Itunpeko sarean dauden etorkinen seme-alaben ehunekoa urritu da EAEn
Uriarte sailburuak esan du orain dela bost urte sendi etorkinetako haurren %30,2 itunpeko ikastetxeetan zeudela; txikitu egin da orain ehunekoa: %27,5 dira. Neurri eraginkorragoen premia aitortu du
Berria, , 01-03-2016Nahi eta ezina aitortu zuen atzo, Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek. EH Bilduk eta PPk halaxe eskatuta, argibideak eman zituen etorkin familietako seme-alaben eskolaratzeari buruz, eta aitortu zuen ezin asmatu ari direla horiek hezkuntza sare guztian era egokian txertatzeko ahaleginetan. Aspaldiko kezka da ikasle horiek ez direla usu itunpeko sarera iristen, eta, are gehiago, sarri salatzen da ikastetxe bakan batzuetan pilatzen direla hainbatetan: sare publikoan, sarriegi. Iragan otsailaren 15ean bertan, egoera horren inguruan ohartarazteko batu ziren hainbat familia —sindikatuen babesarekin—, Gasteizen. Eta Uriartek berak atzo ahotan hartutako datuek erakusten dute ikasle etorkin gehienak sare publikoan daudela, eta are kezkagarriagoa dena: okerrera ari dela egoera. Publikoan zeuden orain dela bost urte ikasleen %69,75, eta %72,4 dira egun; itunpekoan, kontrako bidea: familia etorkinetako umeen %30,25 hartzen zituzten orduan, eta %27,52 dira orain. «Ezin da pozik egon egoera horrekin; kezkatzeko modukoa da».
Herrialdeka, esan zuen Araban dagoela «desorekarik» handiena: eskola publikoak hartu zituen iaz familia etorkinetako ikasleen %85,9, eta itunpekoak %14. Bizkaian daude zifrak orekatuen: %67,33 sare publikoan, %32,57 itunpekoan. Gipuzkoa, erdian: eskola publikoetan daude familia etorkinetako haurren %68,8, eta itunpekoetan %31,20. Itunpeko sarearen barruan, gainera, aldeak daudela erakusten duten datuak aurkeztu zituen Uriartek: eskola katolikoek etorkinen haur gehiago hartzen dituzte. 2014-2015eko ikasturtean, esate baterako, itunpekoan ari ziren sendi etorkinetako umeen %69 Kristau Eskola sarean ari ziren.
Euskadiko Eskola Kontseiluak eta EAEko Arartekoak gaiaren inguruan hainbat ohartarazpen egin dituztela adierazi zuen, eta lanerako borondatea besterik ezin dela erakutsi horiek ikusita. «Ikasle etorkinak ikastetxeetan oreka handiagoz banatzeko lanean jarraitu behar dugu. Baina ez etorkinak banatzeko, baizik eta ikastetxeetan aniztasun handiagoa izateko». Orain arte hartu ez diren «neurri espezifiko batzuk» beharrezkoak izango direla adierazi zuen, eta martxan direla hainbat moldaketa. Eskola mapetan, esaterako, hainbat eraldaketa egin direla azaldu zuen, erroldatze agirian «iruzurrak» eragozteko neurriak hartu direla, eta Hamaika Esku programa martxan dagoela hainbat ikastetxetan.
Gogoeta sakonagoaren beharra agerian utzi zuen EH Bilduko ordezkari Belen Arrondok. «Orain arte ez da neurri eraginkorrik hartu, edo ez da asmatu», deitoratu zuen. Itunpeko eskola zenbaitek ezartzen dituzten kuotak gaitzetsi zituen, esaterako. «Zenbait eskolatan kuota oso handiak jarrita, ateak ixten dira; horri buruz ere hitz egin behar da». Eskoletako erlijio irizpideek zenbait etorkin familiarentzat dakartzaten mugez eta hizkuntz ereduez mintzatu gabe ere, gainera, gaiari ezin zaiola errotik heldu salatu zuen. PPko ordezkari Iñaki Oiartzabalek kezka azaldu zuen arazoan atzera egin delako: «Legealdi honetan okerrera egin da».
(Puede haber caducado)