batera egin zuten mobilizazioan parte hartu aurretik. «Itun horrek heriotza dakar».

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak, beste elkarte askori atxikita, igandean ozendu zuen nazioarteko egunari zegokion mezua; Nafarroan, berriz, larunbatean egin zuten protesta nagusia. Ohi den gisan, Trintxerpe eta Donostia artean martxa bat eginez egin zuten protesta Gipuzkoan. Aurreko urteetan baino jende gehiago bildu zela eta, pozik zeuden antolatzaileak. Argi onartu zuten, ordea, horren motiboa egoera bera dela: itzalez jositakoa. «Gero eta jende gehiago dago arazo honekin minduta, eta bere min hori adierazi nahi du kalean». SOS Arrazakeriako kide Agustin Unzurrunzagaren arabera, Europako Batasunaren azken erabakiak «luzerako ondorioak» izango ditu: kalterako. «Atzerapauso izugarrizko bat da, trikimailuekin egindakoa», salatu zuen.

Asilo eskubidea saihesteko saioak EB barruko estatuek lehendik ere usu egin izan dituztela oroitarazi zuen; adibidez, 2000. urtean Pasaiako portura (Gipuzkoa) Unity XI itsasontzian ailegatutako polizoiak nola kanporatu zituzten ondo gogoan du. Baina itun hau onetsita EBko buruek aparteko urrats bat egin dutela pentsatzen du, orain arte zenbait kasu jakinetan erabili izan den «trikimailua» orokortu eta onesteko urratsa dela iruditzen zaio.

Argi du Unzurrunzagak zein den arazoaren muina. «Europan ez da eraiki asilo politika batu bat; estatuek jarraitzen dute egiten nahi dutena alde horretatik. Eta horixe ari gara ikusten: Europa ez da gai hori bideratzeko». Horregatik, nahi eta ezinean galduta, egin ezin duen «lan zikin bat» egotzi nahi dio EBk Turkiari, SOS Arrazakeriako kidearen ustez. Bide antzua iruditzen zaio, etsia. «2015ean 853.000 pertsona sartu ziren Greziara; zer egin behar dute horiekin guztiekin?».

Elkartasun keinu ugari

Beste erakunde askok ere ekarri dituzte egunotan gogora errefuxiatuak. ELA sindikatuak, esaterako, giza kate bat egin zuen atzo Bilbon Kanpoko eta barruko harresiak apurtu. Arrazismo eta xenofobiari stop leloa ardatz hartuta. LABek, berriz, ohar bat atera du, aldaketak eskatzeko: «Europako migrazio politikak aldatzearen beharra ezinbestekoa da». Eta herritarrak ere gero eta irmoago ari dira. Hara adibide bat: Gernika Gerrarik ez-Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek, esaterako, atzo jakinarazi zuten Calaisen (Frantzia) dauden errefuxiatuentzat 8.000 euro bildu dituztela. Laguntzeko gogoz daude herritarrak, plataformako kide Maitane Uriarteren arabera, eta arin lortu dute dirua. «Gero eta irudi gordinagoak ikusten dira hedabideetan; jendea oso sentsibilizatuta dago». 1936ko gerrako memoriari eusten saiatzen dira Gernikan (Bizkaia), eta herritarrek konparazioa usu egiten dutela azaldu du. «Hemendik atera zirenei ez zieten aterik itxi; orain Europa ateak ixten ari da».

«Aniztasuna» goratu eta etorkizuna goldatzeko, EH11Kolore elkarteak Bilboko Miribilla eskola omendu zuen atzo. 21 jatorritako umeak ditu. Ateak zabal-zabalik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)