Iheslariak Mazedoniako hesia botatzen saiatu dira

Zortzi mila iheslari daude Grezian muga ezin zeharkatuta. Ateak ixteko erabakiak tentsioa lehertu du. NBE: «Ankerkeria da hesiak altxatzea»

Berria, Ander Gartzia Badiola, 01-03-2016

Greziatik Mazedoniara bidean milaka iheslarik egin dute topo muga ezartzen duten harresiekin. Tentsioak eztanda egin zuen atzo goizean Gevgelija (Mazedonia) herritik gertu, ehunka errefuxiatu alanbrezko hesia botatzen saiatu zirenean bidea egiteko. Mazedoniako Poliziak negar gasa erabili zuen iheslariak urrunarazi eta bidea ixteko.

Mazedoniako Gobernuak mugak ixteko hartutako erabakiak sumindu zituen iheslariak. Igande gauean zazpi orduz egon zen zabalik, eta 500 iheslari siriar eta irakiarrek lortu zuten gurutzatzea. Bi nazionalitate horietako pasaporteen jabe direnek besterik ez dute baimenduta Mazedoniarako sarrera. Halere, gutxik hartzen dute Mazedonian geratzeko erabakia; errefuxiatuentzat Mazedoniako Gobernuak lagatako aterpe bakarra Gevgelijan dago, eta azken egunetan ez du inork ostatu hartu bertan. Hesia gaindituta, errefuxiatu gehienek Serbiara jotzen dute, hortik Kroazia, Eslovenia eta Hungaria zeharkatu eta bi helburu nagusietara iristeko: Austriara eta Alemaniara.

Egoerak okerrera egin du Grezia eta Mazedoniaren arteko mugan. Idomeniko muga-postuan —Greziako lurretan—, zortzi mila lagun daude aurrera egin ezinik. Eguneko ordu gutxi batzuetan baino ez dituzte ateak zabaltzen. Izan ere, Skopjeko eta Belgradeko gobernuak elkarlanean ari dira, Europako iparralderuntz doan jende jarioa mantsotzeko. Protesta gisa, hainbat migratzaile eta iheslarik bi herrialdeak batzen dituen trenbidea okupatu zuten. Idomeniko kanpalekuan 1.500 iheslarirentzako lekua dago, eta liskarrak piztu dira oheak banatzeko garaian.

Zeid Raad Al-Husein Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen buruak ankerkeriatzat jo du iheslariei hesiak altxatzea. «Presaz eskatzen diet herrialdeei haziz doan xenofobia gera dezaten», gehitu du Al-Huseinek.

Suitzarrek, ezetz

Suitzarrek ezetza eman zioten igandean UDC Suitzako alderdi xenofoboak egindako proposamenari. Delitu larriak egiten dituzten atzerritarrak kanporatzeko legea gogortu nahi zuen UDCk. %58,9k kontra bozkatu zuen. 2010ean egindako erreferendumean, aldiz, %52,9k babestu zuen UDCk «atzerritar kriminalak kanporatzearen alde» aurkeztutako proposamena.

Kirchhundem herrian (Alemanian), berriz, hainbat ezezagunek su eman zioten atzo iheslarientzako eraikitzen ari diren aterpetxe bati. Lau aldiz egin diote eraso eraikinari, eta joan den abenduaz geroztik bigarren aldia da su eman diotela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)