Greziatik Mazedonian sartu diren ehunka iheslari atxiki ditu Poliziak

Iheslariekin zihoazen kazetariak atxilotu dituzte, tartean Ane Irazabal BERRIAko kolaboratzailea. Gauerdian gelditu zen aske Irazabal.

Berria, Adrian Garcia, 15-03-2016

Mugako hesia gurutzatzeko bide bat aurkitu dute Idomenin harrapatutako errefuxiatuek, Greziaren eta Mazedoniaren artean, eta eguraldi txarrari aurre egin eta bidaiari ekin diote. Ehunka lagunek lortu dute orain astebete itxitako muga zeharkatzea. Mazedoniako Barne Ministerioaren arabera, 700 bat dira, baina Reuters agentziako argazkilari batek 2.000 inguru zenbatu ditu. Haiek bueltan Idomenira kanporatzeko asmoa du Mazedoniak, nahiz eta ez duen zehaztu noiz eta nola egingo duen. Errefuxiatuekin batera zihoan kazetari talde bat ere atxilotu du Mazedoniako Poliziak, tartean Ane Irazabal BERRIAko kolaboratzailea. Isun bat ordainduta aske utzi zuten gauerdi inguruan.

Idomeni kanpalekutik basora jo du errefuxiatu talde batek eguerdian, ondasunak bizkarrean hartuta. Haur ugari ere bazeuden taldean. Orduak eman dituzte ibiltzen, bide lokaztuetatik barrena, ibaira iritsi diren arte. Suva Reka errekak normalean ez du ia urik eramaten, baina euriteen ondorioz gainezka dago egunotan.

Ibaia zeharkatzeko soka bat erabili dute, eta giza kate bat osatu dute alderik alde gurutzatzeko. Mugako alanbrezko hesian barrena barrera zulo bat aurkitzea zuten helburu. «Ez dugu Idomenin geratu nahi, nekatu garelako bertan egoteaz», adierazi dio AFP agentziari Siriako iheslari batek.

Muga gurutzatu bezain pronto amaitu da, ordea, errefuxiatuen esperantza. Reuters agentziaren arabera, Mazedoniako soldaduek inguratu egin dituzte, eta kamioietan sarrarazi dituzte. «Neurriak hartuko ditugu Greziara itzularazteko», adierazi du Poliziaren bozeramaile batek. MSF Mugarik Gabeko Medikuek salatu dutenez, atzo bertan kanporatu zituzten Idomenira bueltan.

Iheslariekin batera, lanean ari zen kazetari talde bat atxilotu dute segurtasun indarrek, muga legez kanpo gurutzatzea leporatuta. Irazabalek iheslariek eginiko bidearen berri eman du atxilotua izan aurretik Twitter sare sozialean: «(Izoztutako) mugako ibaia gurutzatu dugu. Negarrak, oihuak eta urduritasun asko. Mazedoniako Polizia gure zain dago». Gevgelijako polizia etxera eraman dute, beste 30 bat kazetarirekin batera. Albiste agentziek jakinarazi duten arren laster zirela askatzekoak, bart gauean oraindik atxilopean zuten Irazabal. 250 euro inguruko isuna ordaindu ostean behar zuketen denak kalean. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Mazedonian urtebetean sartzeko debekua jarri diete.

Freelance kazetaria

Feelance kazetaria da Irazabal, eta nazioarteko hainbat hedabiderekin lan egin ohi du. BERRIAko kolaboratzailea da 2011. urtetik. Azkenaldian errefuxiatuen krisiaren berri eman badu ere BERRIAn, besteak beste, Egiptotik, Tunisiatik, Palestinatik eta Jordaniatik idatzi izan du.

Idomenin zen Irazabal, azken egunetan okerrera egin baitu egoerak kanpalekuan. 14.000 lagun inguru daude hor —iturrien arabera kopurua aldatzen da—, muga gurutzatu ezinik. Euri jasak putzu bihurtu du kanpalekua, eta bizi baldintzak erabat txartu dira; giza eskubideen aldeko erakundeek ohartarazi dute gaixotasunak zabaltzeko arriskua areagotu dela.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Babar Balochek onartu du egoera «zaila» dela. «Hau ez da behar bezalako kanpaleku bat. Jendea leher egina dago, nekatuta, eta pazientzia amaitzen ari zaie».

Edonola ere, Mazedoniako Gobernuak ez du jarrera aldatuko, eta ohartarazi du bidea itxita mantenduko duela. «Muga gurutzatzea legez kanpokoa da, eta Mazedoniak ez ditu mugak irekiko. Balkanetako bidea itxita dago», adierazi du gobernuaren bozeramaile Ivica Bocevskik.

Greziako hedabideen arabera, herenegun gauean mugaldeko hesian zulo bat zegoela zabaldu zen Idomenin, eta, atzo, bata bestearen atzetik basora jo zuten bi taldek. Greziako Poliziak lehen taldearekin ezikusiarena egin du, baina bigarrena geldiarazten saiatu da. Azkenean polizia lerroa gainditu eta aurrera egin dute iheslariek. Haatik, atzoko iheslariak ez dira toki horretatik muga gurutzatzen saiatu diren bakarrak. Mazedoniako Poliziak hiru afganiarren hilotzak aurkitu zituen atzo goizean goiz ibaian.

Greziako Gobernuak Idomeniko kanpalekua hustu nahi du, baina ohartarazi du ez duela horretarako indarra erabiliko. Iheslariak «konbentzitzea» da gobernuaren helburua. Egunotan hainbat hizkuntzatan eskuorriak banatu dituzte kanpalekuko biztanleen artean: «Kontuan hartu muga itxita dagoela. Greziak ostatua, elikagaiak eta osasun arreta eskainiko dizue». Herrialdean irekitako harrera guneetan birkokatu nahi dituzte.

Greziak aste honetan jasoko du krisiari aurre egiteko laguntza EBtik. Iragan abenduan giza babeserako mekanismoa aktibatu zuen Atenasek, eta hamahiru estatu kidek eta Norvegiak giza laguntza bidali diote. Mendebaldeko Balkanetako bidea itxita, uste da 42.000 errefuxiatu inguru daudela egun Grezian, aurrera egin ezinik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)