Buruan hijaba, eskuan sablea

Munduari bira eman dion argazkian, eskrima saio baterako prest dagoen Ibtihaj Muhammad tiratzaile estatubatuarrak kolorez eta itxuraz kirol jantziarekin bat egiten duen hijab batez estaltzen du bere burua

Diario Vasco, Begoña del Teso, 20-03-2016

Irudi horren atzean bada istorio interesgarri pare bat. Argazki horren aurrean, beste kontu oso polik batzuk. Ibtijah Muhammad Estatu Batuetako eskrima taldeko kide izango da Brasilgo Joko Olinpikoetan. Eta ez halamoduzkoa: duela urtebete, Kazanen izan zen nazioarteko txapelketan, urrea eta brontzea lortu zituen erabiltzen duen armarekin; sablearekin, alegia.

Ibtihaj ez da Ekialde Hurbiletik Amerikara joandako errefuxiatua, New Jerseyen jaiotako hiritar estatubatuarra baizik. Azala beltza eta sinesmena islamdarra dituena. Baita unibertsitateko titulu sorta ederra ere. Zertan? Nazioarteko Harremanetan eta Ikasketa Afrikarretan. Gehi Marokon lortutako gradua, hizkuntza arabiarrean.

Beltza, musulmana eta eskrima tiratzailea… Arraro samarra agian? Ibtihajen esanetan, «bai, bihotza aurrejuzguz beterik duenarentzat. Baina nik ez diet horiei erreparatzen. Eskrima aukeatu nuen arrazoi oso erraz bategatik: amak eta biok tiratzaileek daramaten jantziak gorputz osoa estaltzen diela ikusi genuen. Akabo beste kiroleekin nituen arazoak, musulman fededuna izanik ez baitnoa inora praka eta elastiko motzetan. Horrexegatik ekin nion eskrimari, jazkerak gorputza tapatzen zidalako. Lehendabizikoz, ezpata aukeratu nuen. Geroxeago sableari heldu nion. Hasieran hain era berezian aukeratutako kirola nire pasio eta urguilu bilakatu da».

Bi taldekiderekin, ostiral honetantxe bere Facebookean jarri duen argazkian. /
FACEBOOL

Baina istorio honek badu beste ertz bat. Ibtihaj eskriman hasi zen Fundazio berezi batean, ospe handiko eskrimatzaile den Peter Westbrookek sortutakoan. Bertan, ezpatan zein sablean edo floretean (eskrimaren hiru armak dira, izan ere) maisuak diren kirolariek kaleko haur eta gazteak hartzen dituzte ikasle, eta boxeoan eta boxeoarekin gertatu ohi den legez nolabait, amets egiteko eta bizitzeko bide berriak erakusten dizkiete, 14 metroko luzera duen pista gainean. Oldarkorra bezain dotore eta argia den kirol hori aproposa da barruan daramazun amorrua ezpataz zein sablez bideratzeko, elegantzia eta agresibitatea elkartuz. Ez duzu taldean ezkutatzerik. Ez duzu taldearen babesik izango. Bakarrik zaude. Ezpata, sablea, floretea eskuan duzula. Arerioa aurrean. Begira duzu. So zaude. ‘En garde, prest, allez’. Bazoaz harengana. Badator zuregana…

Eta zapalduko duzun pista horren kantoietan bada oso film ederra, ‘Blackblades’ izenburukoa, Rick Loutzenhiserek zuzendua, non tiratzaile beltzen borroka eta lorpen anitzak kontatzen diren. Hamaika hesi bota behar izan zituzten, gutxik sinesten zutelako afrikar jatorrizko tiratzailerik existituko zenik noizbait.

Ibtijahek Marokon estudiatu zuen Islamaren errealitatea. Magrebeko beste lurralde batetik, Tunisiatik, datorkigu eskrimarekin loturiko beste kontakizun bat. Zine zuzendari den Lea Hjort Mathiesen daniarrak Cairoko Emakumeen Zinemaldian arrakasta osoz aurkeztu zuen duela gutxi ‘Malek Means Angel’ film laburra. Bertan, Ibtihaj bezala eskrimarekin ametsetan dabilen neskato bat aurkitzen dugu, Malek izenekoa.

Ez, berak ez du hyaba jazten. Ez, berak ez du sablea erabiltzen, floretea baizik, baina seguru amets bertsuak dituztela oraindik borroka bat ere irabazi ez duen floretearen artista txikiak eta urrearen dirdira iada ezagutzen duen sabledun New Jerseykoak.

Zergatik aukeratu zituen Leak Tunisiako tiratzaile hasiberri baten desio eta beldur izpiak gaitzat? Hasteko, eskrima bizitzaren metafora izugarrizkoa delako. Azken finean, ikusleak filma bukatzen denean, erantzunik gabeko galdera zabala egiten dio bere buruari: irabaziko al ditu Malekek arma aretoan bizitzan bezala izango dituen borrokak? Zenbat galduko ote? Bestalde, Vimeon ikusgai (https//vimeo.com/136608393, Malek pasahitzaz erabiliz) dugun harritxo bitxi hori indar handiko egitasmo baten emaitza da: Danimarkako hainbat eta hainbat zine – ikasle joanak dira Afrikara edota Ekialde Hurbilera han bertan, bertako baliabidekin, tokian tokiko biztanleekin filme bat egitera. Hilabete batean behar dute burutu. Leak egin duen honek sariak irabazi ditu nonhai.

Berri gehiago zinemak maite duen eskrima mundu honetan? Bai, azken momentuan Oscarretarako lehiatik at geratu zen Finlandiaren eta Errusiaren arteko ‘The Fencer’ filma uztailean estrenatuko da gurean. Han, Siberiako lautada izoztuetan ikasiko dugu floreteak hurritz adarrekin egiten. Argudioa? Ihesean dabilela, gimnasia irakasle diharduen eskrima txapeldun baten portreta delikatu baina garratza.

Oharrak: sablea ebaketa arma da eskrima munduan, ezpata sarketarena den moduan. Bien artean, floretea dugu, aretoetako filigrana benetakoa. Duela gutxi arte emakumeok ez genuen ez ezpata ez sablea erabiltzerik. Ez txapelketetan, ez Joku Olinpikoetan. Floretez baino ezin genuen borrokatu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)