Zirrikituetatik begira
10.000 haur
Deia, , 15-03-2016ORAIN dela hilabete jakin genuen Siria eta inguruko herrietatik Europara zihoazen milaka errefuxiaturen artean 10.000 haur inguru galdu direla. Lerroburuetan eman zuten albistea, eta zalapartaren erdian, Bruselan gaia ikertuko zuen batzordea sortuko zela iragarri zuten (edo adituen lan – taldea, edo koordinazio – mahaia, edo zer dakit nik). Adiskideon arteko solasaldietan gaia azaldu zenean, nik, nahikoa sutsuki gainera, zera esan nuen, gertakari horrek epelkeriak bazter uzteko balio izango zuela, ezinezkoa iruditzen baitzitzaidan gauzak ordura arteko zitalkeriaren bidetik joan zitezkeenik munta horretako drama baten aurrean. Botilak gainezka egingo zuen 10.000 tanta sartuta. Ezetz esan zidaten nire solaskide eszeptikoenek, 10.000 haur horiek berehala ahaztuko genituela, egunero Europako mugetan hilzoritan abandonatu ditugun gainerakoak ahantzi ditugun modu bertsuan. Ezetz esaten nuen nik, ezetz eta ezetz. Nola egin ez ikusiarena erraz imajina genezakeen ume galduen ilara luze – luze horren aurrean?. “Ikusiko duzu”, esan zidan solaskideetako batek. “Ikusiko dugu”, erantzun nion nik.
Konfundituta nengoen. Oker nengoen.
Hilabete pasa da eta ez da galdutako edo bahitutako ume horien berririk. Ez dira agertu, eta areago guztiz desagertu dira, lerroburuetatik, egunkarietako orrietako izkinarik txikienetatik ere bai.
Oker nengoen, eta askotan gertatzen zaidala aitortu behar dut. Okerrean berrerorlea naiz, behin eta berriro jausten bainaiz, harritzar berean estropezu eginda. Egoera jasanezina zela esan nuen lehen errefuxiatuen ontziak kostaldera iristeko ahalegin antzuan naufragatzen ikusi nituenean, eta baita haurren hilotzak ager – tzen hasi zirenean gure hondartzetan, edota negu – minean lokazturik aurrera egiten saiatzen ari ziren ilara horiek ikusi nituenean ere. Egoera jasanezina da, bai, baina “beraientzat”, gu ez diren beste horientzat. Guk, izan ere, den – dena jasan dezakegu gaia argituko duen adituen batzordeak zer dioen itxaroten dugun bitartean.
(Puede haber caducado)