errefuxiatuen krisia

Siriakoak ez diren errefuxiatu guztiak beren herrietara bueltan emateko eskatuko dio EBk Turkiari

Berria, Berria, 07-03-2016

Eurpako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuak Turkiako lehen ministroarekin bilduko dira errefuxiatuen krisiari neurria hartzeko intentzioz. Eskuetatik joan zaie errefuxiatuen etorrera, eta ez dakite nola konpondu krisia. Europan mugak ixten ari dira, eta errefuxiatuak egoera oso gogorretara behartzen dituzte. Grezian pilatuta daude asko, eta EBk “laguntza humanitarioak” hitz eman dituen arren, beraiek ezin direla guztien kargu egin ohartarazi zuen Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak. Donald Tusk Europako Kontseiluko lehendakariak joan zen astean aurreratu zuen Europako estrategia berria, alegia, errefuxiatuak beren herrian gelditzera edo gutxienez Europara ez etortzera konbentzitzea. Hala esan zien: “Ez jarri zuen biziak eta dirua arriskuan, ez sinistu mafiei. Ez etorri Europara”.
Gaur, urrats berri bat egiten saiatuko dira bide horretan. Siriakoak ez diren eta asilo eskubidea ez duten errefuxiatuak Europara ez iristea da gakoa, eta horretarako Turkiaren laguntza behar dute. Ahmet Davutoglu lehen ministroarekin bilduko dira Europako estatu eta gobernuburuak, eta Turkiak errefuxiatuak beren jaioterrietara bueltan emateko konpromisoa hartu dezan saiatuko dira.
Tusken arabera, Turkia prest dago bere itsasoetan atzemandako errefuxiatuak euren sorterrietara itzultzeko. Eta bide horretan sakontzeko konpromisoak lortzen saiatuko dira gaur. Ankarak eta Bruselak, iaz, 3.000 milioi euroren truke hartutako konpromisoen jarraipena izango da gaurkoa —konpromiso haietako gehienak bete gabe daude—.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)