Grezia diruz lagunduko du EBk, iheslarien kanpaleku erraldoia bihurtu dadin
Europan giza krisiei aurre egiteko hiru urterako 700 milioi euroko funts bat sortzea proposatu du EBk. Grezian «giza hondamendia» saihestea du helburu
Berria, , 03-03-2016Europako herrialdeen alde bakarreko erabakiek sortutako krisi humanitarioa arintzeko dirua jarriko du EB Europako Batasunak. Mazedoniako muga itxita, 30.000 lagun daude Greziatik atera ezinik, eta NBEk ohartarazia du «giza hondamendi baten» atarian dagoela herrialdea. Atzo baieztatu zuen Bruselak azken egunetan hainbat hedabidek filtratutako neurria: Europako Batzordeak proposatu du 700 milioi euroko funts bat sortzea hiru urterako. Greziaren egoerari begira sortu dute funtsa, baina iheslari asko jaso dituzten herrialdeak laguntzeko ere erabiliko dute.
Balkanetako ibilbidea itxita, Europaren asmoa da Grezia diruz laguntzea, herrialdea errefuxiatuen harreragune handi bilakatzeko. Atenasek berak onartu du igarobide bat izateari utz diezaiokeela, eta iheslariak luzerako hartu beharko dituela. Greziako Migrazio ministro Giannis Muzalasek horrela adierazi die eskualdetako presidenteei bilkura batean, Greziako hedabideetara filtratu dutenez. «Gure egoera ez da ona. Laster errefuxiatuak eta migratzaileak konturatuko dira ezin direla nahi duten herrialdera joan», adierazi du ministroak agerraldi batean. Giza krisiari ez ezik, austeritate neurri zorrotzei aurre egin behar die Atenasek. Muzalasek ohartarazi duenez, mugak itxita eutsiz gero, «hurrengo asteetan» 70.000 iheslari gera daitezke harrapatuta herrialdean.
Bruselaren asmoa da aurten 300 milioi euro banatzea, Greziako egoerari aurre egiteko. 2017an 200 milioi euro jarriko lituzke, eta 2018an, beste 200. Haatik, Europako Batzordeak ez du azaldu nondik aterako duten diru hori, nahiz eta ziurtatu EB kanpoko herrialdeen laguntza programetatik kenduko ez dutela.
EBk askotan jarri du dirua nazioarteko larrialdiei erantzuteko, baina orain batasuneko mugen barruko giza hondamendia saihestera behartuta proposatu du diru funtsa eratzea. Edonola ere, dirua ez da berehala erabilgarri egongo, Bruselak «larrialdi plana» deitu arren. EBko aurrekontua moldatu beharra du lehendabizi, eta, horrenbestez, Europar Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren oniritzia beharrezkoa du.
Tusk-Tsipras bilkura
«Proposamen honekin, krisi kasuetan laguntza azkarrago banatu ahal izango dugu EB barruan. Espero dut Europako Parlamentuak eta gobernuek proposamena azkar babestea», adierazi du Christos Stylianides Giza Laguntza eta Krisien Kudeaketako komisarioak.
Ez dirudi Balkanetako herrialdeek errefuxiatuen igarobidea irekiko dutenik. Greziako Poliziak jakinarazi duenez, atzo une batez soilik ireki zuten muga Mazedoniako segurtasun indarrek, eta eguerdira arte 170 laguni utzi zieten gurutzatzen. Baina Idomeni kanpalekuan, bi herrialdeen arteko mugaldean, 8.000 lagunetik gora daude Europa iparraldera jotzeko esperoan. «Ez dago denentzat ostatu aproposik, eta egoera krisi humanitario bihurtzeko bidean da», ohartarazi du Babar Baloch UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Gobernuz kanpoko erakundeek salatu dutenez, uharteetatik Pireoko portura iritsi diren errefuxiatuentzako elikagaien gabezia dago.
Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea Mazedoniako presidente Gjorge Ivanovekin bildu zen atzo, auziaren inguruan hitz egiteko. Gaur Atenasen izango da, Greziako lehen ministro Alexis Tsiprasekin.
Kanporaketak azkartu
Europak seinale argia bidali nahi die errefuxiatu eta migratzaileei, eta deportazioak azkartzen hasi da. Europako Batzordeak jakinarazi duenez, 308 lagun itzularazi ditu Greziatik Turkiara, asilo eskubidea ukatuta. Tunisiarrak, marokoarrak eta aljeriarrak dira gehienak. «Batzordeak Turkiarekin elkarlana areagotu du, eta Greziatik Turkiara kanporatutako migratzaile kopuruak erakusten ditu kooperazio horren etekinak», adierazi du Dimitris Avramopulos EBko Migrazio eta Barne komisarioak.
Astelehenean bilkura egingo dute EBk eta Turkiak, elkarlan hori lantzeko. Ondoren, 28 kideak bilduko dira bakarrik, Europaren estrategian irekitako auziak eztabaidatzeko. Besteak beste, errefuxiatuak kideen artean birkokatzeko mekanismoaren eraginkortasunik eza izango dute hizpide. 160.000 errefuxiatu jasotzeko konpromisoa hartu zuten, baina soilik 500 bat hartu dituzte oraindik. Hain zuzen ere, Norvegiak iragarri du Greziara eta Italiara iritsitako 1.500 errefuxiatu eta Siriatik ihes egindako beste 3.000 lagun hartuko dituela.
Eztabaida politiko handia eragin du errefuxiatuen krisiak Europako herrialdeetako barne politikan zein nazioarteko aferetan. Hainbat eragilek aurkariak zikintzeko erabili dute auzia. NATOren kasua da horietako bat. Aliantzako Europarako buruzagi Philip Breedlovek Siriari eta Errusiari leporatu die iheslariak Europa ahultzeko erabiltzea. Horrez gain, beldurra zabaldu nahi izan du militarrak, iradokiz gaizkileak, borrokalariak eta estremistak nahasi direla iheslarien artean.
(Puede haber caducado)