Grezia, anabasaren atarian

Balkanetako estatuek mugak itxi dituzte, eta 30.000 bat iheslari Grezian harrapatuta geratu dira. NBEk ohartarazi du giza hondamendiaren atarian dela herrialdea. EBk plan bat iragarriko du gaur

Berria, Adrian Garcia, 02-03-2016

Presio eltze bihurtu da Grezia. Lehertzeko lehen zantzuak dituen eltzea, barruko lurruna kanporatzeko zirrikiturik utzi ez diotena. Krisi ekonomiko latz bat sufritzen egonagatik, beste krisi global baten erantzukizun osoa bizkar hartzera behartu du Europak. Errefuxiatuen krisia dela eta, milaka eta milaka lagun iritsi dira herrialdera, baina ibilbidea jarraitu ezinik daude, Balkanetako herrialdeek mugak itxi baitizkiete. Ondorioz, 30.000 lagun daude Grezian harrapatuta, ez atzera ez aurrera egiteko aukerarik gabe. Alarma gorria piztu du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak: giza hondamendi baten atarian da herrialdea.

Aurreko astetik Austriak, Kroaziak, Esloveniak —EB Europako Batasuneko kideak— eta Mazedoniak eta Serbiak mugak jarri dizkiote pertsonen zirkulazioari. Igandetik muga guztiz itxi du Mazedoniak, eta ez da iheslaririk igaro azken egunetan. Mazedoniako Poliziak iheslariei gogor jazarri zien herenegun.

Estatuen alde bakarreko erabakiek, ordea, Grezia bakartuta utzi dute, itota. UNHCRen datuen arabera, 30.000 iheslari daude Greziatik atera ezinik. 8.000 lagunetik gora daude Idomeni kanpalekuan, Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugaldean, eta beste 3.000 daude kanpaleku horren ondoan behin-behinean eraikitako beste bi guneetan.

Save the Children erakundeak salatu duenez, 2.500 adingabe daude blokeatuta Idomenin. «Mugak itxita, eta afganiarrak eta nazionalitate gehienak gurutzatzeko duten debekuarekin, gero eta ume gehiago dira nora ezean daudenak, abandonaturik», ohartarazi du Goran Bilic Save the Childreneko ordezkariak.

Egoera ez da askoz hobea Atenasen eta Pireoko portuan. Harreragune guztiak beteta daude, eta, UNHCRek jakinarazi duenez, errefuxiatuak laguntzeko elkarteak gainezka daude; Pireoko portuan ez dute elikagai nahikorik iristeko dauden iheslari guztientzat. Lesbos eta beste uharteetako errefuxiatuak portu horretan lehorreratzen dituzte, izena eman ondotik. 6.000 bat daude egun Lesbosen, Migrazio Ministerioak albiste agentziei adierazi dienez.

Neguaren zakartasunak Mediterraneoko zeharkaldiak gutxitu arren, ez du iheslarien babes hartzeko premia gelditu. UNHCRen datuen arabera, urteko lehen bi hilabeteetan 122.000 lagun sartu ziren Grezian. Iazko lehen sei hilabeteetan, ordea, 129.000 izan ziren.

Atenas, bakartuta

Greziako lehen ministro Alexis Tsiprasek Europari eskatu dio «erantzukizunak partekatzeko», herrialdearen «eragiteko ahalmena» gainditu dezakeelako krisiak laster. Izan ere, Europak bakartuta utzi du Grezia; Schengenetik kanporatzeko mehatxatu dute EBko kideek, Turkiarekiko itsas muga behar bezala ixten ez duela argudiatuta. Bestalde, joan den astean Austriak eta Balkanetako bederatzi estatuk bilkura bat egin zuten, eta errefuxiatuak geldiarazteko estrategia hitzartu zuten, Grezia kontuan hartu gabe. Gainera, Greziara eta Italiara iritsitako 160.000 iheslari batasuneko kideen artean birkokatzeko konpromisoa ezerezean geratu da.

Greziako larrialdiari aurre egiteko Europako Batzordeak plan bat aurkeztuko du gaur. Bruselak ez du datu zehatzik eman, baina Wall Street Journal egunkariaren arabera, hiru urtean 700 milioi euroko funts bat ezar dezake, batez ere Greziari laguntzeko.

Dirua jarri bai, baina ez dirudi Balkanetan harrapatutako errefuxiatuei giza korridore bat irekiko dietenik. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak dagoeneko esan du ez duela iaz bezala jokatuko; Hungarian harrapatuta geratu ziren ehunka eta ehunka iheslariei ateak ireki zizkieten Austriak eta Alemaniak. Haatik, CDU alderdi kontserbadoreak kritika ugari egin zizkion Merkeli, eta iheslariekiko jarrera errotik aldatu du. «Alderaezinak dira bi egoera horiek».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)