Mamu hau bizi-bizirik zegoen
Alemaniak agur esan dio 25 urteko egonkortasun politikoari, ultraeskuinak landerretako bozetan eserleku asko eskuratu eta gero. CSUko liderrak Angela Merkeli egotzi dio emaitza
Berria, , 16-03-2016«Luizi tektonikoa» deitu zion atzo Horst Seehofer CSUko Bavariako lehendakariak. Haserre, haren iritziz, demokristauen eskuinaldean ustiatu den espazioak ez lukeelako existitu beharko.
Alemania 1990ean bateratu zenetik, mugarri politiko garrantziskoentzat jo dute askok igandean Baden-Wuerttenberg, Renania-Palatinatua eta Saxonia-Anhalten egin bozetan jazotako emaitza. Urte luzeetan sasian zebilen mamuak, ultraeskuinak, egun-argiz erakutsi zuelako bizi-bizirik dagoela.
Luzaroan, «bozkatu ezinezkotzat» jo ohi den NPD neonaziena izan da politika xenofoboak babestu nahi zituztenen boto txartel posible bakarra. Azkenaldian badute beste aukera bat, Alemaniarentzako Alternatiba (AfD). Errefuxiatuen krisiak bultzatuta milioitik gora hiritarrek igandean eskaini babesak hiru landerretako parlamentuetan eserleku mordoa eskuratu dizkio. Hiru urte bete berri dituen alderdia da oso estatikoa zirudien Alemaniako argazki politikoko protagonista berria. Eskuineko bazterrean bakartuta dago, eta erretratuan aspalditik zeudenak ere, azkenik, begira ditu orain.
Kaltetuen zerrenda zabala
AfDko lehendakaria, Frauke Petry, bereziki harro zegoen atzo, argazkiko beste guztiei hautesleak ostu dizkietelako. «Hautesle zoriontsuen mugimendua izan nahi dugu», aldarrikatu zuen, eta segituan heldu zion boladako gaiari: «Herritar askoren susmoa da haien baliabideak erabiltzen direla errefuxiatuei emateko. Jende horren alderdia gara».
Seehofer Bavariako lehendakariaren ustetan, ultraeskuinaren mamuak ezkutatuta jarrituko luke Angela Merkelek krisiaren kudeaketa «zentzuzkoagoa» egin izan balu. «Porrotaren arrazoi nagusia da kantzillerrak errefuxiatuekin darabilen politika», aztertu zuen CSUko buruzagiak biharamunean; «mezua ulertu dela erakutsi behar dugu bizkor, eta politika hori aldatu». Merkelen eta Bavariako demokristauen arteko mesfidantza gero eta nabariagoa da. «Ezin dugu esan haiekin batasunik dugunik. Gauzek horrela jarraitzen badute, CSUren iraupenean pentsatzen hasi beharko dugu», errematatu zuen Seehoferrek erronkari. Igandeko emaitzak oso kaskarrak izan ziren CDUrentzat. Batik bat, Baden Wuettenbergen, hamabi puntu eta hemezortzi eserleku galdu baitituzte.
Danbateko handiena SPDko sozialistek jasan zuten, ordea. Renania Palatinatuan gailendu izana kontsolamendu eskasa da, beste bi landerretan bozen erdia baino gehiago galdu baitute, etaeta laugarren indar bihurtu baitira. Alderdiko lehendakariak, Sigmar Gabrielek, populismoak sozialisten ildoa ez duela baldintzatuko aldarrikatu zuen, eta Berlingo koalizioko bazkide demokristauei biek arnasa har dezaten errezeta bat proposatu zien. Wolfgang Schauble CDUko finantzako ministroak gastu sozialerako eskua nabarmen zabal dezan galdegin zuen, errefuxiatuei eskaini arreta dela eta baztertuak sentitu diren herritarren konfiantza berreskuratze aldera.
FDPko liberalek duela bost urteko emaitzak hobetu izanak analisten susmo bat baieztatu du. Sortu zenean gertatu ez bezala, dagoeneko AfD alderdi guztiei ari da hautesleak atzematen, herrialde osoan. Bereziki deigarria da Saxonia-Anhalten gertatutakoa, non pentsatzekoa baita iraganeko SPD eta Die Linkeko boz mordoa ultraeskuinera pasatu direla zuzenean, zentro politikoan eskalarik egin gabe. Alemania bateratu zenetik, sekula ez zituen ezkerrak hain emaitza kaskarrak izan Ekialdeko lander batean.
(Puede haber caducado)