Aniztasun kulturala hezkuntza bidez eraiktzeko beharra nabarmendu du EH 11 Kolorek
Gara, , 21-03-2016Arrazismoaren Kontrako Nazioarteko Egunean, EH 11 Kolore erakundeak «aniztasun kulturalean oinarrituko den etorkizun bati begira» hezkuntzak duen garrantzia azpimarratu du. «Guztion ardura» dela gogorarazi dute eta instituzio, alderdi politiko eta beste eragileei «esfortzua» eskatu diete.
EH 11 Kolore erakundeak, Arrazismoaren Kontrako Nazioarteko Egunean, aniztasun kulturalean oinarrituko den etorkizunera begira hezkuntza «giltzarri» moduan nabarmendu du. Horretarako «arlo guztietan aurkera berdintasuna bermatuko duen» hezkuntza eredu baten alde egitea «ezinbestekotzat» jo du.
Era berean, aukera berdintasun hori bermatzeko, «euskararen ezagutza eta erabilera» balioan jarri du arrazismoaren kontrako erakundeak. Zentzu honetan, hezkuntza komunitateari omenaldia egin nahi izan dio EH 11 Kolorek.
Hau Bilboko Miribilla eskola publikoaren eskutik egingo du. Ikasle, irakasle, zuzendaritza, guraso eta auzokideak abesbatza batean bildu dira Arrazakeriaren Aurkako Egunean Atanbora abesteko, EH11koloreren aniztasun kulturalaren aldeko ereserkia dena.
Honela, «aniztasun kulturalean elkarbizitzea euskal gizartearen erronka etengabea» dela gogorarazi du, eta hau «guztion ardura» dela. Horregatik instituzioei, alderdi politikoei, sindikatuei, herri mugimenduari eta elkarte desberdinei «aniztasun kulturalaren inguruan, gure herrira egokitutako ereduaren inguruko hausnarketan sakontzeko» esfortzua egin dezaten eskatu die.
(Puede haber caducado)