Arrazakeriaren aurkako mugimenduaren omenez, ‘Gora Gasteiz: Izan kolore’ dokumentala

Gara, NAIZ, 14-03-2016

Beñat Fontaneda gasteiztarrak ekoitzi eta zuzenduta, Gora Gasteiz ekimenaren inguruan antolatutako arrazakeriaren aurkako mugimenduaren ibilbidea gogoratzen du ‘Gora Gasteiz: Izan kolore’ dokumentalak. Ostegunean estreinatuko dute, eta hiritar guztiei bertaratzeko gonbitea egin diete.

«Boto batzuen truke denak ez du balio». Hitz horiekin bukatu zen 2015eko apirilaren 18an Gora Gasteizek antolatutako egun osoko ekimenaren harira aurkeztutako manifestua. Etorkinak jo puntuan jartzen zituen diskurtso politikoa salatuz, Gasteiz anitzaren aldeko aldarria ozen plazaratu zuten.

Orain, urtebete geroago, ‘Gora Gasteiz: Izan kolore’ dokumentala aurkeztuko dute, Beñat Fontanedak ekoitzi eta zuzenduta, mugimendu hiritar horren borrokaren testigantza jasotzen duena.

Ostegunean, hilak 17, aurkeztuko dute, Europako Kontseilua Jauregian, arratsaldeko 19.30ean. Hiritarrei parte hartzeko gonbitea egin diete, haiek jo dituztelako dokumentalaren benetako protagonistak.

Elkarrizketatutako pertsonen oroimen eta hausnarketen bidez, Gora Gasteiz ekimenaren borroka gogoratzeaz gain, «beste borroka asko piztea» helburu du dokumentalak, egileen esanetan.

Errefuxiatuen aferan Europako Batasunaren jarrera «berekoi eta krudela» salatzeaz gain, aldarri horren harira antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko deia egin dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)