Eztabaida gela
«Segregazioa» dago eskola publikoan?
Eskola publikoen eta hitzartuen arteko «desorekaren» erantzunletzat administrazioa jo dute Idigorasek eta Oterok. Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia
Berria, , 28-02-2016Euskal eskola publikoa, guztiona
Aitor Idigoras. Steilaseko ordezkaria
Aspalditik datorren egoera jasanezin batek gainezka egin du. Gasteizko Herri Ikastetxe guztiek, sindikatu guztiek eta jendarte mugimendu anitzek Gasteizko Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma sortu eta beronek bizi duen egoera salatu dute. Erpin asko dituen kontua da, baina garbi izan dezagun ez dela berez sortutako egoera natural bat; eskola hauek bizi duten egoera ez da berauek kokatuta dauden auzoen isla. Alabaina, egoera zailean dauden ikastetxe hauetako familiek, kasu gehienetan behintzat, beste aukerarik izan ez dutelako aukeratu dituzte eskola hauek. Baina zergatik heldu gara hezkuntza sare dual bat izatera? Zergatik guztion diruaren hornitutako ikastetxeen arteko zatiketa hori? Zergatik hiratar batzuk ikastetxe batzutara eta besteak bestera?
Arazo nagusia, ikasleen onarpen araudian dago, ez baititu baldintza berdinak ezartzen sare publikorako eta itundutako ikastetxeentzat: itundutako sarean onarpen prozesua bi urteko geletarako egiten da, herri ikastetxeetan bezala, baina gela horiek itunduak ez direnez (diru laguntzak beste leku batetik ematen dizkio administrazioak) nahi dituzten joko arauak jartzen dituzte. Adibidez, derrigorrezko erlijio katolikoa edo nahi adinako kuotak bi urteko geletan (500 euro hilabetero kasuren batean). Modu honetan itundutako ikastetxe pribatuek, administrazioaren oniritziaz, lehenengo filtroa ezartzen dute.
Itundutako ikastetxeetako Eskola Kontseiluek emandako puntuak, kooperatibista izatearen kontua, baremoetan errentak duen pisua… puntu hauetako bakoitzak helburu bera du, ikasle mota jakin baten eskolaratzea ekiditea alegia, hori baita ikastetxe pribatu gehienen leitmotiva-a: homogeneizazioa, berdinen arteko hezkuntza, beste klase sozial edo jatorri ezberdineko familiekin elkartu nahi ez izatea. Guztion diruarekin ordaindu behar al ditugu ekimen pribatu hauek? Diru laguntzak justifikatzen dituen zerbitzu soziala betetzen ari dira?
Eta hezkuntza sarearen erdiak jarrera hori duenean, beste erdiak ondoriak jasaten ditu. Aipatutako guztiari administrazioaren jarrera gehitzen badiogu, subsidiaritate egoeran geratzen da leku askotan eskola publikoa. Eta hori da, hain zuzen ere, Gasteizeko Plataformak salatu duena. Errealitate hau ez dugu soilik Gasteizen bizi, herri eskolak eta pribatu itunduak elkarbizi diren leku orotan gertatzen da. Gurean, beste inon baino nabarmenago gainera.
Ez da ostrukak egiten duena egiteko garaia, aurre egin behar zaio egoera jasanezin honi. Horretarako, borondate politiko irmoa eta kontrol bide zorrotzak behar dira. Ez dago besterik.
Zer egiten dugu ikasle etorkinekin?
Kepa Otero. Pedagogoa eta SOS Arrazakeriako kidea
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eman berri dituen azkeneko datuek erantzun zabal bezain erabatekoa eragin dute gizartean. Datu horien arabera, Gasteizko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 19 ikastetxetan ?sare publikoko 18tan eta itunpeko batean?, ikasgelaren batean atzerritarrak dira ikasleen %30; eta horietatik 4tan, %80 baino gehiago dira.
Ez da langintza erraza halako egoera baten arrazoiak aztertzea. Gogora ekarri nahi nuke ezen Eusko Jaurlaritzak jada 2003an ?nik oroitzen dudanez? eta gero, berariaz, 2005ean orduko Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek hitzemana zutela 2010erako berdindua egongo zela sare bietan immigranteen eta autoktonoen ?nolabait esatearren? kopurua. Zerbait ez bide dute ongi egin, Eskolatze Batzordeek edo ez dakit nork, ikasle atzerritar gehienak sare publikoan baititugu oraindik ere. Horrekin badu zerikusirik hizkuntza ereduen araberako bereizketari eta bi hezkuntza sareri beren hartan iraunarazi izanak.
Urte askoan gabiltza, bada, segregazioari eta ghetto bihurtzeari buruzko eztabaidarekin. Gure eskoletan ikasle atzerritarrekin zer egin eztabaidatzen. Hizkuntza ereduek, eta sare publikoko eta itunpeko ikastetxeetako hezkuntzaren arteko bereizketa are kezkagarriagoak ez ezik, beste hainbat eragilek ere ekarri dute halako egoera bat. (Aipa dezagun, esate baterako, eskola publikoan sartu ahal izateko jarria duten baremoa, zeina ez baita batere berdintasunezkoa. Ezin da segregazioaz hitz egin, eta errentarik apalenak saritu matrikula egiteko orduan. Zerbaitek huts egiten du hor.)
Baina beste galdera batzuk egin beharra dago: zeri esaten diogu ghetto? Zeri esaten diogu segregazio? Galdera horiei erantzun baino lehen, jakina, mundu guztiak dakien hori salatu beharra dago: itunpeko ikastetxeek besteratu egiten dituztela matrikulak eta hainbat trikimailu erabiltzen dituztela ikasle atzerritar askorik ez izatearren.
Ghettoak eskolaz gaindiko gizarte errealitate bati erantzuten dio; hiri batzuetan, zenbait auzotan pilatzen dira pertsona pobreak (besteak beste, immigranteak), eta auzo horietako eskolek gizarte errealitate horri erantzuten diote (ezin ukatuko dut badagoela tokiko pertsonen ihes efektu moduko bat ere, pobretasunaren biltoki diren eskoletan). Horregatik diot eskolak ingurumarian daukan gizarte errealitateari erantzuten diola hein handi batean, haren oinordeko baita. Batzuetan, iruditzen zait testuingurutik kanpo gabiltzala eskolari aldaketa eske arituta, ez baitzaio beste horrenbeste eskatzen gizarte inguruneari; hor, herrenka dabil zerbait. Oro har, esan liteke pobretasunaz ari garela ghettoaz ari garelarik. Bestelako pilaketarik gertatzen bada, ez gara ghettoez ari.
Lehen ere esana dudanez, bada, urte askoan gabiltza eztabaida honekin, eta neure bururari hauxe galdetzen diot: zein irteten da galtzaile? Oro har, nago neska-mutiko atzerritarrak direla galtzaile, batetik, eta immigranteen taldea, eskuarki, bestetik. Banatzeaz ari garelarik, badirudi desiragarri ez den zerbaitetaz ari garela, immigranteak banatzean enbarazu egiten duen zerbait banatzen ariko bagina bezala. Pentsatu behar dugu muinean eskubide guztiak dituzten pertsonez ari garela, eta, hain zuzen ere, immigranteen taldea da eztabaida horretako galtzailea, atzerritartzat jotzen baitira pertsonatzat jo baino lehen.
(Erredakzioan itzulia)
(Puede haber caducado)